El bardo antzerki konpainiak ‘Presas’ taularatuko du larunbatean Beran

El bardo antzerki konpainiaren Presas antzezlana ikusgai izanen da azaroaren 19an, larunbatean 19:00etan Berako kultur etxean. 14 urtetik goitikoei zuzendutako lana gaztelaniaz taularatuko dute. Berako Kultur Batzordeak eta Berako Udalak, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz antolatutako emanaldira sartzeko 6 euro ordaindu beharko da (aitzinetik salgai Agara prentsa dendan).

Sinopsia

Presas emakumezkoen espetxe batean gertatzen da, Espainiako lekuren batean, 40ko eta 50eko hamarkaden artean. Espetxean nekez bizi dira bederatzi emakume, hau edo hura egin izanaz akusatuta: lapurreta, prostituzioa, adulterioa, delitu politikoa eta bertze. Espetxea mojek gobernatzen dute.

Bertzelako pertsonaiak ere badira, hala nola espetxeko zuzendaria, emakume espetxeratu baten abokatua, medikua, apaiza eta presondegiko maisua. Honatx istorioaren hasiera: emakume bat San Perpetuoren Jubileuaren ospakizunetik egun gutira espetxeratu dute. Jubileu hori dela eta, hamar urtean behin, apezpikuak emakume espetxeratuetako bat indultatzen du.

Egileak: Verónica Fernández, Ignacio del Moral
Zuzendaria: Montse Zabalza
Musika: Txema Garcés
Argiztapena: Jose María Ballesta
Antzezleak:
PresoakNoemí Alcalá, Imelda Casanova, Raquel Cuartero, Elvira Echeverria, Ana Mar Garzón, Rosa Nagore, Iranzu Parra, Koki Villacorta, Laura Virué
Monjak: Carmen Martínez, Noelia Rueda, Elena Uriz
Espetxeko langileak: Manolo Almagro, Pablo Asiain, Txuma García, Fermín Rodrigo, Jeser Zalba

‘Presas’ emakumezkoen espetxe batean gertatzen da, Espainiako lekuren batean, 1940-1950 artean.

Esteka honetan duzue antzezlanaren dossierra.

DOSIER PRESAS

PIO BAROJA. BERE JAIOTZAREN 150. URTEURRENA. EKITALDIAK BERAN.

Pio Baroja idazlea jaio zela, 150 urte beteko dira abenduaren 28an.

Bi ekitaldi antolatu ditu Berako udalak:

1.- Abenduaren 14ean, liburu aurkezpena eginen da Beralandetan.
“Pio Baroja, el hombre que vino del mar” (José Andres Álvaro Ocariz & María Mercedes Marta Abreu). Gaztelaniaz.
(Deialdi oharra txertatu).

2.- Abenduaren 16,17 eta 20an: “Pio Baroja interpretazio artistikoa”, Larraitz Ugartemendiak gidatua.

Larraitz Ugartemendia, Irungo Pio Baroja institutoan aritzen da irakasle batxiller artistikoan. Bertan Berako gazte batzuk ere ikasten dute.
Planteatzen dena Irungo institutoan hasitako lan artistikoaren jarraipen bat da, Irunen hasi, eta Beran bukatuko delarik.

“Pio Baroja interpretazio artistikoa” lona batean egindako sormen artistikoa da, bertan argazki muntaia eta margoa batuko dira. Arte lan hau Berandetako fatxadan kokatuko da.

Argazki muntaian bere garaiko Pio Baroja irudikatu nahi da. Duela 150 urteko Pio Baroja alegia.
Kolorea monokromatikoa izango da. Txuri-beltzekoa alegia. Honen ondoren, inprentan irudia inprimatuko dute. Gero irudi horien gainean esmalteko pinturarekin margotuko da. Gaur egungo ikuspegi artistikoa ezarri nahi da. Pio Baroja ezagutuko bagenu bezala, bere barruko sentimenduak eta izaera kolorearekin interpretatuz. Ordungo Pio Baroja eta gaur egungo artistaren ikuspegia batzea izango da artelanaren gakoa.

Egunez eguneko egitaraua hau da:

Abenduaren 16an ortzirala,  goizeko 9tatik 13:30tara Irungo Pio Baroja ikastetxeko 2. batxilergo artistikoko ikasleak lona margotzen hasiko dira. Arratsaldez Larraitz Ugartemendiak lana aurreratzen jarraituko du.

Abenduaren 17an larunbata, 10:30tatik 13:30tara arte lana margotzen bukatuko da. Hortarako Berako jendarte guztia gonbidatua dago, lan honetan parte hartzera. Hemendik dei berezi bat egiten dugu jendea animatuz. Parte hartzeko ez da zertan margo lanetan aditua izan behar.

Abenduaren 20an asteartea, 17:00etan arte lanaren inaugurazioa eginen da. Performance estiloko emanaldi bat eskainiko da musika eta hitzak partekatuz.

Pio Barojak Beran zinegotzi izateko egindako ahaleginak eta bere hautagai- zerrendako kide batzuen eginkizuna 1936ko uztailaren 23an askatu zutenean

FERNANDO MIKELARENA HISTORIALARI BERATARRAK, Sancho el Sabio Euskal Ikerketa Aldizkarian, 45. zenbakian argitaratutako lana. 2022-12-09

Artikulu honetan, lehenik eta behin, Pio eta Rikardo Barojak Beran zituzten lagunak
aztertzen dira, 1912az geroztik Itzea etxetzarrean bizi ziren herrian, baita herriko jen

dearekin eta udal agintariekin zituzten harremanak ere. Bigarrenik, Pio Barojak Beran

zinegotzi izateko 1920an eta 1922an egindako bi saiakerak aztertzen dira, biak porrot

eginda, baita bere hautagaitzako kideen profila ere. Hirugarrenik, 1936ko uztailaren

23an, aurreko arratsaldean Donezteben atxilotu eta espetxeratu ondoren, Pio Baroja

askatu zutenean lankide haietako bik izandako jokabidea aztertzen da, nahiz eta aspal

didanik haietako batekiko, karlismoaren gizon poteretsua, harremana negatiboa izan
.

Azpiko estekan klikatuz ikusi dezakezue artikulu osoa.

Pio Baroja zinegotzi Beran

‘Joxe Mari Ezkerra, XIX. mendeko bertsolariaren misterioa’ hitzaldia egin da Beran. 2022-12-02

Aurten ere ‘Uscaldunac garen ezquero‘ ekimenaren barrenean solasaldia antolatu dute Berako Udaleko Kultur Batzordeak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak elkarlanean. Solasaldia Beralandetan izan da, ortziralean, abenduaren 2an, 18:00etan, Joxan Elosegiren eta Aitor Errazkinen eskutik.

Elosegik eta Errazkinek Ezkerra bertsolaria ikertu dute, eta haren ibilbidearen eta bizitzaren gaineko informazio aunitz bildu dute. Ezkerra XIX. mendearen lehen zatian Euskal Herriko bertsolari garrantzitsuenetariko bat izan zen. Beratarra zela gaur-gaurkoz ezin ziurtatu bada ere, badirudi zantzu fidagarrienek hori diotela. Bertsolari oparoa izan zen, eta solasaldian haren zenbait bertso sorta ere ezagutzera eman dituzte.

Berako udal artxiboan gordetako 1882ko eskuizkribu baten aitzakian hasi ziren antolatzaileak hitzaldiak eta bertzelako ekitaldiak antolatzen. Eskuizkribu hori orain arte euskaraz aurkitutako testu administratibo bakanetakoa da, eta horren edukiak eta  xehetasunak ikertzen ibili ziren Ekaitz Santiziliak eta Mikel Tabernak eskaini zuten lehen hitzaldia. 2021ean ekimenaren ardatza oikonimia izan zen, hau da, etxeen izenak. Orduko hartan Etxe izenak: ezaugarri orokorrak eta Berako erabilera hitzaldia eskaini zuten Paxkual Rekalde eta Andres Iñigo euskaltzainek, eta Oskar Alegriaren Emak bakia dokumentala ikusteko aukera izan zen.

Etxalarren eta Beran moldatutako barrakoiak ikusteko bisita, eta fusilatuei omenaldia egin dituzte. 2022ko abuztuaren 29an

Abuztuaren 15ean hasi eta 30era bitartean, Beran kokatutako barrakoi-sail bat eta Etxalarren kokatutako metrailadore-habia bat berreskuratu eta dokumentatzeko lanean aritu dira 18 eta 27 urte bitarteko 24 gazte. Auzolandegian garbitutako eremuak ikusi, eta jendeari erakusteko asmoz bi leku horietara bisita antolatu dute astelehenerako, abuztuaren 29rako

11:00etan Etxalarren egin dute hitzordua eta bertan Lizarietako gainean konpondutako metrailadora-habia erakutsi dute.

Ondotik, Berara joan dira, eta  Agerran dagoen Argaitzeko harrobian fusilatutakoen senitartekoei omenaldia eskaini diete. Argaitzeko harrobian 1936ko irailetik azarora bitartean 130 disidente politiko baino gehiago fusilatu zituzten, gehienak Donostiako Ondarretako kartzelatik ateratakoak. Omenaldira fusilatutakoen senitartekoak gonbidatu dituzte.

Omenaldiaren ondotik, 13:00etan Berako Suspela auzoan konpondu duten barrakoira joan dira, eta bertan egindako lanak erakutsi dituzte.

Omenaldia eta bisita herritar guztiei irekiak izan dira. Gainera, bi horietan parte hartu dute bertzeak bertze bi herrietako agintariek, Nafarroako Memoriaren Institutuko ordezkariek eta baita Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako Kontseilariak eta Javier Remirez  Nafarroako Gobernuko Lehendakariordeak eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Kontseilariak.

Azken egunetan berritutako egitura horiek guztiak Pirinioen Defentsarako Erakundean kokatuta daude, Francoren diktadurak bultzatutako proiektu zabal bat da hori, Pirinio guztietan zehar Espainiako muga frankoa milaka bunkerrekin gotortu nahi zuena, Kantauriko kostaldetik Mediterraneoraino. Pirinioetako gotortze lanak 1939ean hasi eta 50eko hamarkadara arte luzatu ziren, eta eraikitzeko Langileen Batailoietan kokatutako eskulan behartua eta ondotik ordezko soldaduak erabili zituzten, faseen arabera.

erran.eus