Baztan-Bidasoaldeko bortz ikastetxek bat egin dute ‘Memoria duten Eskolak’ programarekin

Eskualdeko bortz ikastetxetako zuzendariak, Nafarroako Gobernuko Ana Ollo kontseilariarekin eta bertze ordezkariekin.

Nafarroako Gobernuko Ana Ollo kontseilaria ikastetxeetako zuzendariekin Bertizen bildu ondotik, ‘Babesaren muga’ eskultura bisitatu du astelehen goizean Elizondon

Berako Toki Ona institutua eta Labiaga Ikastola, Elizondoko Elizondo Lanbide Eskola, Lekarozko Lekaroz BHI eta Doneztebe  Mendaur DBHI ikastetxeak Memoria duten Eskolak programaren parte dira irakasleen prestakuntza sustatzeko eta ikasleen artean memoria belaunaldiz belaunaldi transmititzeko jarduerak egiteko.

Nafarroako Oroimenaren Institutuak 2016. urtean abian jarri duen programaren barrenean, Baztan-Bidasoa eskualdean hainbat proiektu garatu dituzte azken urteotan, erbestean eta «muga gotortua» deritzonaren oroimena berreskuratzeko, inguruko bunkerrak berreskuratuz.

Ikastetxe horiei esker, Erratzuko bunkerrekin zerikusia duten proiektuetan eta eskualdeko erbesteratuen inguruan lan eginen da, Elizondo Lanbide Eskolaren eta Lekaroz Institutuaren kasuan. Berako Toki Ona BHIk “Bidasoako deportatuen erakusketa” programa garatuko du, Gerra Zibilaren ondotik eta Bigarren Mundu Gerran Frantzian eta Alemanian kontzentrazio-eremuetara erbesteratu zituzten pertsonen inguruan.

Bertzalde, Berako Labiaga Ikastolak memoria historikoa belaunaldi gazteenengana hurbildu nahi du, Lehen Hezkuntzako ikasleekin eta DBHko lehen zikloarekin lan eginez. Doneztebeko Mendaur DBHIak laster bat eginen du programarekin. Emakumearenganako errepresioaz ariko dira, eta Juana Josefa Goñi Sagardiaren oroimenean jarriko du arreta. Donamarian, Gazteluko leizera botatako zazpi seme-alabetako seirekin batera hil zuten Joana Josefa Goñi Sagardia.

Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria bortz ikastetxeetako zuzendariekin bildu da astelehen goizean Bertizko jauregian: Igor Arruabarrena Rezola (Toki Ona), Mikel Iriarte Antxorena (Elizondo Lanbide Eskola), Iñaki Beltran Gallego (Lekaroz Institutua), Maite Elgorriaga Errandonea (Labiaga) eta Bihotz Unanua (Mendaur). Martín Zabalza Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia eta Josemi Gastón Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendaria ere ekitaldian izan dira.

‘Babesaren Muga’ eskultura

Baztan-Bidasoaldeko bortz ikastetxeetako zuzendaritzekin elkartu ondotik, Ollo kontseilariak, Joseba Otondo Baztango alkatearekin batera, Babesaren muga eskultura bisitatu du Elizondon. Eskultura hori indarkeria frankistatik ihesi erbesteko bidea hartu zuten pertsonen omenez paratu dute, baita pertsona horiek babesteko sortu diren elkartasun-sareen oroimenez ere.

Mikel Iriartek egindako ‘Babesaren muga’ eskultura, Elizondon.

Eskulturak, bere konposizioarekin erbesteratutako pertsona bat iradokitzen du, bere jatorritik kanpoko lurralde batean bizi dena. Mikel Iriarte eskultorearen lana da, eta udaberrian inauguratzea aurreikusten da, pandemiak uzten badu, Nafarroatik erbesteratutako pertsonei eta haien familiei omenaldia eta erreparazioa eginez.

Erran.eus

Hamasei beratarrek jasan zuten kontzentrazio esparruen ankerkeria

Ttipi-Ttapa 2015-05-22

Mauthausen 1942-1944 presoen kontaketa momentuan ateratako argazkia.

Bigarren Mundu Gerrako biktimak oroitzeko mozioa onartu du Berako Udalak

70 urte bete berri dira II. Mundu Gerra bukatu zela 184 euskal herritar erail eta ehunka atxilotuta eduki zituzten nazien kontzentrazio esparruetan, tartean beratarrak. Horietako gehienak frankismotik eskapo joan ziren Ipar Euskal Herrira eta han nazien eskuetan erori ziren. Bi diktaduren biktima izan ziren. Memoria historikoa berreskuratu, justizia eta erreparazioa egiteko bidean, Berako udalak, urteurren honen aitzakian, gogora ekarri nahi izan ditu II. Mundu Gerran deportatu, desplazatu, atxilotu edota erail zituzten euskal herritarrak, eta bereziki, beratarrak.

Datu guztiak biltzeko zailtasunak dauden arren, gutienez hamasei beratarrek pairatu zuten kontzentrazio esparruen ankerkeria. Alemaniako kontzentrazio esparruetan izan ziren Eugenio Alli Ferrero, Antonio Clemente, Jose Rubio Delgado, Francisca Usandizaga eta Victor Garcia-Serrano Retegi eta Gurseko kontzentrazio esparruan (Biarnon preso kontu zituzten 6.555 euskal herritarren artean) Isidoro Fagoaga tenore ospetsua, Faustino Alli Ferrero, Tomas Apat Telletxea, Severo Apat Telletxea, Saturnino Apat Telletxea, Saturnino Garbala Ardanaz, Eugenio Garcia de la Lastra, Jose Garcia Fernandez, Francisco Jauregi Telletxea, Jose Sanchez Telletxea, Jesus Telletxea Ordoki eta Juan Vallejo Corrales. Batzuk aske utzi zituzten, bertze batzuk erail eta bertzeak desagertu eta onik atera ziren edo hil ote zituzten daturik ez dago.

Berako Udalak onartutako mozioaren arabera, Frankismoaren eta nazismoaren biktima izan ziren euskal herritar eta beratar guztiak oroimenera ekarri nahi dituzte, «jasandako bidegabekeria, sufrimendu eta erailketa injustuak salatzearekin batera». Nazismoaren eta frankismoaren biktima izan zirenek egia, justizia eta erreparazioa izateko duten eskubidea aitortu eta Alemania eta Espainiako estatuei aitorpen hori egiteko exijitu die Udalak eta horrelakorik berriz gerta ez dadin, «gizarte bakezale, berdinzale eta justuago bat eraikitzeko konpromisoa» berretsi du. Berako espazio publikoan biktima horiek guztiak gogora ekarriko dituen aipamen edo oroigarri bat paratzeko konpromisoa ere hartu du Udalak.

‘Bidasoko deportatuak’ erakusketa ibiltaria irekiko dute Beran urriaren 16tik azaroaren 1era arte

‘Bidasoko Deportatuak’ erakusketaren berri eman dute Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko Peli Lekuonak eta Aitor Elexpuru Berako alkateak.

 

Egin klik azpian eta ikusi dossierra.

Bidasoko Deportatuak _ Erakusketa Ibiltaria dossier (1)

Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkartearen eskutik, Berako udalaren laguntzaz, ‘Bidasoko deportatuak’ erakusketa ibiltaria irekiko dute Berako Kultur Etxean urriaren 16tik azaroaren 1era arte. Ortzegunetik igandera irekiko dituzte Kultur Etxeko ateak, ortzegun eta ortziraletan 17:00etatik 19:00etara eta larunbat eta igandetan 11:00etatik 13:00etara.

Erakusketaren berri eman dute astearte goizean Beralandetan Peli Lekuona Arruabarrena, Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko idazkariak eta Aitor Elexpuru Egaña Berako alkateak.

Peli Lekuonak azaldu duenez, «deportazioa pertsona edo pertsona talde bat herrialde batetik gogoz kontra kanporatzea da. Zigor gisa, isolatze edota esklabotasun helburuekin baliatu izan da deportazioa. Hainbat kasutan xede etniko edota erlijiosoez bultzatuta. Historikoki, edonolako giza talde baten deportazioa, ekintza segregazionistatzat jo da eta hauek gehiegikeria eta genozidioa izan dute helmuga».

Lekuonaren erranetan, «Bigarren Mundu Gerran, naziek judutarren aurka baliatu zuten bereziki deportazioa, ekintza honetan oinarritzen baita holokaustoa. Atxilotuak euren jatorritik, atxilotze edo akabatze esparruetara bortxaz mugiarazi zituzten. Nagusiki, Polonia, Austria eta Alemanian zeuden kokatuta atxilotze eta akabatze esparruak. Naziek bestelako talde etniko, politiko eta sozialak deportatu zituzten ere, herrialde berriak okupatu ostean, errepresio neurri gisa. Denboraren poderioz ezagutu da deportatuek jasandako tratu anker eta krudela, jasandako gosetea, esklabo lanak edota erailketa masiboak».

 

Bidasoaldetik 94 deportatu eta hauetatik 29 esparruetan erail zituzten

Washington-eko Holocaust Memorial Museum-en Enciclopedia de Campos y Guetos proiektuaren arabera, 42.500 atxilotze gune, akabatze gune, ghetto eta bortxazko lan faktoria egon ziren. Bertan, 15 eta 20 milioi pertsona batu zituzten. Peli Lekuonak aipatutakoaren arabera, «hauen artean badago Bidasoa jatorri duten pertsonak, Hendaia, Irun, Bortziriak edo Hondarribitik deportatuak izan ziren bizilagunak. Zehazki, 94 bizilagun deportatu ziren eta hauetatik 29 esparruetan erail zituzten. Erakusketaren bitartez, fokua Bidasoko bizilagun hauetan jarriko da, deportazioaren baitan jasandakoa azaleratzeko».

Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartearen ustetan, «deportazioa, Hendaian –eta orokorki, Ipar Euskal Herria eta Frantziar Estatuan- landua eta oroitutako materia den bitartean, Bidasoko hegoaldean ezezagunagoa eta gutxi jorratu den gaia da. Honenbestez, deportazioa eskualde mailatik azaldu nahi dugu. Zubi lanak eginez, bailarak duen lotura deportazioaren barnetik xehatuz».

Bidasoko deportatuak proiektuarekin, deportatu bidasotarren bizipena –eta herioa– erakusketa ibiltari batez azaldu nahi da. Abiapuntua, Europako totalitarismoak izanen dira. Horretarako Nazismoa-Faxismoa-Frankismoa zer izan diren azalduko da. Ondotik, nazien kontzentrazio akabatze esparruak zer ziren eta oro har deportazioak zer suposatu. Behin testuingurua eraikita, proiektua eskualdeko deportatuetan, proiektuko protagonistak, sakonduko da.

Erakusketa irekitzeko dokumentala eta solasaldia ortziralean

Aitor Elexpuru Berako alkateak zehaztu duenez, urriaren 16an, ortziralean, 17:30ean abiatuko da erakusketa. «Proiektua aurkeztu ondotik (18:00), bertaratuak areto nagusira lekualdatuko dira, Azken Bidaia dokumentala ikustera. Bertan, Frantxia Alzuet eta Comète Sarearen nondik norakoak azaltzen dira. 1943ko urtarrilean, salaketa baten ondorioz, Bidegain baserriko antolaketa eta bertan atxiloturikoak kontzentrazio esparruetara deportatu zituzten. Emanaldia bukatzean, Enara Goikoetxea, dokumentalaren zuzendariarekin solastatzeko aukera izanen da».

Azken bidaia dokumentala grabatzen 2010ean Lesakako Nabaz auzoko Mairuerregenekobordako atarian.

Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak sortutako erakusketak 27 panelez osatua dago. XX. mendeko erregimen totalitarioetan hasita, deportazioaren testuingurua azaltzen da. Ondotik, Bidasoa inguruko eta Europako esparru nagusien berri ematen da. Azkenik, Bidasoko hainbat deportaturen xehetasunak azaltzen dira.

Ttipi-Ttapa 2020-10-13 

IGUIÑIZ ESTOMBA in memoriam

 

IGUIÑIZ ESTOMBA

Pixkanaka Eusko Jaurlaritzako Artxibo Historikoa, Defentsa Saila Funtsa, zeinen jabea Euskadiko Artxibo Historikoa (BADATOR- DOKUKLIK) den, Espainiako Gerra Zibilan parte hartu zuten gudarien bizipen berriak argitaratzen dabil.

Horiei esker gudan parte hartu zuten gudari beratarren istorioak ezugetzeko gai gara. PNV-STV-ren kide zirenez, batez ere alderdiaren gudarien batailoien parte izan ziren.

Kasu honetan, besteak beste, Iguiñiz Estomba familia goraipatzea komeni da, LORENZO ETA LUIS. Gernika Batailoiari buruzko dokumentalaren kredituetan, batailoi horien kide izanda borrokatu zutenen izenak eta jatorriak ageri diren zerrendan, CARLOS Iguiñiz Estomba izena ageri da. Jaiotza erregistroetan ez da Beran jaiotzat hartzen, hortaz bere gurasoen jaioterria zen Irun hirian sortu zela uste da.

Francisco Iguiñiz Macharena (Biriatou-n jaioa, Irungo José eta Juanaren semea) eta Modesta Estomba Querejetak (Irunen jaioa, eta Irungo Felipe eta Juanaren alabak) gutxienenez Beran jaiotako seme-alaba hauek izan zituzten:

LORENZO Iguiñiz Estomba, Beran, 1910eko abenduaren 19an jaio zen. 1954ko otsailaren 5ean Irúngo parrokian ezkondu zen Elena Agesta Irastorza.

FELIPE, Bera-n jaioa, 1912ko abenduaren 8an.

JOSÉ LUIS, Beran jaio zen 1914ko urriaren 10ean. 1944ko urriaren 25ean, Lesakan ezkondu zen Asunción Mutuberria Jorajuriarekin.

JOSEFA, Beran jaio zen 1916ko urriaren 20an.

MARÍA DEL CARMEN, Bera-n jaio zen 1920ko otsailaren 12an.

JOSÉ MARÍA, 1921eko irailaren 20an jaio zen. 1955eko azaroaren 11ean, Irungo Juncal-eko parrokian, Dora Gómez Pérezekin ezkondua.

Aurelio Gutiérrez (moldatua)