Legegintzaldi honetan ere, Berako Udalak memoria historikoarekin erakutsitako konpromisoa argia izan da.
– 2017ko otsaileko azken asteburuan, Endarlatsak historian izan zuen garrantziaz aritzeko jardunaldiak antolatu ziren. “Endarlatsako fusilamenduak, Santa Kruz apaiza” solasaldia eskaini zuten Beralandetan Jesus Arratek eta Aurelio Gutierrezek eta Endarlatsan bertan bisita gidatua egin zuten Aurelio Gutierrezekin.

– 2017ko martxoan Udalak “Oroimena” izeneko atal berria ireki zuen “bera.eus” web orrian (oroimena.bera.eus). Herrian suertatutako gertaera historikoak jorratzen dira ikuspegi zabal batekin (kultura, historia, kirola, gizartea,…). Interesa duen edonori irekia da eta parte hartzeko gonbitea egiten dugu hemendik.

– 2017ko apirilean hasita Gernikako bonbek isilarazi zuten Isidoro Fagoaga tenore handiaren inguruko hainbat ekitaldi egin ziren herrian.

– 2017ko uztailean “Harritik Hazia” antzezlana taularatu zen arrakasta handiz. Berako Euskara eta Kultura Batzordeek bultzatuta, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen adostasunarekin, Oroit(h)arri antzerki tailerra 2016ko ekainaren 9an hasi zen lanean, eta urtebetez sormen prozesu aberatsa garatu zen. Oroimen historikoa emakumea oinarritzat hartuz landu zen.

Ekimen honek jarraipen izanen du Arantzan eraiki den “Emakumeren oroimen zelaian”.

– Aurten Apirilaren 26tik maiatzaren 12ra frankismo garaiko Langile batailoiak eta bortxazko lanek Beran utzitako arrastoa ezagutzeko hainbat ekitaldi prestatu ziren: erakusketa Kultur Etxean, Isabel Beaumont eta Fernando Mendiola historialari adituen hitzaldia eta azkenik bunkerrak ezagutzeko txangoa Aurelio Gutierrez herriko historialariak gidaturik.

Memoriaren ildotik jarraituz bestetako altxaferoa gure herriko “Ahantziek” botako dute. 1936ko uztailaren 21ean hartu zuten herria errekete eta matxinatu faxistek, izua eta heriotza non-nahi zabalduz. Ordurako, altxamendu frankistarekin bat egin ez zuten hainbat herritar eta karabinerok herritik ihes egin eta Gipuzkoan eta Iparraldean hartu zuten babes. Abuztuaren 3an, San Esteban egunez hain zuzen ere, ihes egindako horien emazte, haur eta senideak Herriko Etxeko plazan bildu zituzten. Laurogeita bi urte beteko dira aurten. Erreketeen mezua argia zen: “A Gipuzkoa, a Francia o a fusilar” (Gipuzkoara, Frantziara edo fusilatzera). Ehun familia inguru bidali zituzten herritik eta horietako guti batzuk itzuli ziren.
Ekintza honen bidez, ahanzturatik atera nahiko genituzke errepresaliatu beratar haiek, fusilatuak izan zirenak eta gerran askatasunaren alde borrokan bizitza galdu zuten herritarrak.
Fusilatu identifikatuak:
Francisco Arozamena Irazoki.
Lucio Aldai Longarai.
Faustino Martinez Urtiaga.
Cesareo Seminario Iraizoz.
Juan Etxenike Matxiarena.
Ecequiel Gomez Rodrigo.
Desagertuak:
Santiago Anadon Campero.
Ramon Balza Loperena.
Enrique Berasain Sorondo
Jose Larraburu Maritxalar.
Luis Aramburu.
Mundu Gerrako biktimak, kontzentrazio esparruetara eramanak:
Buchenwald: Eugenio Alli eta Antonio Clemente.
Mauthausen: Jose Rubio Delgado.
Rabensbrück: Francisca Usandizaga.
Neuengamme: Victor Garcia-Serrano Retegi.
Gurs:
Tomas Apat Telletxea.
Saturnino Garbala Ardanaz.
Eugenio Garcia de la Lastra.
Jose Garcia Fernandez.
Francisco Jauregi Telletxea.
Jose Sanchez Telletxea.
Jesus Telletxea Ordoki.
Juan Vallejo Corrales.
Isidoro Fagoaga Larratxe.
Egia, justizia eta erreparazioa bilatzen dira, hamarkadetan isilarazitako sufrimendua eta oinazea sendatzeko eta gertatu zen hura berriro ez gertatzeko.
Errepresaliatu haiek eta beraien senide eta ondorengoak, herriko bestei hasiera emanen dion altxaferoaren botatze ekitaldira gonbidatu eta animatu nahi ditu Berako udalak.
11:30ean elkartuko gara Herriko etxean bertan.
Etortzeko asmorik izanez gero, konfirmatu telefono honetan: 948 630005
Ekitaldi honetan Beran bizi den ohorezko gonbidatu bat ere izanen dugu: 96 urteko Francisco Perez Lusarreta. II. munduko gerran nazien kontra borrokatu zen Gernika Batailoiko gudaria.

Abuztuaren 2ko omenaldi honek segida izanen du azaroaren 18an eginen den ekitaldi instituzionalarekin:
“Ahantzien oroimenez 1936-1939”
EGIA, JUSTIZIA ETA ERREPARAZIOA
Iruzkin berriak