GERRA ZIBILEKO ERREPRESALIATUEN ETA BERAIEN SENIDEEN OMENEZ. BESTEI HASIERA EMATEKO ALTXAFEROAREN EKITALDIA.

Berako Herriko Etxean, 2018ko abuztuaren 2a.

BERRIZ IDATZI NAHIKO GENUKE HOGEITA HAMASEIKO HISTORIA.

HORREN LEKUKO ZARETE ZUEK, PLAZA ETA HARROBIA.

TOKI TRISTEAK DIRA ATZERRIA, ESPETXEA, HILOBIA.

BAINA EGAN DATOR EGIAREKIN JUSTIZIAREN TXORIA,

BERAN BIZIRIK MANTENDUKO DA ZAPALDUEN MEMORIA.

EGIA, JUSTIZIA ETA ERREPARAZIOA.

 

PREGOIA. ANE MIREN SEMINARIOK ETA FERNANDO BERASAINEK IRAKURRIA.

Besta girorik ez zen Beran 1936ko abuztuaren 3an. Espainiako Gerran Berako familia anitz kanpora, atzerrira bidali zituzten. Bertze batzuk fusilatuak izan ziren, frentean hilak, espetxeratuak, eta badira, oraindik, bide bazterren batean desagerturik segitzen dutenak, non dauden ez dakigula.
Gure atatxi-amatxiak, osaba-izebak, anaia-arrebak ziren. Bizitza kendu zieten, baina duintasuna ez.
Gertaera haietako gehienak argitu gabe daude, oraindik. Horregatik aldarrikatzen dugu justizia, memoria eta erreparazioa. Behingoan, inolako indarkeririk gabe, bakean bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu.
Eurek ezin izan zituzten gozatu Berako Bestak. Euren omenez, goza ditzagun guk.
Askatasun guztien alde, Gora Berako Bestak!