Gerrako ‘ahantziak’ gogoan Berako bestetako txupinazoa bota dute.
Zahar Etxean bizi den 96 urteko Francisco Perez Lusarretak, Gernika bataloiko gudariak piztu du lehen suziria.
Nahiz eta aitzineko egunetan hainbat ospakizun egin, abuztuaren 2an, ortzegun eguerdian bota den txupinazoarekin abiatu dira ofizialki Berako bestak. Udalak iragarri bezala, gerrako “ahantziek” piztu dute lehen suziria. Tartean ziren garai hartan ihesean ibili behar izan zuten Carmen eta Genoveva Aldazabal Gorria ahizpak, Patxi Mehas, eta Francisco Perez Lusarreta, San Jose Zahar Etxean bizi den 96 urteko gizasemea, II. Munduko Gerran nazien kontra borrokatu zuen Gernika bataloiko gudaria. Gerran hildako, desagertutako eta ihes egindako bertze hainbaten senideak ere Herriko Etxean bildu dira.
Abuztuaren 2ko omenaldi honek segida izanen du azaroaren 18an eginen den ekitaldi instituzionalarekin: “Ahantzien oroimenez 1936-1939”. Plazan eta harrobian oroitarriak jarriko dituzte orduan, eta memoriaren gordelekuak izendatu.
Ihesi egindakoen, fusilatuen eta desagertuen izenean solastu dute Silvia Mazizior, Fernando Berasain eta Ane Miren Seminario bilobek. «Gora askatasuna!» oihukatuz eta txalo artean bukatu zuen bere solasaldia Maziziorrek. Gaur egun Bergaran bizi den Ane Miren Seminariok bere aitatxi zena hunkiturik gogoratu zuen. «Taxista zen lanbidez eta ustez, bakarren bat taxian beste aldera pasatzeagatik fusilatu zuten. Amatxi Bergarara joan zen bizitzera, ahizpa bat bertara ezkondua zelako eta han egin dugu bizia».
Lehen suziria piztearen ardura, hain zuen, Francisco Perez Lusarretak, Gernika bataloiko gudariak izan du, Patxi Mehasekin batera. Perez Lusarreta Erronkarikoa da sortzez eta Gernika bataloiarekin gudan aritu ondotik, Frantzia aldean ihesian ibili zen, makia ere izan zen eta Irunen bizitu zen ondotik. Gaur egun Berako erresidentzian bizi da. Abuztuaren 1ean 96 urte bete izanagatik, sasoiko ageri da: «Memoriaren etsaia ez da denbora, isiltasuna baizik» adierazi du.
Josu Iratzoki alkateak aipatu duenez, «egia, justizia eta erreparazioa bilatzen dira, hamarkadetan isilarazitako sufrimendua eta oinazea sendatzeko eta gertatu zen hura berriro ez gertatzeko».
Ekintza honen bidez, eta agintaldi osoan memoria historikoa xede harturik egiten ari diren guztiekin, «ahanzturatik atera nahiko genituzke errepresaliatu beratar haiek, fusilatuak izan zirenak eta gerran askatasunaren alde borrokan bizitza galdu zuten herritarrak». Horien zerrenda bat ere aipatu zuten, jakinik gehiago ere izanen direla.
ERRAN.EUS

Iruzkin berriak