Informe de exhumacioìn Bera 2012 (Ministerio)
IZAN ZIRELAKO, GARA.
Iragana argitzeko behar horren baitan, Espainiako Gerran fusilatutakoak eta desagertutakoak gogora ekartzeko lanak egin dira Beran. Nagusiena Berako hilerrian irekitako hobi komuna izan da. Berako udalaren ekimenez, Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Aurelio Gutierrez herriko historialariaren laguntzarekin, kanposantuko hobia ireki zen 2011ko abenduan. Bertan 7 gorpuzkin topatu ziren, nahiz aunitzez gehiago izan ziren bertan lurperatutakoak. Bera izan zen Nafarroa guztian fusilamendu gehien egin zen herria. Gipuzkoako preso anitz ekarri zituzten Berako harrobira fusilatzera, eta herriko hilerrian lurperatu zituzten. Datu ofizial argirik ez badago ere, zenbait iturrik 200 hildakotik goiti zenbatu dituzte.
Oroitarria paratu zen eraildakoak gogora ekartzeko, eta omenaldia egin zitzaien 2012ko martxoaren 3an Herriko Etxeko plazan. Berako Udalak Franco seme kuttun izendatzen zuen erabakia ere gibelera bota zuen, Beran eraildako eta fusilatutako zein desagertutako beratarrak gogora ekartzeko mozioa onartzearekin batera.
Udalak zor historikoa kitatu nahi izan zuen ekitaldi harekin. Hamarkadetan isilarazitako sufrimendua eta oinazea berreskuratzeko eta justizia egiteko ekitaldia izan zen. Hamar beratar identifikatu ziren fusilatu eta desagertutakoen artean. Fusilatuak izan ziren: Francisco Arozamena Irazoki, Lucio Aldai Longarai, Faustino Martinez Urtiaga, Cesareo Seminario Iraizoz, Juan Etxenike Matxiarena eta Ecequiel Gomez Rodrigo. Desagertuak: Santiago Anadon Cambero, Ramon Balza Loperena, Enrique Berasain Sorondo eta Jose Larraburu Maritxalar.
II. Mundu Gerrako biktimak:
70 urte bete berri dira II. Mundu Gerra bukatu zela. Milioika biktima, desplazatu eta hildako utzi zituen, tartean beratar batzuk kontzentrazio esparruetara eraman ere:
Eugenio Alli eta Antonio Clemente (Buchenwaldera); Jose Rubio Delgado (Mauthausenera); Francisca Usandizaga (Rabensbrückera eta bertan erail zuten); eta Victor Garcia-Serrano Retegi (Neuengammen desagertu zen 1945ean). Bertze 11 beratar preso egon ziren Gurs-eko kontzentrazio esparruan, Isidoro Fagoaga tenore ospetsua bertze batzuen artean.
Berako Udala.
Iruzkin berriak