‘Bidasoko Deportatuak’ erakusketaren berri eman dute Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko Peli Lekuonak eta Aitor Elexpuru Berako alkateak.

 

Egin klik azpian eta ikusi dossierra.

Bidasoko Deportatuak _ Erakusketa Ibiltaria dossier (1)

Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkartearen eskutik, Berako udalaren laguntzaz, ‘Bidasoko deportatuak’ erakusketa ibiltaria irekiko dute Berako Kultur Etxean urriaren 16tik azaroaren 1era arte. Ortzegunetik igandera irekiko dituzte Kultur Etxeko ateak, ortzegun eta ortziraletan 17:00etatik 19:00etara eta larunbat eta igandetan 11:00etatik 13:00etara.

Erakusketaren berri eman dute astearte goizean Beralandetan Peli Lekuona Arruabarrena, Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko idazkariak eta Aitor Elexpuru Egaña Berako alkateak.

Peli Lekuonak azaldu duenez, «deportazioa pertsona edo pertsona talde bat herrialde batetik gogoz kontra kanporatzea da. Zigor gisa, isolatze edota esklabotasun helburuekin baliatu izan da deportazioa. Hainbat kasutan xede etniko edota erlijiosoez bultzatuta. Historikoki, edonolako giza talde baten deportazioa, ekintza segregazionistatzat jo da eta hauek gehiegikeria eta genozidioa izan dute helmuga».

Lekuonaren erranetan, «Bigarren Mundu Gerran, naziek judutarren aurka baliatu zuten bereziki deportazioa, ekintza honetan oinarritzen baita holokaustoa. Atxilotuak euren jatorritik, atxilotze edo akabatze esparruetara bortxaz mugiarazi zituzten. Nagusiki, Polonia, Austria eta Alemanian zeuden kokatuta atxilotze eta akabatze esparruak. Naziek bestelako talde etniko, politiko eta sozialak deportatu zituzten ere, herrialde berriak okupatu ostean, errepresio neurri gisa. Denboraren poderioz ezagutu da deportatuek jasandako tratu anker eta krudela, jasandako gosetea, esklabo lanak edota erailketa masiboak».

 

Bidasoaldetik 94 deportatu eta hauetatik 29 esparruetan erail zituzten

Washington-eko Holocaust Memorial Museum-en Enciclopedia de Campos y Guetos proiektuaren arabera, 42.500 atxilotze gune, akabatze gune, ghetto eta bortxazko lan faktoria egon ziren. Bertan, 15 eta 20 milioi pertsona batu zituzten. Peli Lekuonak aipatutakoaren arabera, «hauen artean badago Bidasoa jatorri duten pertsonak, Hendaia, Irun, Bortziriak edo Hondarribitik deportatuak izan ziren bizilagunak. Zehazki, 94 bizilagun deportatu ziren eta hauetatik 29 esparruetan erail zituzten. Erakusketaren bitartez, fokua Bidasoko bizilagun hauetan jarriko da, deportazioaren baitan jasandakoa azaleratzeko».

Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartearen ustetan, «deportazioa, Hendaian –eta orokorki, Ipar Euskal Herria eta Frantziar Estatuan- landua eta oroitutako materia den bitartean, Bidasoko hegoaldean ezezagunagoa eta gutxi jorratu den gaia da. Honenbestez, deportazioa eskualde mailatik azaldu nahi dugu. Zubi lanak eginez, bailarak duen lotura deportazioaren barnetik xehatuz».

Bidasoko deportatuak proiektuarekin, deportatu bidasotarren bizipena –eta herioa– erakusketa ibiltari batez azaldu nahi da. Abiapuntua, Europako totalitarismoak izanen dira. Horretarako Nazismoa-Faxismoa-Frankismoa zer izan diren azalduko da. Ondotik, nazien kontzentrazio akabatze esparruak zer ziren eta oro har deportazioak zer suposatu. Behin testuingurua eraikita, proiektua eskualdeko deportatuetan, proiektuko protagonistak, sakonduko da.

Erakusketa irekitzeko dokumentala eta solasaldia ortziralean

Aitor Elexpuru Berako alkateak zehaztu duenez, urriaren 16an, ortziralean, 17:30ean abiatuko da erakusketa. «Proiektua aurkeztu ondotik (18:00), bertaratuak areto nagusira lekualdatuko dira, Azken Bidaia dokumentala ikustera. Bertan, Frantxia Alzuet eta Comète Sarearen nondik norakoak azaltzen dira. 1943ko urtarrilean, salaketa baten ondorioz, Bidegain baserriko antolaketa eta bertan atxiloturikoak kontzentrazio esparruetara deportatu zituzten. Emanaldia bukatzean, Enara Goikoetxea, dokumentalaren zuzendariarekin solastatzeko aukera izanen da».

Azken bidaia dokumentala grabatzen 2010ean Lesakako Nabaz auzoko Mairuerregenekobordako atarian.

Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak sortutako erakusketak 27 panelez osatua dago. XX. mendeko erregimen totalitarioetan hasita, deportazioaren testuingurua azaltzen da. Ondotik, Bidasoa inguruko eta Europako esparru nagusien berri ematen da. Azkenik, Bidasoko hainbat deportaturen xehetasunak azaltzen dira.

Ttipi-Ttapa 2020-10-13