BLOG KOLEKTIBOA
Herriarena da hitza. Hemen idatzi nahi duzu?
El bardo antzerki konpainiak ‘Presas’ taularatuko du larunbatean Beran
El bardo antzerki konpainiaren Presas antzezlana ikusgai izanen da azaroaren 19an, larunbatean 19:00etan Berako kultur etxean. 14 urtetik goitikoei zuzendutako lana gaztelaniaz taularatuko dute. Berako Kultur Batzordeak eta Berako Udalak, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz antolatutako emanaldira sartzeko 6 euro ordaindu beharko da (aitzinetik salgai Agara prentsa dendan).
Sinopsia
Presas emakumezkoen espetxe batean gertatzen da, Espainiako lekuren batean, 40ko eta 50eko hamarkaden artean. Espetxean nekez bizi dira bederatzi emakume, hau edo hura egin izanaz akusatuta: lapurreta, prostituzioa, adulterioa, delitu politikoa eta bertze. Espetxea mojek gobernatzen dute.
Bertzelako pertsonaiak ere badira, hala nola espetxeko zuzendaria, emakume espetxeratu baten abokatua, medikua, apaiza eta presondegiko maisua. Honatx istorioaren hasiera: emakume bat San Perpetuoren Jubileuaren ospakizunetik egun gutira espetxeratu dute. Jubileu hori dela eta, hamar urtean behin, apezpikuak emakume espetxeratuetako bat indultatzen du.
Egileak: Verónica Fernández, Ignacio del Moral
Zuzendaria: Montse Zabalza
Musika: Txema Garcés
Argiztapena: Jose María Ballesta
Antzezleak:
Presoak: Noemí Alcalá, Imelda Casanova, Raquel Cuartero, Elvira Echeverria, Ana Mar Garzón, Rosa Nagore, Iranzu Parra, Koki Villacorta, Laura Virué
Monjak: Carmen Martínez, Noelia Rueda, Elena Uriz
Espetxeko langileak: Manolo Almagro, Pablo Asiain, Txuma García, Fermín Rodrigo, Jeser Zalba
‘Presas’ emakumezkoen espetxe batean gertatzen da, Espainiako lekuren batean, 1940-1950 artean.
Esteka honetan duzue antzezlanaren dossierra.
PIO BAROJA. BERE JAIOTZAREN 150. URTEURRENA. EKITALDIAK BERAN.
Pio Baroja idazlea jaio zela, 150 urte beteko dira abenduaren 28an.
Bi ekitaldi antolatu ditu Berako udalak:
1.- Abenduaren 14ean, liburu aurkezpena eginen da Beralandetan.
“Pio Baroja, el hombre que vino del mar” (José Andres Álvaro Ocariz & María Mercedes Marta Abreu). Gaztelaniaz.
(Deialdi oharra txertatu).
2.- Abenduaren 16,17 eta 20an: “Pio Baroja interpretazio artistikoa”, Larraitz Ugartemendiak gidatua.
Larraitz Ugartemendia, Irungo Pio Baroja institutoan aritzen da irakasle batxiller artistikoan. Bertan Berako gazte batzuk ere ikasten dute.
Planteatzen dena Irungo institutoan hasitako lan artistikoaren jarraipen bat da, Irunen hasi, eta Beran bukatuko delarik.
“Pio Baroja interpretazio artistikoa” lona batean egindako sormen artistikoa da, bertan argazki muntaia eta margoa batuko dira. Arte lan hau Berandetako fatxadan kokatuko da.
Argazki muntaian bere garaiko Pio Baroja irudikatu nahi da. Duela 150 urteko Pio Baroja alegia.
Kolorea monokromatikoa izango da. Txuri-beltzekoa alegia. Honen ondoren, inprentan irudia inprimatuko dute. Gero irudi horien gainean esmalteko pinturarekin margotuko da. Gaur egungo ikuspegi artistikoa ezarri nahi da. Pio Baroja ezagutuko bagenu bezala, bere barruko sentimenduak eta izaera kolorearekin interpretatuz. Ordungo Pio Baroja eta gaur egungo artistaren ikuspegia batzea izango da artelanaren gakoa.
Egunez eguneko egitaraua hau da:
Abenduaren 16an ortzirala, goizeko 9tatik 13:30tara Irungo Pio Baroja ikastetxeko 2. batxilergo artistikoko ikasleak lona margotzen hasiko dira. Arratsaldez Larraitz Ugartemendiak lana aurreratzen jarraituko du.
Abenduaren 17an larunbata, 10:30tatik 13:30tara arte lana margotzen bukatuko da. Hortarako Berako jendarte guztia gonbidatua dago, lan honetan parte hartzera. Hemendik dei berezi bat egiten dugu jendea animatuz. Parte hartzeko ez da zertan margo lanetan aditua izan behar.
Abenduaren 20an asteartea, 17:00etan arte lanaren inaugurazioa eginen da. Performance estiloko emanaldi bat eskainiko da musika eta hitzak partekatuz.
Pio Barojak Beran zinegotzi izateko egindako ahaleginak eta bere hautagai- zerrendako kide batzuen eginkizuna 1936ko uztailaren 23an askatu zutenean
FERNANDO MIKELARENA HISTORIALARI BERATARRAK, Sancho el Sabio Euskal Ikerketa Aldizkarian, 45. zenbakian argitaratutako lana. 2022-12-09
Artikulu honetan, lehenik eta behin, Pio eta Rikardo Barojak Beran zituzten lagunak
aztertzen dira, 1912az geroztik Itzea etxetzarrean bizi ziren herrian, baita herriko jen–
dearekin eta udal agintariekin zituzten harremanak ere. Bigarrenik, Pio Barojak Beran
zinegotzi izateko 1920an eta 1922an egindako bi saiakerak aztertzen dira, biak porrot
eginda, baita bere hautagaitzako kideen profila ere. Hirugarrenik, 1936ko uztailaren
23an, aurreko arratsaldean Donezteben atxilotu eta espetxeratu ondoren, Pio Baroja
askatu zutenean lankide haietako bik izandako jokabidea aztertzen da, nahiz eta aspal–
didanik haietako batekiko, karlismoaren gizon poteretsua, harremana negatiboa izan.
Azpiko estekan klikatuz ikusi dezakezue artikulu osoa.
‘Joxe Mari Ezkerra, XIX. mendeko bertsolariaren misterioa’ hitzaldia egin da Beran. 2022-12-02
Aurten ere ‘Uscaldunac garen ezquero‘ ekimenaren barrenean solasaldia antolatu dute Berako Udaleko Kultur Batzordeak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak elkarlanean. Solasaldia Beralandetan izan da, ortziralean, abenduaren 2an, 18:00etan, Joxan Elosegiren eta Aitor Errazkinen eskutik.
Elosegik eta Errazkinek Ezkerra bertsolaria ikertu dute, eta haren ibilbidearen eta bizitzaren gaineko informazio aunitz bildu dute. Ezkerra XIX. mendearen lehen zatian Euskal Herriko bertsolari garrantzitsuenetariko bat izan zen. Beratarra zela gaur-gaurkoz ezin ziurtatu bada ere, badirudi zantzu fidagarrienek hori diotela. Bertsolari oparoa izan zen, eta solasaldian haren zenbait bertso sorta ere ezagutzera eman dituzte.
Berako udal artxiboan gordetako 1882ko eskuizkribu baten aitzakian hasi ziren antolatzaileak hitzaldiak eta bertzelako ekitaldiak antolatzen. Eskuizkribu hori orain arte euskaraz aurkitutako testu administratibo bakanetakoa da, eta horren edukiak eta xehetasunak ikertzen ibili ziren Ekaitz Santiziliak eta Mikel Tabernak eskaini zuten lehen hitzaldia. 2021ean ekimenaren ardatza oikonimia izan zen, hau da, etxeen izenak. Orduko hartan Etxe izenak: ezaugarri orokorrak eta Berako erabilera hitzaldia eskaini zuten Paxkual Rekalde eta Andres Iñigo euskaltzainek, eta Oskar Alegriaren Emak bakia dokumentala ikusteko aukera izan zen.
Etxalarren eta Beran moldatutako barrakoiak ikusteko bisita, eta fusilatuei omenaldia egin dituzte. 2022ko abuztuaren 29an
Abuztuaren 15ean hasi eta 30era bitartean, Beran kokatutako barrakoi-sail bat eta Etxalarren kokatutako metrailadore-habia bat berreskuratu eta dokumentatzeko lanean aritu dira 18 eta 27 urte bitarteko 24 gazte. Auzolandegian garbitutako eremuak ikusi, eta jendeari erakusteko asmoz bi leku horietara bisita antolatu dute astelehenerako, abuztuaren 29rako
11:00etan Etxalarren egin dute hitzordua eta bertan Lizarietako gainean konpondutako metrailadora-habia erakutsi dute.
Ondotik, Berara joan dira, eta Agerran dagoen Argaitzeko harrobian fusilatutakoen senitartekoei omenaldia eskaini diete. Argaitzeko harrobian 1936ko irailetik azarora bitartean 130 disidente politiko baino gehiago fusilatu zituzten, gehienak Donostiako Ondarretako kartzelatik ateratakoak. Omenaldira fusilatutakoen senitartekoak gonbidatu dituzte.
Omenaldiaren ondotik, 13:00etan Berako Suspela auzoan konpondu duten barrakoira joan dira, eta bertan egindako lanak erakutsi dituzte.
Omenaldia eta bisita herritar guztiei irekiak izan dira. Gainera, bi horietan parte hartu dute bertzeak bertze bi herrietako agintariek, Nafarroako Memoriaren Institutuko ordezkariek eta baita Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako Kontseilariak eta Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Lehendakariordeak eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Kontseilariak.
Azken egunetan berritutako egitura horiek guztiak Pirinioen Defentsarako Erakundean kokatuta daude, Francoren diktadurak bultzatutako proiektu zabal bat da hori, Pirinio guztietan zehar Espainiako muga frankoa milaka bunkerrekin gotortu nahi zuena, Kantauriko kostaldetik Mediterraneoraino. Pirinioetako gotortze lanak 1939ean hasi eta 50eko hamarkadara arte luzatu ziren, eta eraikitzeko Langileen Batailoietan kokatutako eskulan behartua eta ondotik ordezko soldaduak erabili zituzten, faseen arabera.
erran.eus
Atxiloketa zentroen Memoriagunea. 1936-1945 Iruña. Berako Argaitz harrobia ere agertzen da.
Valentziako Vicenta Mengual bisitari Beran preso egondako aitaren urratsei segika
Berako besten txupinazoaren aitzinetik Espainiako gerra eta gerra ondoko ahaztuak gogoan izan zituzten abuztuaren 2an. Ekitaldian, protagonismo berezia izan zuten Valentziako Cabañaletik etorritako Vicenta Mengual eta Rafa Val ama-semeek, 1939tik 1941era Beran preso egondako Domingo Mengual Segarraren alaba eta biloba, hurrenez hurren. Vicentak aipatutakoaren arabera, preso egon arren, Berako herriaren oroitzapen ona gorde zuen bere aitak eta ingurua ezagutzeko aukera izan zuen. Bezperan, Okalarreko bunker inguruak ezagutu zituzten eta aitak emandako dokumentuak utzi ditu Beran memoria historikoa ezagutzera emateko lanean ari direnen esku. Okalarrera egindako bisitaren irudi hunkigarriak argitara eman ditu Berako herriak.
erran.eus
Hemen bideoa
AHANTZIEN OROIMENEZ LORE ESKAINTZA
AHANTZIEN OROIMENEZ EKITALDIA. 2021
Ahantzien oroimenez gaude hemen, 36ko gerrako eta ondorengo urteetako errepresaliatuen oroimenez.
Bigarren urtez aurten ere ez dugu bestarik izanen. Ez ohiko egoera bizitzen ari gara. Baina 1936ko uda ere ez zen hobea izan. Makurragoa errango nuke.
Uztailaren 18an izan zen errepublikaren kontrako altxamendua, eta uztailaren 21ean iritsi ziren indar matxinatuak Berara.
Ordurako hainbat herritar, gizonezkoak gehienak ihesi joanak ziren, ezkertiarrak, sindikalistak, hautetsi aurrerakoiak, karabineroak…
Gizonekoak joan ziren baina emakumezkoak hemen gelditu ziren beraien haurrak eta familiak zaintzen.
Eta orduan gertatu zen, inoiz gertatu behar ez zuen gertakari lazgarria. Plaza honetan bertan, gaur bezalako egun batez, orain dela 85 urte. Bando bidez ihes joandako aita horien emazte eta haurrak plaza honetan bildu zituzten. 20 bat familia orotara, eta hiru aukera eman zizkieten: frantziara, gipuzkoara edo harrobira fusilatzera. Ez zegoen besta girorik, beldurra, sufrimendua eta samina ziren nagusi.
85 urte pasa dira geratakari haretatik, zenbaki borobila…Egun horretan plaza honetan egon zirenetako haur bat gure artean dugu oraindik. Haur hark gaur 88 urte ditu.Denborak aurrera darrai, denboraren gurpila geldi ezina da eta pixkanaka egun lazgarri haretan plaza honetan izan ziren beratarrak joaten ari zaizkigu.
Karmentxu Aldazabal da horren adibide berriki joan zaiguna, baina beraiek pairatutakoa ezin dugu ahantzi eta etengabe oroitarazi beharra dago, Berako historiaren atal hau denboraren eta ahanzturaren lainopean galdu ez dadin.
Oroitzeak lan bat eskatzen du, esfortzu bat, eta horretan saiatzen gara. Eta eskertu nahi ditugu, herrian lan horretan aritu diren eta ari direnak. Nola ez Fernando Mikelarena historialari handia, Aurelio Gutierrez, Mikel Taberna eta bertze hainbat.
Berako Argaitz harrobia toki memorialistiko izendatua izan da (bertan nafarroan fusilatu gehien egon den tokia). Mugako gotorlekuak eraikitzen burutatutako bortxazko lanak ekarri ditugu argira, eta abar.
Familien kanporatzeekin ez zen bukatu noski, errepresioa. Herritarrak ibili ziren herritarrak salatzen eta zerrenda beltzak osatzen. Ondorioak: atxilotuak, ondasunak lapurketak, espetxeratzeak eta fusilamenduak. Cesareo Seminario eta Faustino Martinez adibidez. Hemen gurekin ditugu beraien senideak. Lucio Aldai, Juan Etxenike Matxiarena, Ezakiel Lopez Rodrigo, Francisco Arozamena Irazoki, Irunen eta Berako harrobian fusilatutakoak.
Errepublikaren alde borrokan hildakoak ere ekarri nahi ditugu gogora: Santiago Anadon, Ramon Balza Loperena, Enrike Berasain Sorondo, Jose Larraburu Maritxalar. Batzuk desagertuta jarraitzen dute oraindik.Ihes egindako eta kanporatuen zerrenda luzea da: Gainza, Aldazabal, Azkona, Mehax, Cuartero, Iglesias…
36ko gerrak II. Mundu gerra izan zuen jarraipen, eta aunitzek erresistentzian borrokatu ziren, orain pare bat urte utzi gintuen Paco Lusarretak bezala, Gernika Batailoiko gudaria bera. Bertze beratar batzuk Alemaniako konzentrazio esparruetan bukatu zuten, Victor Garcia-Serrano, Frantxia Alzuet, Eugenio Alli, Antonio Clemente, Jose Rubio Delgadok kasurako. Gursen ere hainbat Beratar izan ziren. Isidoro Fagoaga tenorea tartean.
Ameriketan babes hartu behar zutenak ere izan ziren. Familia gutxi batzuk bueltatu ziren, eta Ondarretan preso egon ondoren, beraien herrian bertan, hemen Beran baztertuak eta seinalatu gisa bizi behar izan ziren.
Eta guzti hau ere bada gure herriaren historia eta gaur berriz ere oroitarazi nahi dugu gertatu zena, berriz gertatu ez dadin. Ahotsa, musika eta dantza erabiltzen ditugu, memoriaren etsaia ez baita denbora, isiltasuna baizik.
Egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzen ditugu, gure herria eta gure gizartea libre eta aske nahi ditugulako.
Estamos aquí en recuerdo de los olvidados, de las personas represaliadas de la guerra del 36 y de los años posteriores.
Por segundo año se han suspendido las fiestas. Estamos viviendo una situación poco habitual. Pero el verano de 1936 tampoco fue mejor. Tal día como hoy 20 familias fueron reunidas en esta plaza, y expulsadas del pueblo. Mujeres, niños, niñas y gente anciana. Familiares de hombres que ya habían huido. Gente de izquierda, republicana.
Después vinieron las listas negras y denuncias hechas por beratarras contra beratarras, que tuvieron como consecuencia detenciones, fusilamientos, expolio de bienes y exilio.
También queremos recordar a aquellos que murieron en el frente luchando por la república (algunos todavía desparecidos), a aquellos y aquellas que exiliándose en Francia lucharon en la resistencia en la segunda guerra mundial y fallecieron en los campos de concentración alemanes. Acabáis de oír sus nombres en euskera.
Todo esto es parte de la historia de nuestro pueblo y hoy queremos volver a recordar lo que pasó para que no vuelva a ocurrir,
Reivindicamos verdad, justicia y reparación, porque queremos vivir en una sociedad y en un pueblo libre y solidario.
BERAKO UDALA
Aurelio Gutiérrez Martín de Vidales.
Kontrabandoa eta memoria historikoa, Nafarroako mendialdean.
Claudio Doroteo Diéguez-en gorpuzkiak entregatzea.
Nafarroako Memoriaren Institutoak Claudio Doroteo Diéguez Lozaren gorpuzkiak itzuli dizkio bere familiari, 1936ko irailaren 13an Altsasun atxilotu eta hil egin eta 84 urtera. Haren gorpuzkiak Otsoportilloko leizeatik atera zituzten 2016an eta 2017an, eta haren alabak, Concha Diéguezek, Nafarroako Gobernuaren DNA banku publikoan utzitako lagin bati esker identifikatu ahal izan zituzten. Hipotesi hori, hasiera batean, ez zen kontuan hartu, lekuko guztien arabera, udalerria zeharkatzen duen N-1 errepide zaharraren azpian lurperatuta egon zitekeelako. Ekitaldian, Claudioren alaba Concha Diéguezek parte hartu du zeinek erakundeen eta memorialisten elkarteen babesarekin, bere aita bilatzeko lan egin du. Bertan, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak gogorarazi du Claudio Diéguez, “Nafarroan errepresio frankistaren biktima gehienak bezala, bere ideia politikoengatik eta bere jarduera sindikalagatik soilik hil zutela”. “Gobernuak berretsi egin nahi du memoriaren, gorpuak hobitik ateratzeko eta identifikatzeko politika publikoekin duen konpromisoa eta etenik gabe jarraituko dugu lan horretan”, gaineratu du. Kotseilariak Claudioren senideei eskerrak emanez amaitu du hitzaldia: “Claudio berreskuratzeko zuen poza pertsona askok partekatzen dute, batez ere desagertutako pertsona bat berreskuratzen eta bere familia entregatzen ikusten duten bakoitzean beraietako batekin daudela sentitzen duten familiek”. Claudio Dieguez 1900eko urriaren 30ean jaio zen San Asension (Errioxa) eta Etxarri-Aranatzen bizi zen, bere emazte eta lau seme-alabekin. Trenbidean lan egiten zuen, sutegi gisa, eta CNTrekin lotuta zegoen. 1936ko irailaren 13an, Miranda de Ebron lanean ari zela, atxilotu eta Altsasura bidali zuten. Gau horretan bertan, familiak jakinarazi zuenez, Sorozarreta inguruan hil eta bertan lurperatu zuten. Lekukotasun batzuen arabera, 50eko hamarkadaren amaieran, errepidean obrak egiten ari zirela, giza arrasto batzuk agertu ziren. Zenbait hipotesi zeuden horren inguruan: bertan edo handik gertu utzi zirela edo hilerriren batera eraman zirela. Hala ere, Nasertic enpresa publikoaren laborategi genetikoak Otsoportilloko leizean 2016 eta 2017ko hilobitik ateratako gorpuzkien artean identifikatzea lortu zuen.
“Uscaldunac garen ezquero”. 1822ko eskuizbrua. Berako udala
Berako udal artxiboan aurkitutako 1822ko eskuizkribu bat aztertu dute Mikel Tabernak eta Arkaitz Santaziliak. Bertan kontatzen denaz eta agiriaren garrantziaz ari dira biak bideo honetan.
Baztan-Bidasoaldeko bortz ikastetxek bat egin dute ‘Memoria duten Eskolak’ programarekin
Nafarroako Gobernuko Ana Ollo kontseilaria ikastetxeetako zuzendariekin Bertizen bildu ondotik, ‘Babesaren muga’ eskultura bisitatu du astelehen goizean Elizondon
Berako Toki Ona institutua eta Labiaga Ikastola, Elizondoko Elizondo Lanbide Eskola, Lekarozko Lekaroz BHI eta Doneztebe Mendaur DBHI ikastetxeak Memoria duten Eskolak programaren parte dira irakasleen prestakuntza sustatzeko eta ikasleen artean memoria belaunaldiz belaunaldi transmititzeko jarduerak egiteko.
Nafarroako Oroimenaren Institutuak 2016. urtean abian jarri duen programaren barrenean, Baztan-Bidasoa eskualdean hainbat proiektu garatu dituzte azken urteotan, erbestean eta «muga gotortua» deritzonaren oroimena berreskuratzeko, inguruko bunkerrak berreskuratuz.
Ikastetxe horiei esker, Erratzuko bunkerrekin zerikusia duten proiektuetan eta eskualdeko erbesteratuen inguruan lan eginen da, Elizondo Lanbide Eskolaren eta Lekaroz Institutuaren kasuan. Berako Toki Ona BHIk “Bidasoako deportatuen erakusketa” programa garatuko du, Gerra Zibilaren ondotik eta Bigarren Mundu Gerran Frantzian eta Alemanian kontzentrazio-eremuetara erbesteratu zituzten pertsonen inguruan.
Bertzalde, Berako Labiaga Ikastolak memoria historikoa belaunaldi gazteenengana hurbildu nahi du, Lehen Hezkuntzako ikasleekin eta DBHko lehen zikloarekin lan eginez. Doneztebeko Mendaur DBHIak laster bat eginen du programarekin. Emakumearenganako errepresioaz ariko dira, eta Juana Josefa Goñi Sagardiaren oroimenean jarriko du arreta. Donamarian, Gazteluko leizera botatako zazpi seme-alabetako seirekin batera hil zuten Joana Josefa Goñi Sagardia.
Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria bortz ikastetxeetako zuzendariekin bildu da astelehen goizean Bertizko jauregian: Igor Arruabarrena Rezola (Toki Ona), Mikel Iriarte Antxorena (Elizondo Lanbide Eskola), Iñaki Beltran Gallego (Lekaroz Institutua), Maite Elgorriaga Errandonea (Labiaga) eta Bihotz Unanua (Mendaur). Martín Zabalza Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia eta Josemi Gastón Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendaria ere ekitaldian izan dira.
‘Babesaren Muga’ eskultura
Baztan-Bidasoaldeko bortz ikastetxeetako zuzendaritzekin elkartu ondotik, Ollo kontseilariak, Joseba Otondo Baztango alkatearekin batera, Babesaren muga eskultura bisitatu du Elizondon. Eskultura hori indarkeria frankistatik ihesi erbesteko bidea hartu zuten pertsonen omenez paratu dute, baita pertsona horiek babesteko sortu diren elkartasun-sareen oroimenez ere.
Eskulturak, bere konposizioarekin erbesteratutako pertsona bat iradokitzen du, bere jatorritik kanpoko lurralde batean bizi dena. Mikel Iriarte eskultorearen lana da, eta udaberrian inauguratzea aurreikusten da, pandemiak uzten badu, Nafarroatik erbesteratutako pertsonei eta haien familiei omenaldia eta erreparazioa eginez.
Erran.eus
1936 ERREPRESIOA ETA FUSILAMENDUAK BERA HERRIAN
Hamasei beratarrek jasan zuten kontzentrazio esparruen ankerkeria
2015-05-22
Mauthausen 1942-1944 presoen kontaketa momentuan ateratako argazkia.
Bigarren Mundu Gerrako biktimak oroitzeko mozioa onartu du Berako Udalak
70 urte bete berri dira II. Mundu Gerra bukatu zela 184 euskal herritar erail eta ehunka atxilotuta eduki zituzten nazien kontzentrazio esparruetan, tartean beratarrak. Horietako gehienak frankismotik eskapo joan ziren Ipar Euskal Herrira eta han nazien eskuetan erori ziren. Bi diktaduren biktima izan ziren. Memoria historikoa berreskuratu, justizia eta erreparazioa egiteko bidean, Berako udalak, urteurren honen aitzakian, gogora ekarri nahi izan ditu II. Mundu Gerran deportatu, desplazatu, atxilotu edota erail zituzten euskal herritarrak, eta bereziki, beratarrak.
Datu guztiak biltzeko zailtasunak dauden arren, gutienez hamasei beratarrek pairatu zuten kontzentrazio esparruen ankerkeria. Alemaniako kontzentrazio esparruetan izan ziren Eugenio Alli Ferrero, Antonio Clemente, Jose Rubio Delgado, Francisca Usandizaga eta Victor Garcia-Serrano Retegi eta Gurseko kontzentrazio esparruan (Biarnon preso kontu zituzten 6.555 euskal herritarren artean) Isidoro Fagoaga tenore ospetsua, Faustino Alli Ferrero, Tomas Apat Telletxea, Severo Apat Telletxea, Saturnino Apat Telletxea, Saturnino Garbala Ardanaz, Eugenio Garcia de la Lastra, Jose Garcia Fernandez, Francisco Jauregi Telletxea, Jose Sanchez Telletxea, Jesus Telletxea Ordoki eta Juan Vallejo Corrales. Batzuk aske utzi zituzten, bertze batzuk erail eta bertzeak desagertu eta onik atera ziren edo hil ote zituzten daturik ez dago.
Berako Udalak onartutako mozioaren arabera, Frankismoaren eta nazismoaren biktima izan ziren euskal herritar eta beratar guztiak oroimenera ekarri nahi dituzte, «jasandako bidegabekeria, sufrimendu eta erailketa injustuak salatzearekin batera». Nazismoaren eta frankismoaren biktima izan zirenek egia, justizia eta erreparazioa izateko duten eskubidea aitortu eta Alemania eta Espainiako estatuei aitorpen hori egiteko exijitu die Udalak eta horrelakorik berriz gerta ez dadin, «gizarte bakezale, berdinzale eta justuago bat eraikitzeko konpromisoa» berretsi du. Berako espazio publikoan biktima horiek guztiak gogora ekarriko dituen aipamen edo oroigarri bat paratzeko konpromisoa ere hartu du Udalak.
‘Bidasoko deportatuak’ erakusketa ibiltaria irekiko dute Beran urriaren 16tik azaroaren 1era arte
‘Bidasoko Deportatuak’ erakusketaren berri eman dute Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko Peli Lekuonak eta Aitor Elexpuru Berako alkateak.
Egin klik azpian eta ikusi dossierra.
Bidasoko Deportatuak _ Erakusketa Ibiltaria dossier (1)
Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkartearen eskutik, Berako udalaren laguntzaz, ‘Bidasoko deportatuak’ erakusketa ibiltaria irekiko dute Berako Kultur Etxean urriaren 16tik azaroaren 1era arte. Ortzegunetik igandera irekiko dituzte Kultur Etxeko ateak, ortzegun eta ortziraletan 17:00etatik 19:00etara eta larunbat eta igandetan 11:00etatik 13:00etara.
Erakusketaren berri eman dute astearte goizean Beralandetan Peli Lekuona Arruabarrena, Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko idazkariak eta Aitor Elexpuru Egaña Berako alkateak.
Peli Lekuonak azaldu duenez, «deportazioa pertsona edo pertsona talde bat herrialde batetik gogoz kontra kanporatzea da. Zigor gisa, isolatze edota esklabotasun helburuekin baliatu izan da deportazioa. Hainbat kasutan xede etniko edota erlijiosoez bultzatuta. Historikoki, edonolako giza talde baten deportazioa, ekintza segregazionistatzat jo da eta hauek gehiegikeria eta genozidioa izan dute helmuga».
Lekuonaren erranetan, «Bigarren Mundu Gerran, naziek judutarren aurka baliatu zuten bereziki deportazioa, ekintza honetan oinarritzen baita holokaustoa. Atxilotuak euren jatorritik, atxilotze edo akabatze esparruetara bortxaz mugiarazi zituzten. Nagusiki, Polonia, Austria eta Alemanian zeuden kokatuta atxilotze eta akabatze esparruak. Naziek bestelako talde etniko, politiko eta sozialak deportatu zituzten ere, herrialde berriak okupatu ostean, errepresio neurri gisa. Denboraren poderioz ezagutu da deportatuek jasandako tratu anker eta krudela, jasandako gosetea, esklabo lanak edota erailketa masiboak».
Bidasoaldetik 94 deportatu eta hauetatik 29 esparruetan erail zituzten
Washington-eko Holocaust Memorial Museum-en Enciclopedia de Campos y Guetos proiektuaren arabera, 42.500 atxilotze gune, akabatze gune, ghetto eta bortxazko lan faktoria egon ziren. Bertan, 15 eta 20 milioi pertsona batu zituzten. Peli Lekuonak aipatutakoaren arabera, «hauen artean badago Bidasoa jatorri duten pertsonak, Hendaia, Irun, Bortziriak edo Hondarribitik deportatuak izan ziren bizilagunak. Zehazki, 94 bizilagun deportatu ziren eta hauetatik 29 esparruetan erail zituzten. Erakusketaren bitartez, fokua Bidasoko bizilagun hauetan jarriko da, deportazioaren baitan jasandakoa azaleratzeko».
Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartearen ustetan, «deportazioa, Hendaian –eta orokorki, Ipar Euskal Herria eta Frantziar Estatuan- landua eta oroitutako materia den bitartean, Bidasoko hegoaldean ezezagunagoa eta gutxi jorratu den gaia da. Honenbestez, deportazioa eskualde mailatik azaldu nahi dugu. Zubi lanak eginez, bailarak duen lotura deportazioaren barnetik xehatuz».
Bidasoko deportatuak proiektuarekin, deportatu bidasotarren bizipena –eta herioa– erakusketa ibiltari batez azaldu nahi da. Abiapuntua, Europako totalitarismoak izanen dira. Horretarako Nazismoa-Faxismoa-Frankismoa zer izan diren azalduko da. Ondotik, nazien kontzentrazio akabatze esparruak zer ziren eta oro har deportazioak zer suposatu. Behin testuingurua eraikita, proiektua eskualdeko deportatuetan, proiektuko protagonistak, sakonduko da.
Erakusketa irekitzeko dokumentala eta solasaldia ortziralean
Aitor Elexpuru Berako alkateak zehaztu duenez, urriaren 16an, ortziralean, 17:30ean abiatuko da erakusketa. «Proiektua aurkeztu ondotik (18:00), bertaratuak areto nagusira lekualdatuko dira, Azken Bidaia dokumentala ikustera. Bertan, Frantxia Alzuet eta Comète Sarearen nondik norakoak azaltzen dira. 1943ko urtarrilean, salaketa baten ondorioz, Bidegain baserriko antolaketa eta bertan atxiloturikoak kontzentrazio esparruetara deportatu zituzten. Emanaldia bukatzean, Enara Goikoetxea, dokumentalaren zuzendariarekin solastatzeko aukera izanen da».
Azken bidaia dokumentala grabatzen 2010ean Lesakako Nabaz auzoko Mairuerregenekobordako atarian.
Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak sortutako erakusketak 27 panelez osatua dago. XX. mendeko erregimen totalitarioetan hasita, deportazioaren testuingurua azaltzen da. Ondotik, Bidasoa inguruko eta Europako esparru nagusien berri ematen da. Azkenik, Bidasoko hainbat deportaturen xehetasunak azaltzen dira.
2020-10-13
IGUIÑIZ ESTOMBA in memoriam
IGUIÑIZ ESTOMBA
Pixkanaka Eusko Jaurlaritzako Artxibo Historikoa, Defentsa Saila Funtsa, zeinen jabea Euskadiko Artxibo Historikoa (BADATOR- DOKUKLIK) den, Espainiako Gerra Zibilan parte hartu zuten gudarien bizipen berriak argitaratzen dabil.
Horiei esker gudan parte hartu zuten gudari beratarren istorioak ezugetzeko gai gara. PNV-STV-ren kide zirenez, batez ere alderdiaren gudarien batailoien parte izan ziren.
Kasu honetan, besteak beste, Iguiñiz Estomba familia goraipatzea komeni da, LORENZO ETA LUIS. Gernika Batailoiari buruzko dokumentalaren kredituetan, batailoi horien kide izanda borrokatu zutenen izenak eta jatorriak ageri diren zerrendan, CARLOS Iguiñiz Estomba izena ageri da. Jaiotza erregistroetan ez da Beran jaiotzat hartzen, hortaz bere gurasoen jaioterria zen Irun hirian sortu zela uste da.
Francisco Iguiñiz Macharena (Biriatou-n jaioa, Irungo José eta Juanaren semea) eta Modesta Estomba Querejetak (Irunen jaioa, eta Irungo Felipe eta Juanaren alabak) gutxienenez Beran jaiotako seme-alaba hauek izan zituzten:
LORENZO Iguiñiz Estomba, Beran, 1910eko abenduaren 19an jaio zen. 1954ko otsailaren 5ean Irúngo parrokian ezkondu zen Elena Agesta Irastorza.
FELIPE, Bera-n jaioa, 1912ko abenduaren 8an.
JOSÉ LUIS, Beran jaio zen 1914ko urriaren 10ean. 1944ko urriaren 25ean, Lesakan ezkondu zen Asunción Mutuberria Jorajuriarekin.
JOSEFA, Beran jaio zen 1916ko urriaren 20an.
MARÍA DEL CARMEN, Bera-n jaio zen 1920ko otsailaren 12an.
JOSÉ MARÍA, 1921eko irailaren 20an jaio zen. 1955eko azaroaren 11ean, Irungo Juncal-eko parrokian, Dora Gómez Pérezekin ezkondua.
Aurelio Gutiérrez (moldatua)
Francisca Romana Halzuet Alzate, “FRANTXIA”
NAFARROA, GIPUZKOA, BIZKAIA ETA ARABAKO ERREPUBLIKARRAK KONZENTRAZIO-ESPARRU NAZIETAN: AHAZTUAK
Francisca Romana Halzuet Alzate, “FRANTXIA”
Iluntasunetik ateratako istorio interesgarri eta zoragarri bat Francisca Romana Halzuet Alzate emakume nafarrarena da, “Frantxia” ezizenaz ezaguna. Zenbait dokumentututan Francisca Usandizaga, bere senarraren abizenarekin agertu ohi da ere.
Orain dela bost urte izan nuen bere berri Donostiako Nazioarteko Zinemaldian. Bertan Iurre Telleria eta Enara Goikoetxea zuzendarien “El último paso” , Red Comète izeneko erakunde klandestinoari buruzko dokumentala ikusi ahal izan nuen. Erakundearen helburua galdutako hegazkin aliatuak berreskuratzea zen, hauen pilotuak alemaniarrek gatibu egin ez zitzaten eta beraien herrialdeetara bueltatzen laguntzeko. Istorio honek sorturiko interesak gehiago jakitera eta azkenenan lan hau idaztera eraman zidan.
Francisca, Urrugne-ko Michel Halzuet-en, eta Berako Juana Vicenta Alzate Marticorenaren alaba, Beran jaio zen 1908ko Abuztuaren 29an. 1930eko Maiatzaren 7an, Joseph Maria Usandizaga y Alzate eta Jeane Marie Durritzague-ren seme zen Joseph Maria Philippe Usandizaga urrugnarrarekin ezkondu zen. Harekin hiru seme-alaba izan zituen, 1939ko abuztuan alargun geratu aurretik, gerrak ekarritako zailtasun ekonomikoei aurre egiteko bakarrik geratuz.
Herriko lanik gogorrenak burutzeko, Hernanin erbesteraturiko Juan Manuel Larburu Odriozola kontratatu zuen. Honen arreba José María, Florentino Goikoetxearen anaiarekin ezkondua zegoen, azken hau Red Comète-eko gidarietako bat izanik. Urrugnan kokatutako emakume ausart honen Bidegain Berri baserria Pirinioetara abiatu aurretik Red Comète-ren azken babeslekua bilakatu zen. Bertara iristen ziren errefuxiatuei aterpea, atsedena, janaria, “esne katilu bat, alpargatak, mendietarako makilak eta Bruselako lanerako sargazko jantziak” eskaintzen zitzaizkien.
Bere alaba Mariak dioenez, “Frantxiak” bere izaera xumearekin aktiboki parte hartu zuen 1942ko Uztailetik aurrera Le Réseau Cométe-en, sei hilabete beranduago, 1943ko urtarrilaren 15ean alemaniarrek bizilagun baten traizioari esker Bidegain Berrin atxilotu arte. Berekin batera Royal Air Force-eko hiru pilotu (Stan Hope, William Greaves eta Percy Ross), Juan Manuel Larburu eta Andrée de Jongh, Dedée, belgikako erizain, erresistentzia belgikarraren kide eta beranduago Red Cométe-ren sortzailea atxilotu zituzten.
Atxiloketatik ihes egin zuen pertsona bakarra Hernani Florentino Goikoetxea mugalaria eta Red Comète-ren gidaria izan zen. Bere eginkizuna hegazkin pilotu ingelesei muga gainditzen laguntzea zen, Bidegain Berri-tik Oiartzun arte zuzenduz.
Sei atxilotuetatik guztiak atera ziren gerratik bizirik, Juan Manuel eta Francisca izan ezik.
Francisca Romainville-eko gotorlekuan espetxeratu zuten Parisetik 1943ko Abuztuaren 29an Ravensbrück esparrura mugitu arte: abeltzaintzako garraiatzeko bagoietan sartuta trenez egindako bidaia luzeak lau egun iraun zuen. Ravensbrück-etik bizirik ateratako Simone Chrisostome Vilalta-ren testigantzaren arabera, iristean SS-ko emakume talde batek “ongi etorria” eman zien presoak kolpatuz eta txakurrekin mehatxatuz. Ilea moztu ondoren, dutxa zeharkatu eta “marradun pijama” eman zieten.
Francisca 22463. zenbakian erregistratu zuten eta handik gutxira eremu honi atxikitako lan-eremuetako batean esleitu zuten, Neubrandenburgeko hegazkineritza fabrika batera hain zuzen ere. Bertan 36 urterekin hil zen Liberazioa baino hilabete bat lehenago, 1945-eko Apirilaren 12an.
JUAN MANUEL LARBURU ODRIOZOLA Hernanin jaio zen 1912ko Abuztuaren 20an, Berakorta baserrian. 1943ko Ekainaren 3an, Fresneseko kartzelan espetxaratua izan zen eta hortik Compiègne-ko kartzelera lekualdatua 1944ko Urtarrilaren 7an. Handik aste batera, Urtarrilaren 19an, Buchenwaldeko kontzentrazio esparrura deportatu zuten, 40644 zenbakiarekin erregistratua. Azkenean Flossenbürg-eko kontzentrazio esparrura bidali zuten, 6558 zenbakiaz eta han 32 urte zituela hil zen 1944ko Apirilaren 5ean.
Bien bizitzak ez ziren alferrik galdu. Red Comète-rekin lankidetzan aritu ziren garaian, ia ehun pilotu aliatu salbatu zituztela zenbatesten da.
MEMORIAREN BUNKERRA IREKIZ
Berako Okalarre bentaren gaineko bunkerra, han lanean aritu zirenen barrakoiak eta haraino heltzeko bideak garbitu dituzte auzolandegian, ondarea bistaratzeko asmoz.
Katalineko bordako Francisco Lazkanotegiri soroa eta bi seme ebatsi zizkioten frankistek. Bere lurren inguruan bunkerra eraikitzen hasi ziren 1939an, eta soroetan hartu zuten ostatu bortxaz lanean ari ziren esklaboek. Semerik zaharrena ere kendu zioten, eta gerrara bidali zuten. Euskaraz baizik ez zekien, eta «ideologiarik gabekoa» zen, bere iloba Patxi Lazkanotegik dioenez. Teruelen (Espainia) zauritu zuten, frankisten aldean borrokan, eta Iruñeko ospitalean zendu zen, bronkopneumoniak jota. «Joan den astean aurkitu dugu, eta espero agudo ekarriko dugula etxera». Franciscoren beste seme bat ere eraman zuten, Patxiren aita: gerrara lehenbizi, eta zazpi urtez izan zuten lanean gero, «miseriak pasatzen», tartean, Aritxulegin. Horregatik joan zen Patxi atzo Okalarre bentara, memoriaren kutxa irekitzen ari zirela eta.
Onddoak bezala hazten dira bunkerrak Nafarroako iparraldeko mugako mendietan. II. Mundu Gerran frankistek babesteko beharra sumatu zuten, eta beharturiko lanen bidez sortu zituzten. Beran, adibidez, 200 bunker zerrendatu dituzte. Horietako bat da Okalarre bentan gora berehala ikus daitekeena. Mendian gorderik, hiru behaketa gune ditu eta bi irteera, zerbait gerta ere, alde bietatik ateratzeko. «Bunkerra deitzen diogu, baina, berez, galeria bat da», zehaztu zuen Nico Zuazuak. Berak gidatu ditu azken hamabost egunetako lanak Carlos Zuzarekin batera. Gabinete Trama arkeologia enpresakoak dira biak, eta, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, 18 eta 24 urte bitarteko 25 boluntario izan dituzte lanean, gaur arte.
Edurne Turrillas izan da gazte horietako bat. Historia eta Ondarea ikasten ditu unibertsitatean, eta irakaslearen aholkuari jarraikiz eman zuen izena boluntarioen auzolandegietan: «Lehenik bunkerrerako bidea sortu genuen, eta garbitzen eta gauzak kentzen aritu ginen; azken finean, politago egiten jendea ikustera etor dadin. Nahi dugu leku hau ondare bihurtu». Azken egunak beherago eman dituzte, bunkerrean lanean aritzen zirenen aterpeetan: barrakoietan. Esperientzia ederra izan dela onartu zuen: «Uda desberdina izan da. Gure artean giro ona dugu, arratsaldean mendira joan gara, Xorroxinera… Gainera, Valentziatik eta Madrildik etorritako jendea dago».
Lana erakusgarri
Abuztuko lehen hamabostaldian egindakoa erakustea zegokien atzo. Okalarre bordan jarri zuten topalekua. Beratik zenbait herritar igo ziren emaitza ikustera, tartean, Aitor Elexpuru alkatea. Han izan zen Cesar Laiana Nafarroako Memoriaren Institutuko dokumentazio burua ere. «Memoriak interesa pizten du, eta guretzat pozgarria da hori», esan zuen Laianak. Eta horixe zen afera: memoriaren bunker ilunean argi pixka bat paratzea.
Bisitariak eta boluntarioak, denak elkarrekin igo ziren bunkerrera, egun hauetan txukundutako bideari jarraikiz. Bide bukaeran harkaitz handi bat zegoen. Barrura sartuta, hezetasuna zen nagusi, eta iluntasuna. Hori ez zen arazo handia izan, gehienek sakelakoaren linterna baliatu baitzuten aurrera egiteko. Tunel luze eta ilun bat, frankismo garaiaren eta ondorengo beldurraren parekoa. Hiru zirrikituetatik igaro ziren bisitariak, eta han paratu zituzten begiak, zerbait ikusiko zutelakoan, baina sasiek ez zuten uzten begirada sobera urruti zabaltzen. Eta, bitartean, bisitarien arteko solasak. «Ni hemen egon naiz, baina duela 50 urte», bota zuen gizon batek. «Txikitan jostatzera etortzen ginen hona, eta dena ardien kakaz beteta egoten zen, barnera sartzen baitziren».
Bigarren atetik atera, eta malda malkartsu batean behera jaitsi ziren, ipurdikoren bat tarteko. Han, boluntarioen erratzen sigi-saga baizik aditzen ez zelarik, harriturik geratu ziren beratarrak: «Hau lehen ez zen ikusten», batek. «Dena tapatuta zegoen. Igual eskailerak bai, ezta?», beste batek. Sastraka artetik bunkerren oinarriak atera dituzte gazteek, eta eraikin baten puska batzuk. Han eman zituen azalpenak Zuazuak: «Pirinioetako bunkerren lerroa proiektu megalomano bat izan zen, erabilera urrikoa. Erregimenak bere burua zuritu, dirua xahutu eta jendea lanean izateko modu bat. Bitxia da, 1958ra arte jarraitu baitzuten lanekin, eta ordurako ez zuen zentzurik, inoiz zentzurik izan baldin bazuen».
Francisco Lazkanotegik karta bat idatzi zuen ebatsi zioten soroa berreskuratu nahian. Eskutitz horretan esaten zuen ganaduarentzat behar zuela borda, eta justizia espero zuela. 1950ean egin zuen eskaria, 11 urte geroago. Ordura arte, isilik. Paco Lusarretaren hitzak gogora ekarri zituzten atzo: «Memoriaren etsaia ez da denbora, isiltasuna baizik». Eta hantxe, barrakoiak altxatu zituzten tokian, sastrakak kenduta, bertan gertatutakoa agerian utzi nahi izan zuten, argi pixka bat sar dadin bunkerreko zirrikitutik.
2020ko abuztuak 15, BERRIA egunkaria
1936ko gerran eta ondoko urteetan izan ziren errepresaliatuak gogoratu dituzte Beran.2020-08-02
Aurreskua dantzatu, abestia kantatu eta lore-eskaintza egin zaie Herriko Etxe atarian duten eskulturan.
Txupinazorik ez dute bota eta besta ofizialik ez dute ospatuko aurten Beran, baina normalki bestak hasiko liratekeen tenorean, abuztuaren 2an, igande eguerdian, duela bi urte lehen suziria pizteko aukera izan zuten 1936ko gerran eta ondorengo urteetan izan ziren errepresaliatu beratarrei omenaldi xume bat eskaini zien Berako Udalak.
Lehenik, txalaparta doinuak aditu ziren Herriko Etxeko Plazan, Oskar Goñi eta Amaiur Goñi aita-semeen eskutik. Ondotik, Jon Abrilek hartu zuen hitza. Berak aipatu zuenez, «ez dira bestarako sasoirik onenak. Aspaldi ikusi gabeko egoera da bizi duguna. Baina ez da lehenbiziko aldia gure herria bestarik gabe gelditzen dena. Oraingo egoera latza eta gogorra izanagatik ere, 1936 eta 1939 urteen arteko egoera saminagoa izan zen gure herriko historian. Plaza hau bilgune izaten da herriko bestetan. Baina, gure historiako argazkirik beltzenak ere hemen ateratakoak dira. Argaitzako harrobiko fusilamenduekin batera, plaza honetan samina eta krudeltasuna nagusitu ziren 1936ko abuztuaren 2an. Horregatik, egun seinalatu honetan, bestarako girorik gabe, oroimenera ekarri nahi ditugu Espainiako Gerran fusilatu, errepresaliatu eta biktima izan ziren emakume eta gizon guztiak, askatasunaren alde egindako borroka eskertuz».
Beratik kanporatutako familiak
Izan ere, 1936ko abuztuko lehenbiziko egun haietan ez zen giro Beran, Hego Euskal Herriko gainerako lurralde gehienetan bezala. Fernando Mikelarena historiagile beratarrak “Muertes oscuras” bere liburuan plaza honetan gertatutakoak bildu zituen. Abuztuaren 1ean, Ladislao Visier Zubiri Berako lehenbiziko teniente komandante militarrak agindua eman zuen, biharamunerako, abuztuaren 2ko eguerdiko bietarako, eskapo joandako herritarrak zein militarrak bueltan ez baziren, euren familiak kanporatu eginen zituztela. Mehatxua gauzatu egin zuen, eta Berako hogei bat familia kamioi gainetan kanporatu zituzten, tartean haurrak eta adinekoak zeudela.
Orduko lekukoek eta haien senideek oroitzen dute nola sartu zituzten kamioietan, iparraldera batzuk, baina urrunago ere bertze hainbat, Loira bailarako Saint Gilles Croix de Vieko errefuxiatuen kanpalekura, erraterako.
Abrilek aipatu zuenez, «bada oraindik horiek iraganeko kontuak direla uste duenik, eta ez direla zertan zabaldu behar. Bada ez, herri batek aitzinera egiteko, derrigorrean jakin behar du gibelera begiratzen, zer gertatu zen, zergatik gertatu zen. Herri batek jakin behar du bere akatsetatik ikasten, hobetzeko grina izateko. Askatasunaren alde borrokotzeagatik zigor handiegia pairatu zuten herritar aunitzek, garesti ordaindu zuten. Oraindik ez zaie biktima izaera onartu. Gordeka eta lotsakizunez ibili behar izan dute urtetan. Eskapo joandakoak; espetxeratutako, eraildako eta fusilatutakoen emazteak, anai-arrebak, gurasoak, seme-alabak… luzaroan sufritu behar izan zuten egoera hura. Eurei zor diegu egia argitzea. Gure buruari zor diogu egia jakitea. Eta ezagutzearekin batera, zabaltzea. Atxagak zioen dena atzentzen zaigula. Oroitzeak, memoriak, neke eta lan anitz eskatzen duela, eta horregatik, euskarri batzuk, derrigor behar ditugula, normalena delako atzentzea. Ekitaldi hau bezalako heldulekuak, memoriaren guneak, elkarte memorialistikoak, liburuak, kantuak, dokumentalak, plaza honetako oroigarria… Denak gutti izanen dira urtetako isiltasuna eta honek sortutako mina eta samina estaltzeko. Egia, justizia, aitorpena eta erreparazioa aldarrikatu nahi ditugu gaur ere. Gure herria, gure gizartea libre, aske nahi ditugulako».
Aurreskua eta lore-eskaintza
Ondotik, Kattalin Berasain eta Xiker Lizardi dantzariek Aurreskua dantzatu zieten Herriko Etxeko Plazara hurbildutakoei, Asier Osesek txistua jotzen zuen bitartean. Ondotik, lore-eskaintza egin zen Herriko Etxe atarian “gerrako ahantziei” egindako eskulturan. Mikel Iriarte Antxorenak egindako eskultura da eta 2018ko azaroaren 18an inauguratu zen. Azkenik, Ekhiñe Zapiain, Irati Iriarte eta Olaia Iantzik abesti hunkigarria kantatu zuten, gitarra lagun zutela.
ERRAN.EUS