BLOG KOLEKTIBOA
Herriarena da hitza. Hemen idatzi nahi duzu?
PIO BAROJA. BERE JAIOTZAREN 150. URTEURRENA. EKITALDIAK BERAN.
Pio Baroja idazlea jaio zela, 150 urte beteko dira abenduaren 28an.
Bi ekitaldi antolatu ditu Berako udalak:
1.- Abenduaren 14ean, liburu aurkezpena eginen da Beralandetan.
“Pio Baroja, el hombre que vino del mar” (José Andres Álvaro Ocariz & María Mercedes Marta Abreu). Gaztelaniaz.
(Deialdi oharra txertatu).
2.- Abenduaren 16,17 eta 20an: “Pio Baroja interpretazio artistikoa”, Larraitz Ugartemendiak gidatua.
Larraitz Ugartemendia, Irungo Pio Baroja institutoan aritzen da irakasle batxiller artistikoan. Bertan Berako gazte batzuk ere ikasten dute.
Planteatzen dena Irungo institutoan hasitako lan artistikoaren jarraipen bat da, Irunen hasi, eta Beran bukatuko delarik.
“Pio Baroja interpretazio artistikoa” lona batean egindako sormen artistikoa da, bertan argazki muntaia eta margoa batuko dira. Arte lan hau Berandetako fatxadan kokatuko da.
Argazki muntaian bere garaiko Pio Baroja irudikatu nahi da. Duela 150 urteko Pio Baroja alegia.
Kolorea monokromatikoa izango da. Txuri-beltzekoa alegia. Honen ondoren, inprentan irudia inprimatuko dute. Gero irudi horien gainean esmalteko pinturarekin margotuko da. Gaur egungo ikuspegi artistikoa ezarri nahi da. Pio Baroja ezagutuko bagenu bezala, bere barruko sentimenduak eta izaera kolorearekin interpretatuz. Ordungo Pio Baroja eta gaur egungo artistaren ikuspegia batzea izango da artelanaren gakoa.
Egunez eguneko egitaraua hau da:
Abenduaren 16an ortzirala, goizeko 9tatik 13:30tara Irungo Pio Baroja ikastetxeko 2. batxilergo artistikoko ikasleak lona margotzen hasiko dira. Arratsaldez Larraitz Ugartemendiak lana aurreratzen jarraituko du.
Abenduaren 17an larunbata, 10:30tatik 13:30tara arte lana margotzen bukatuko da. Hortarako Berako jendarte guztia gonbidatua dago, lan honetan parte hartzera. Hemendik dei berezi bat egiten dugu jendea animatuz. Parte hartzeko ez da zertan margo lanetan aditua izan behar.
Abenduaren 20an asteartea, 17:00etan arte lanaren inaugurazioa eginen da. Performance estiloko emanaldi bat eskainiko da musika eta hitzak partekatuz.
Baroja familiaren lan intelektualaren nazioarteko garrantziari buruzko irizpena
Bortzirietako Historialarien Elkartearen lehendakaria izanik, Bera udalerriarekin lotura estua duen Baroja familiaren lanaren nazioarteko garrantziaz galdetu zidaten. Ematen ahal dudan beharrezko erantzuna, beraien obraren oihartzuna handia izan dela da.
Galdera horri Historiako metodoak aplikatzen badizkiogu, garrantzi horren agiri dokumentalak Barojatarrak, bai osaba Pío Baroja, eta, batez ere, bere iloba, eta dizipulua, Julio Caro Baroja, munduko intelektualaren esparruan lehen mailan kokatzen dira.
Pío Barojaren literatura lanak, XIX. Mende bukaeran eta XX. Mende hasieran argitaratu zirenetik, nazioartean arrakasta, eragina eta garrantzia izaten joan zen.
Pío Barojaren izena ageri den Literatura Unibertsalaren Historiaren liburu guztiak zehatz-mehatz aipatu gabe, Ameriketako Estatu Batuetako lehen edizioetako bat aipa dezakegu. “La casa de Aizgorri” lanaren itzulpena hain zuzen, 1921ean Kaliforniako Unibertsitaterako Laura Lorine Donnelly-k autorarenganako hitzaurrerekin batera egindakoa. Baita “La Lucha por la Vida” trilogiaren azken atala, “La Aurora Roja” eleberriaren argitalpena. 1925-ean Estatu Batuetako Kongresuaren liburutegiak berretsi bezala, azken hau 1924an egin zuen Isaac Goldberg-ek New York-eko “A.A. Knopf” argitaletxearentzat.
Geroago, bere lana iruzkindua agertuko da, esate baterako, 1927an argitaratutako “Bulletin of Spanish Studies” aldizkari anglosaxoian egin ziren ikerketetan. “A sheaf of translations” (Itzulpen Sorta) artikuluan garbi atzematen ahal da Pio Barojaren lanek ingeles eta amerikarren artean sortutako interesa, aipatu berri ditugun 1921 eta 1924ko kasuetan bezala.
Data horretatik aurrera, Pio Barojaren bizitza amaitu aurretik jada nazioarteko mailan literaturari buruzko azterlan zientifikoetan aipamenak eta itzulpenak ohikoak izango dira, hedabide hauetan fama eta garrantzia hartuz.
Pío Barojak literatura-egile gisa izandako kontsagrazio bizkorra ezinbestekoa da normalean Pirinioetatik hegoalderago sortutako produktu intelektualekiko harrera onik ez duten hedabideetan bere iloba Julio Caro Barojak izango zuen proiekzioa ulertzeko.
Ildo horretan, kontuan hartu behar ditugu Pío Barojak Julio Carorengan tutore gisa izandako eragina (familiako gainerako intelektualekin batera: Carmen, Serafín …). Honi esker ohi baino denbora gutxiagoan elkargo intelektualetan famatua egingo da, esan bezala, Frantziako mugatik hegoaldean sortutako produktu intelektualik ia ez aintzat hartzen ez dituztenen artean. Hala ere, bere familiak lehenagotik zeukan eraginak ez du bere lanen meritua gutxietsi behar, alderantziz, munduan kasu paregabe bati buruz hitz egiten ari baikara.
Unibertsitateko ikasketak amaitu ondoren, Julio Carok Wenner-Gren, mundu osoan ikasketak antropologikoak sustatzera zuzenduta dagoen fundazioaren beka bat izango du.
40. eta 70. hamarkaden artean, arlo horietan eta Historian nazioartean Oxford-eko Institute of Social Anthropology edo Washington DC-ko Smithsonian Institute moduko dibulgazio zientifiko eta filosofikoan erreferentziak diren instituzioetan egingo du lan. Era berean, Paris-en, Ecole Pratique des Hautes Études-ek Historia Sozial eta Ekonomia atalekoatzerriko zuzendari izendatuko dute.
Irakasle gisa mundu osoko unibertsitateetan partekatuko du bere jakintza: Atenasen, Erroman, Portugalgo Coimbran, Alemaniako Bonnen, Munich eta Koloniakoetan eta Ameriketako Estatu Batuetako Wisconsin eta Berkeley-n irakatsiko du.
Nazioarteko mailan izandako ibilbide luze eta arrakastatsu hau faktu deigarri batean laburbildu daiteke: gaur egun ez dago Historiari buruzko trataturik zientzia horretako gai ezagunenetako bati buruz – Sorginkeriaren Historia – non Julio Caro Barojak XX. mendeko 40. hamarkadan egindako lanak aipatzen ez diren.
David D. Hall-en “Witch-Hunting in Seventeenth century New England. A documentary History 1658-1695” moduko obra hain espezializatuen bibliografia nazioarteko komunitate zientifikoan Europako sorgin ehiza handia bezalako gaietan Julio Caro Barojak Aro Modernoan zehar lortu zuen ospe horren adibide ona da. Aipatu bezala kasu bakar eta apartekoa da Julio Caro Barojarena, hortaz beharrezkoa da antropologoari errekonozimiendua aitortzea eta ondorengo belaunaldiei bere lanak helaraztea.
FRANCISCO VICENTE ARANAZ, IN MEMORIAM,
Francisco Vicente Aranaz, Beran (Nafarroa) jaio zen 1890eko otsailaren 18an. Hurrengo egunean bataiatu zuten San Esteban parrokian. Videmalan (Zamora) jaiotako Santiago Vicenteren semea zen, garai hartan Bera postuan zegoen karabinero bat. Ama aldiz, Maria Aranaz Etxalartarra zuen. Aitaren aldeko aiton-amonak Bartolomé Vicente eta Manuela Antón ziren, Videmalan jaiotakoak, eta amaren aldetik: Francisco Aranaz eta Jacinta Galarregui Etxalartarrak.
Gerra Zibilaren (1936-39) hasieran, Francisco Vicente karabineroen tenientea zen Gipuzkoako probintzian, 19. komandantzian. Liskarra hasi ondoren, poliziako kapitain maila lortuko zuen.
Bere agindupean, denbora gutxian “Capitán Casero” batailoia izan zuen, López Iglesias buru ohia ordezkatuz. Geroago Euskadiko 14. brigada mistoaren buru izendatuko zuten.
Golpistek Bizkaia menderatu baino zenbait hilabete lehenago, 14. brigada mistoa eratu zen,1937ko martxoan. Ondorengo batailoien bateratzearen eraginez sortu zen: 16. “Gordexola” 16. Batailoia, “UGT2” 24., “Salsamendi” 44. eta “Zer Gaitik Ez” 66. zenbakiarekin. Brigada Mistoko lehen burua Eduardo Urtizberea Iriarte, infanteriako kapitaina izan zen, lehenago Gipuzkoako Txapelgorrien burua Donostian. Eduardo, Elguetako frontean zauritua, Bilbon hil zen 1937ko maiatzaren 4an, haren kargua Francisco Vicentek ordezkatuz.
Kasualitate gisa, Francisco Vicente Aranaz “Capitán Casero” batailoian zegoela, Juan Cueto teniente koronelarekin egon zela, Berako postuko karabineroen buru izan zena.
Aurelio Gutierrez (moldatua)
Ezequiel García Rodrigo- Sisebuto Santidrián Santidrián
Ezequiel García Rodrigo eta Sisebuto Santidrián Santidrián, beraien herriko patroiaren egunean hil zituzten.
Ezekiel, 1936ko abuztuaren 3ko goizean, San Esteban Bera herriaren patroiaren egunean. Sisebuto aldiz, 1936ko abuztuaren 16an, Portugaleteko San Roke egunean. Nire bizitza zati handi bat diren bi herrietan.
Bi hilketak miliziarren eskutik izan ziren, erreketeen esku Ezequiel-ena eta errepublikarrenetan Sisebuto-rena.
Ezequiel García, afiliazio politikorik gabeko bizilaguna, Berako kuartelean esleitutako Jesus García karabineroen aita zen. 70 urte inguru zituela hil zuten bertako hilerritik gertu. Abuztuaren 3a, golpe faxistari aurre egiteko Beratik ihes egin zuten pertsonekin (karabineroekin gehienbat) harremana zeukaten familiek herritik alde egiteko adierazitako eguna zen. Familia hauek jada beraien bizilekuetako arpilatzeak eta bizilagunen irainak jasan zituzten
Egun hau iritsi baino lehen, Uztailaren 20an bere seme Jesus, beste hainbat karabinerorekin, utzi zuen herria Irungo norabidearekin, errepublikako gobernu legitimoa armekin defendatzeko asmoarekin.
Bere gorputza ez zen sekula agertu. Heriotza erregistro zibilean dago jasota, baina ez hildakoen liburuan. Hilerriren baten lurperatzearen frogarik ere ez dago. Agian hilerriaren zati zibilean edo hobi komun batean lurperatu zuten, azkenean, ehun gorpu gehiago hartuko zituen hobian. Bera bezalako asko oraindik identifikatu gabe daude.
Sisebuto Santidrián Santidrián, 60 urteko guardia zibiletik erretiratutako sarjentua, Espainiako Eraberritzearen kidea eta Portugaleteko Orden Publikoko burua, Ortiz de Zarate jaun gobernadore militarrak eta Velarde jaun gobernadore zibilak 1934ko urriko iraultzan izan zuen jarreragatik eskerrak emanez izendatu zutenetik.
Sisebuto, Iparraldean saiakera militarrak huts egin zuenean, Arabako Murga herrian errefuxiatu zen, baina agertu bezain laster, Portugaleteko Fronte Popularrean salatu zuen herriko maisuak. 1936ko abuztuaren 13an atxilotu eta Portugaletera eraman zuten, miliziek Bilbora eramateko saiakerak egin zituzten arren. Azkenean abuztuaren 16ko egunsentian hil zuten.
Hasieran bertako hilerrian lurperatu zuten, eta gero Derioko hilerriko Martirien Kriptara eraman zuten. Horrez gain, Espainiagatik eroritakoen oroimenez eraikitako udal hilerrian jarritako mausoleoan agertzen da.
Bi hildako, gerra bera. Baina aitorpen, memoria eta konponketa berdina izan gabe. Ezequielek, bere senideen memorian dirau, oroimena oraina bihurtzen ahal den leku bat izan gabe. Sisebuto, Eliza eta Katolizismoak goraipatua, gerrako irabazle handiak izan zirenak.
Ezequiel, egia, memoria, aitorpena, justizia eta erreparazioa.
Aurelio Gutiérrez (moldatua)
LUCIO ALDAY LONGARAY Egia, Oroimena, Justizia eta Erreparazioa
LUCIO ALDAY LONGARAY, “Pistolo” bezala ere ezaguna.
Lucio Alday Longaray Beran jaio zen 1905eko urtarrilaren 3an, eta San Martzialen, Irunen, 1936ko urriaren 20an hil zuten.
Bere gurasoak Luciano Alday González, Araian, Araban 1863ko abenduaren 13an jaioa, Beran 1923ko martxoaren 12an zendua eta Justa Salvadora Longaray Llona Laukinizen, Bizkaian, 1868ko abuztuaren 6an jaioa, 1932ko uztailaren 22an Beran hildakoa. Aitaren aldetik aiton-amonak Arabako Barambio herriko Agustín Alday eta Kantabriako Catalina González de Guriezo ziren. Amaren aldetik berriz, Juan Antonio Longaray eta Catalina González bizkaitarrak ziren (Laukiniztarrak).
Luciano eta Justak ondorengo seme-alabak izan zituzten: Teodora Alday Longaray, 1890eko abenduaren 26an jaioa; Enrique José 1894ko uztailaren 15ean jaioa, 1896ko urriaren 31n bi urte zituela hila; MªCarmen Felipa 1896ko uztailaren 15ean jaioa, 1906ko ekainaren 7an hamar urte zituela hil zen.
Casimira 1899ko maiatzaren 28an jaio zen eta 1900eko apirilaren 17an, hamar hilabete zituela hil zen; Benigna 1901eko azaroaren 8an jaio zen eta azkenik, Lucio 1905eko urtarrilaren 3an jaio zen. Lucio hiltzean, bere arreba Benigna zen bere azken senidea, 1936ko otsailean Pedro Marañón irundarrarekin ezkondu zena.
Luciano Alday eta 1887ko abenduaren 17an Barakaldon ospaturiko ezkontzatik bere emazte zen Salvadora Berara iritsi ziren, Lucianok hasieran eskualdeko meategietan eta gero Fundiciones fabrikan laminadore gisa lan egin zezan. Bere bizilekua San Esteban kalean zegoen, Lizarraga izenarekin ezagutzen den etxean. Bitxia da 1922ko udal hauteskunde boikotatuetan Berako lehenengo barrutian 8 hauteslek baino gehiagok ez zutela parte hartu, bat Luciano bera eta bestea Angel Garín Badiola Fundaciones-en gerentea izanik, gerora frankista garrantzitsua izango zena.
Lucio Aldayri buruz bere garaian ezagutu zituzten bizilagunen eta lagunen erreferentziei esker dakiguna da, afiliazio politikorik gabeko eta pertsona eleketari bezala definitzen dute. Gure Txokoako bazkidea, ezkongabe hil zen.
Gerra aurretik errota batean lan egin zuen eta gero Francisco Antonio Olloren zerbitzura kamioi gidari gisa. Antonio hil ondoren, bere alargunak bere negozioa mantendu zuen. Lucioren hilketaren ondoren, bere salatzaileetako batek Antonio Olloren alargunaren atzetik zebilela esaten da, Luciorengatik baztertua izango zena, harekin ezkontza planen bidez egon zitekeelako. Lucio espetxean hil zen, bera bertan egotearen errunudetako bat pertsona hau izan zitekeelaren ustearekin, agian bere lagunetako bat izan zitekeena.
Hala ere, uztailaren 20an Lucio Aldayk txofer gisa lan egiten zuela, etxalarko karabinero errepublikarrei Irunera lekualdatzen lagundu ziela esan beharra dago. Badirudi 36ko irailean Irun erori arte bertan egon zela, gero karabinero berdinekin Hendaiara joateko. Gehienak trenez bidaiatu zuten Bartzelonara Errepublikara sartzearren. Luciok ordea, Berara itzultzea erabaki zuen, engainatua izan zelako edo bere bizitza arriskuan ikusi ez zuelako.
Berara iristean Lucio atxilotua izan zen, Berako kartzelean lehendabizi, non Iturenengo Pedro Gorostidi Imaz, Bautista Iriarte Azpiroz, Miguel Hualde Gorosterrazu eta gipuzkoako kabu txapelgorri batekin ziega partekatu zuen. Guztiak 1936ko irailaren 28an Berako harrobian hil zituzten, haien gorpuak Lesakako zubiaren ondoko pinudi batean lurperatuz.
Atxilotuek ez zituzten beraien bizitzak arriskuan ikusten orduan. Honen adibide argia, Pedro Gorostidi bera hil baino egun bat lehenago bere familia bisitatzeko aske utzi zutela da. Bisita egin ondoren, borondatez itzuli zen kartzelera. Kartzela hau udaletxean zegoen eta bi departamentu zituen, atxilotuen kopuru handiaren ondorioz auzitegia eta aguazilaren postua gaitu ziren.
Ondoren, Lucio, espetxearen saturazioagatik, urriaren 12an Astigarragako bi gazterekin batera, udaletxeko auzitegia okupatu behar izan zuten. Hiruak 1936ko urriaren 20an hil zituzten. Bi gazteak Beran hil eta bertako hilerriko hobi komunean lurperatu zituzten. Lucio aldiz Irungo San Marcial kartzelera eraman eta han hil zuten.
Hil ondoren, bere ondasunak lehenago Irungo edo Berako arpilatzean (azken hau Berako eliza-besta egunean karabinero errepublikarren familien herritik kanporatzearen ondoren) parte hartu zuten bizilagunek hartuko dituzte.
Nafarroako Komandante Gorenak, komunikazio hau argitaratu denetik hogeita lau orduko epea ezartzea adostu du, mugimendu nazionalaren ondorioz ihes egin duten pertsona guztiak nazio barneko beraien bizilekuetara itzuli daitezen, agindu hau bete ez dutenen familiak lurralde nazionaletik kanporatuko direla ahaztu gabe.
Gaur bertan argitaratzen denaren baldintzen barnean daudenei, kontuan izanik adierazitako epea abuztuko hurrengo larunbateko arratsaldeko ordu bietan bukatzen dela.
Bera, 1936ko uztailaren 31a.
Ladislao Vinen, TT. Berako Koronel Komandante Militarra
Beran eta Lucio Alday Longaray-ren kasuan, 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpe militarrak pertsona duin eta zintzoenei zer ekarri zien antzematen da .Herri horretan, biztanle zibilentzako erantzuna zein izan zen ikusi zen, hautestontzietan hautatutako errepublikako gobernua defendatzen zutenen eta estatu kolpe militarraren alde zeudenen artean.
Mugimendua abian jarri ondoren, ezkertiar milizianoak Irundik Berara joan ziren Fundiciones-era, 200 langilek baino gehiago eta UGT sindikatura atxikitako langileek lan egiten zuten konpainiara, egunean egungo gobernua defendatzera bultzatzeko. Asmo berarekin, uztailaren 20ko gauean, Irungo karabineroak Bera, Lesaka, Etxalar eta inguruko herrietakoekin gauza bera egiteko mugitzen dira. Karabinero gehienak Irunera joan ziren eta itzultzean Endarlatzako zubia suntsitu zuten, honela Bera eta Endarlatza arteko zirkulazioa eten zuten, 1937ko uztailean zubi berria inauguratu arte.
Ismael García zen Karabinero horietako bat, gurasoak beratarrak zituena. Karabineroak alde egin ondoren, bere aita, 70 urte baino gehiagoko gizona, Endarlatza aldera joan zen oinez, baina helmugara iritsi aurretik atxilotu eta hil zuten.
Cesáreo Seminario taxista, Berara itzultzean atxilotu zuten 1936ko abenduaren 10ean hil zuten, eta Lucio Alday kamioi gidaria, itzuleran ere atxilotua eta San Martzialen 1936ko urriaren 20an fusilatua. Bere aldetik, Isidoro Fagoaga Berara itzultzean armada nazionalean sartu zen urte horretako urrian, ondoren gerra amaitzean Argentinara joateko. Fausto Matxiarena bost kamioiren jabea eta industrialariak ere lagundu zituen.
Bi operazio horietan, ezkerreko milizianoenean eta Errepublikaren menpe zeuden karabineroenean, ez ziren gehiegikeriak edo tratu txarrak eman Berako eskuindar jendartearen aurka.
Hala ere, uztailaren 21ean, indar kolpistak Bera herrian sartzean, ezkertiar edo abertzale izateagatik edo erresumina edo mendeku pertsonala izate hutsagatik (Lucio Alday-ren kasuan), jazarpena hasi zen.
Cesáreo Seminario Iraizoz, Faustino Martínez Urtiaga, Lucio Alday Longaray, Juan Etxenique Machiarena. 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpe militarraren ostean hil ziren beratarrek eta pertsona guztiak,errekonozimendu publiko eta herrikoia merezi dute. Beraien arima eta senitartekoei isiltasunaren ordez egia, memoria, justizia eta erreparazioa eskaini behar zaie.
Aurelio Gutiérrez (moldatua)
OKALARREKO BUNKERRA-BEHAKETA POSTUA
Gaur egun oraindik, “koba” izena ematen zaio 1944 eta 1945 urteetatik aurrera diziplina-batailoietako eta ordezkapen-batailoietako soldaduek egindako bunker edo behaketa-postu honi, Ibardinen Okalarre izeneko eremuan dagoen eta Gartzin edo Peña Rata deituriko arkaitzean. Bisitari gehienek bere eraikuntzaren historia ez dute ezagutzen, ibilbide osoa egin ez dutelako batez ere. Postuaren eginkizun nagusiak, zegozkion defentsa-ekintzak behatzea eta zuzentzea eta, aldi berean, aginte-postu modura erabiltzea zirela uste da.
Ehun metro luze da bunkerra eta bere lurzorutik iragazketetako urak biltzeko ubide bat igarotzen da. Honi esker, barruan ur putzu eta gainezkatzeak ekiditen dira. Hiru kanoi-zulo eta bi sarrera ditu eta bertatik mugaren ikuspegi osoa eta ia 360º-ko ikuspegi panoramikoa dago. Zulo batetik ederki ikusten dira Ibardingo lepoa eta Bentak.
Behaketa gune hau, Frantziako mugatik gertu dagoen gune estrategiko batetik kilometro-erdi eskasera dago kokaturik. Dinamita erabiliz zulatu zen harkaitza. Bere inguruan, lau metrailadore habik babesten dute basea. Bigarren Mundu Gerra amaitzean egon zitezkeen aliatuen edo erbestean zeuden errepublikarren inbasioek sorturiko beldurragaitik Frantziarekiko mugan zehar defentsak nabarmen areagotu ziren. Berako lurretan soilik, mota guztietako gutxienez 140 gotorleku militar aurkitzen dira. Metrailadore habiak, mortero eta metrailadore antiaereentzako postuak, artilleria-kasamatak, bunkerrak, behaketa-postuak, etab. Guztien artean, bere neurri eta hura eraikitzeko behar izan zen lanagaitik, Okalarreko bunker edo behaketa-postu hau nabarmentzen da.
Aurelio Gutiérrez (moldatua)
BUNKERREN ITZULIA IBARDINDIK 1. ZATIA Aurelio Gutierrez Martin (moldatua)
Berako Altzate auzoan dagoen Itzeako Barojatarren etxetik abiatuta, Ibardinera doan errepidea jarraituz, bost metrailadore habi ikus ditzakegu, bere garaian Frantziarako norabidea duen bide hau asfaltatu zenean kontserbatu zirenak. Hauek 1,5 km-tik aurrera daude, bakoitza kilometro erdiko espazioetatik 3,5 km-raino, guztiak paraleloan dagoen frantziar bidera begira.
5. kilometroan, ezkerrera egingo dugu, eta, bidea hasi eta gutxira, Sastrebaita bordako baserriaren belardian beste defentsa militar bat ikusiko dugu.
Bidaxka honetan dagoen baserria igaro ondoren, eskuinetara beste defentsa bat dago ezponda batetik zintzilik. Inguru hau Etxeberriko bordarena da.
Handik aurrera, 50 bat metro eginez, Etxeberriko bordako bidegurutzera iritsiko gara. Puntu honetatik aurrera, aurrera jarraituko dugu, eskuinera Ibardineko doazen bi bide utziz. Bata Mendi Mendia bentara iristen da ta bestea 11. mugara.
Ondoren, zabalgune batera iritsiko gara eta bertan metrailadoreen habi bat aurkituko dugu aurrez aurre. Atxuleko bordarenak dira lur hauek.
Ezkerrerantz jarraituko dugu beti, Zamarreko bordaraino, eta Akilerren beste bi defentsa ikusiko ditugu bi muinoen gainean.
Zamarreko bordako eraikinetara iritsi baino lehen, eskuineko bidea hartuko dugu. Jaitsiera hasi bezain laster, beste defentsa militar bat aurkituko dugu Etxegaraiko bordan.
Jarraian, gorantz doan lehen pista hartuko dugu eta 20 bat metrora Atxuleko borda eremura iritsiko gara, inguru honetako azken defentsa militarra ikusteko. Behaketa amaitzean Etxeberriko bordako bidegurutzera itzultzen gara. Puntu horretara iristean, Ibardingo igoera eta lehenago bertara iristeko bidea saihestuz, Berara jaitsiko gara.
Ibilaldia hasi eta gutxira, Postasen, ezkerretara artilleriako kasamata bat dago eta 20 metro aurrerago, metrailadoreen habi bat muino batean.
Berako elizarantz jaitsiera jarraituz, ezkerrera joan eta beherantz bide zuzen bat hartu. Eskuinean, Xerrepa izeneko tokian, hiru bunker daude. Guk ezkerrera egingo dugu Kalbarioko errekarako noranzkoan eta beste hiru bunker aurkituko ditugu.
Erreka honen parean, Lasabaren borda eta Marimartineneko borda baserrien erdian amaitzen den bide bat dago. Asfaltatutako pistara iristerakoan, belardian aurrez aurre azken habia dago. Jaitsieran eliza ikusten ahal da.
PEÑA RATA-ko BUNKERRA
Eusko Jaurlaritzaren Artxibo Historikoaren dokumentuen artean, 1940.urtean, Jose Maria de Lasartek, Jose Ignacio de Lizaso Londresen Euzkadiren Gobernuaren delegatuari, Pirinioetako gotorlekuei buruz hitz egiten duen txostena dago (253/02 espedientea).
Txosten honek pixkananaka Frantziarekiko muga osoa gotortzen ari dela adierazten da. Jada 6 hilabete zeramatzaten lanean, ingeniarien eta langileen batailoien tropen partehartzearekin.
Txostenean ondorengoa adierazten da: “Bidasoako amaieran, Araya ibaiaren ondoko Aralar eta Andia mendietako buruetan, Iruñeko iparraldeko mendietan eta Irati eta Aragoi ibaien inguruetan ikusitakoaren arabera, leku horietan eraikitzen ari diren defentsak modernoak eta seguruak direla esan daiteke: bost metroko diametroa duten eta berrehun tona baino gehiago pisatzen duten hormigoiez osatutako zuloak, zuloen artean komunikatzeko estalitako lubakiak eta harrobietako galerien moduko lurpeko bolbarategiak aurkitzen ditugu besteak-beste.”
Ibardin mendiari dagokionez, honako hau adierazten da: “Ibardinen eta Beraren artean, kilometro batzuk eraiki dira etxalarko errepidearen aldetik, Peña Rata-rekin lotuz.” Berako lurretako metrailadoreen zuloak eraikiak daudenaren berri ematen da, pintura berde eta horiz kamuflatuak. Mapa gehigarri baten zuloen kokapena adierazia dago ere.
“Rata mendian harrobien gisako galeria bat eraiki dute, munizio biltegi eta aterpe gisa erabiliko dutena. Frantzia alderako irteeraren sarbidean, metrailadoreen hiru gune eraiki ditu. Zulaketa hau hilabete eta erdian burutu da, bi konpresorerekin Ingeniari Konpainia baten eskutik.”
Beratik gertu, zenbait artilleria kokaleku eta 8´8 cm-ko bi kanoi-bateria gordetzeko gunea eraikitzeko proiektua dago, guztiz hormigoiez egina izango zena.
Berako sektoreko lan guztiak 14. eta 107. zenbakiko langileen batailoiek egin zituzten, Mauricio Iriarte kapitainaren agindupean. Aldiz, José Vallespín Cobián, Ingeniarien Koronela zen Oiartzungo eremuetako fortifikazioen burua (eremu honetan Bera eta Etxalarko lurrak sartzen ziren).
Era berean, aipatutako txostenak honako hau aipatzen du: Ingeniarien Komandantea, Alejandro de Goicoechearen (euskaldunen traidorearen) bisita maizengatik, Pirinioetako zati honetako gotorlekuekin harremana duela dirudi.
BUNKERREN ITZULIA IBARDINDIK 2. ZATIA Aurelio Gutierrez Martin (moldatua)
Ibilbide honetan, hainbat motatako defentsa militarrak aurkitzen dira: metrailladore habiak, artilleriako kasamatak, bunkerrak, hegazkinen aurkako defentsak. Postu hauek eraiki zituzten militarrak preso izan zituzten barrakoiak ere ikusi daitezke.
Bera eta Frantzia lotzen zituen errepide zaharraren inguruko ibilbideak hiru ordu eskas irauten du.
Itzeatik, Barojatarren Altzate auzoko etxetik abiatuz, Xantel errekarantz goaz. Norabide horretan, eskuinetara, harrobira doan pista utziko dugu, eta asfaltatutako pistatik jarraituko dugu, “Limiteko bide gurutzea”-rantz. Bertan, hiru bunker ikus daitezke. Igoera hau lasai hartuko dugu, zeharo aldapatsua baita.
Pistan jarraitu eta “Usategieta” bidegurutzera iritsiko gara. Han, artilleriako kasamata bat dago, eta handik abiatzen da Frantziara doan galtzada zaharra, “Napoleon galtzada” izenekoa. Bertatik, “Landagaita” norabidea hartuko dugu Larun mendirantz. Pista honetan 6 metrailadore habi aurkitzen ditugu bidearen ertzean eta inguruetan. Era berean, bidegurutzetik ehun bat metrora dagoen lehen habia igaro ondoren, eskuinetara bi muinoen artean dagoen pista hartuz gero, bi defentsa antiaereo aurkituko ditugu “Mindegia” izeneko tokian.
Azken metrailadore habia ikusi ondoren, “Usategieta” aldera bueltatuko gara, Ibardinerako norabidean. Ehiztarien babeslekutik eskuinetara dagoen bide balizatua hartuko dugu, “Okalarre” izeneko lekura iristeko. Okalarre bentara iritsi aurretik, pistaren eskuinaldean beste metrailadore habi bat aurkituko dugu, baita bentatik pixka bat gorago dagoen belardian beste bat. Inguru horretan, Peña Rata edo Gartzin izeneko tontorrean, haitz osoa zeharkatzen duen bunker bat dago. Bunkerrak hainbat tiro-posizio ditu, eta berrogeita hamar metro inguruko luzera. Bisita interesgarria da, baina honetarako linternak beharrezkoak dira.
Jarraian, asfaltatutako errepidetik joango gara, hogei metro inguruko bunkerra ikusteko. Goialdean, ezkerretara, metrailadore habia dago. Ibardinerako bidetik zenbait metro aurrera jarraituz, ezkerretara defentsa militarrekin batera soldadu langileek egin zuten pista hartzen dugu. Norabide horretan, “Eltzaurdia” aldera joko dugu eta handik abiapuntura.
Norabide horretan soldadu langileen batailoiak zeuden barrakoiak ikus ditzakegu eta zelai baten erdian dagoen artilleriako kasamata bat ere , gaur egun abereen babesleku bihurtua.
MAISU-MAISTREN LANAK IDATZITAKO INTRAHISTORIA
Edurne Elizondo NAFARROAKO HITZA
Maisu izan naiz ni. Orain irakasle anitz dago, baina maisu gutxi. Dena aldatu da”. Malenkonia pixka bat sumatzen zaio Guillermo Iriarte Aranazi, eskolari buruz hitz egiten duenean. Bokazioak eraman zuen irakaskuntzaren esparrura, eta bokazioak bultzatuta idatzi du, orain, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak argitaratu berri duen Nafarroako eskolaren historia ilustratua (1828-1970) liburua.
Iriartek Hezkuntza Departamentuko jarduneko agintari nagusien aurrean aurkeztu du bere lana, Nafarroako eskoletan maisu eta maistra izandako lagun anitzen babespean. Pertsonak jarri nahi izan ditu Iriartek erdigunean, bere liburuaren bidez: ikasleen ahaleginak eta maisu eta maistren lanak idatzitako intrahistoria utzi du agerian; eraikin zaharretako gelek xurgatutako istorioak gogoratu ditu; jaso ditu pedagogiaren esparruko gako nagusiak; eta, oro har, herrialdeko eskolen garapena jorratu du, hitzak eta irudiak uztartuz.
Bostehun orri baino gehiago eta bostehun argazki baino gehiago biltzen dituen lana da emaitza, eta euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu du Hezkuntza Departamentuak.
Maisu eta orientatzaile izan da Iriarte, 2009an erretiroa hartu zuen arte. “Eskola da garaian garaiko testuinguru historikoa hobekien islatzen duen esparrua”, erran du. Hain zuzen, garaian garaiko testuinguruari egin dio so bere liburuan, urte luzez eta bere lanbideari esker lortutako materialak lagunduta.
Jasotako agiri, argazki eta testu horiekin liburua osatzeko prozesuan, Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari Aitor Etxarte izan du Iriartek bultzatzaile nagusi. Liburua aurkezteko agerraldian ere ondoan izan du egileak eskola kontseiluko burua. “Gazte eta zaharrentzako liburu bat da hau, hamaika irakurketa eskaintzen dituena. Gure eskolen errealitate historikoa kontatzen du; gustuko duguna, bai eta gustuko ez duguna ere, gustuko ez dugunari buruz ere hitz egin behar baitugu”, erran du Etxartek, Iriarteren lanari buruz.
Bost atal
Iriartek ia mende eta erdiko bidea egin du Nafarroako eskolaren historian, 1828tik 1970era. Bost atalen bidez kontatu du historia hori: XIX. mendeko eskolari buruzkoa da lehenengoa; XX. mendeko lehen hereneko hezkuntza politikari egin dio so bigarrenean, eta, hirugarrenean, berriz, Espainiako II. Errepublikan egindako urratsei eta 1936ko gerrak eragin zuen atzerakadari. Laugarren atala da frankismoaren garaiko hezkuntzari buruzkoa, eta bosgarrenak, azkenik, irakaskuntzan lanean aritutako hainbat maisu eta maistraren ibilbideak nabarmendu nahi izan ditu.
Nafarroako hezkuntza publikoaren lehendabiziko urratsak izan ditu Iriartek ardatz, liburuko aurreneko atalean. Egileak nabarmendu du 1831n Hezkuntzako Batzorde Nagusiak egindako Lehen Hizkien Eskoletako Araudia. “Irakaskuntzaren oinarriak ezarri zituen”. Nafarroa bere berezitasunei eusten saiatu zela erantsi du Iriartek, eta, ahalegin horren ondorioz, 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat derrigorrezkoa zen eskolara joatea. “Estatuan, 5 eta 9 urte bitartekoek joan behar zuten; Nafarroan, gainera, 150 biztanle baino gehiagoko herrietan nesken eskolak baziren, estatuko gainerako herrietan ez bezala”.
XIX. mendekoak dira Nafarroan maisuentzat eta maistrentzat sortutako lehen eskolak. Gizonena 1840. urtean jarri zuten martxan. Gisako bertze eskola bat bazen, garai hartan, Madrilen. “1847an, berriz, maistren lehen eskola ireki zuten Nafarroan”, azaldu du Iriartek.
XX. mendeko lehen herenari buruz, Iriartek liburuan nabarmendu du ikasteko eta irakasteko modu berriak sartu zirela eskoletan. “Neurri pedagogikoak eta sozialak hartu zituen administrazioak, eta ahalegina egin zuen Heziketa Libreko Erakundearen korronte berritzaileetara eta Eskola Berriak defendatzen zuen hezkuntza mugimendura egokitzeko”.
Primo de Riveraren diktadurak izan zuen ondoriorik hezkuntzaren esparruan. “Aberria goratzeko jarduerek gora egin zuten eskoletan; eraikin guztietako aurrealdean armarriak jarri zituzten. Askatasuna galdu zen, baina eskola anitz eraiki zituzten”, kontatu du Iriartek.
Espainiako II. Errepublikak loraldia eragin zuen irakaskuntzan. “Eskola eredu moderno, aske, laiko eta sozial bat lortu zen. Eskolak denentzako toki bilakatu ziren; hezkuntza eraman zuten herrialdeko txoko guztietara, eta eskolek gogoz egin zuten lan analfabetismoaren aurka. Elebitasuna eta hezkidetza bultzatu zituzten”, azaldu du egileak. Nafarroako lehen ikastolak ere garai horretan sortu zirela gogoratu du Iriartek, eta sortu zirela hezkuntza zabaltzeko jarduera anitz: “Liburutegi ibiltariak eta misio pedagogikoak, bertzeak bertze”.
Federico Garcia Lorca Nafarroan izan zeneko aldia nabarmendu du Iriartek, hain zuzen ere. “Iruñean eta Lizarran izan zen, baina prentsan ez zen horren berririk agertu. Garcia Lorcak Argentinatik idatzi zuen hemengo esperientzia, ordea: Iruñeko Gaiarre antzokia doan utzi zietela, eta Lizarran harrika hartu zituztela bera eta La Barraca bere taldeko gainerako kideak. Gero, ordea, oholtza gainera igo zirenean, txalo egin zieten”.
Errepresioa
1936ko altxamendu militarrak bertan behera utzi zituen ordura arte egindako urratsak. “Errepresio latza jasan zuten irakasleek eta eskolek”, nabarmendu du Iriartek. Frankismoarekin “hezkuntzarentzako eta askatasunarentzako etaparik ilunena” garatu zen. “Eskolak aberriaren eta erlijioaren aldeko tresna bilakatu ziren, doktrinamendu politiko eta erlijiosorako tresna”, erran du liburuaren egileak.
1970eko Hezkuntza Lege Nagusia da Guillermo Iriarteren liburuko azken helmuga. “Franco hil ondokoa da hezkuntzaren urrezko aroa”, erran du Iriartek. “Hezkuntza eskumenen transferentzia garaia da, eta Nafarroa gai izan zen bere hezkuntza sistema antolatzeko”. Hezkidetzaren esparruan egindako urratsak ekarri nahi izan ditu Iriartek gogora, azken hilabeteotan Skolae programaren inguruan sortutako eztabaidei aurre egiteko: “Harrigarria da, oraindik ere, erabat gaindituta egon beharko lukeen eztabaida bati eutsi nahi izatea. Aspaldikoak dira hezkidetzaren inguruko saioak Nafarroan”, erran du.
“Eztabaida hutsalak” ez dira egungo hezkuntza sistemaren arazo bakarra, egilearen hitzetan. “Sakonera ailegatu ordez, azalean gelditzen gara, eta irakasleak ez dira gai ezartzen diren aldaketa guztietara egokitzeko. Ez genuke ahaztu behar eskolaren lana dela ikasleak gai izatea beren ezagutza eraikitzeko, elkarlanean”.
Elkarlanaren ideia nabarmendu nahi izan du Iriartek. “Arlo guztiek inplikatu behar dute haurren hezkuntzan”. Iritzi berekoa da Esther Pagola. 83 urte ditu, eta maistra izan zen urte luzez, bai eta Hezkuntza Departamentuko aholkulari ere. Pagolarena da Iriartek liburuko azken atalean jaso dituen testigantzetako bat. Kontent da lanarekin, eta eskertu du aitortza. “1950eko hamarkadan bilakatu nintzen maistra. Madrilen aritu nintzen lanean, eta, gero, Nafarroan. Behar bereziak zituzten haurrekin egin nuen lan urte luzez”. Pagolak ez du zalantzarik: “Hezkuntza sistemak helburu hartu behar du nork bere onena ematea, inguruan dituenen laguntzarekin eta babesarekin”.
Pagolari eta hezkuntzaren esparruan inplikatu diren maisu eta maistrei eskaini die Iriartek bere liburua: “Atzoko, gaurko eta betiko maisu eta maistrei, nire omenaldirik beroena”, idatzi du lehendabiziko orrietan. Liburua aurkezteko hautatu duen aretoko paretetako batean ageri diren izenei egin die so egileak, atzoko eta betiko maisu-maistra horiek aipatu dituenean. Frankismoaren garaian errepresioa pairatu zutenen aldeko plaka dago Hezkuntza Departamentuko areto nagusian zintzilik. Haiek izan nahi ditu gogoan Iriartek; bai eta aurrerantzean ere hezkuntzaren ardura hartuko dutenak ere.
Irudiak: Nafarroako Eskolaren Historia Ilustratua-Nafarroako Gobernua
LIBURUA AZPIKO ESTEKAN KLIK EGINDA DUZUE IKUSGAI. Berako eskolen informazioa ere agertzen da.
02-Hª Escuela Navarra EUSK web
Tortura kasuetan bertzeen kontaketa aditzen jakin behar da.
Izaskun Rekarte Bengoetxea EHU-ko kriminologia institutuko ikerlari beratarra
1960tik 1978ra Nafarroan gertatu ziren tortura eta tratu txarrak ikertzen ari da beratarra eta tartean eskualdeko testigantzak ere bildu dituzte. Proiektua ekain hondarrean aurkeztuko dute.
Proiektu handia du esku artean Izaskun Rekarte Bengoetxeak (Bera, 1997). EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologia Institutuko ikerlaria da eta Nafarroako Gobernuak hala eskatuta, 1960tik 1978ra bitarte Nafarroan gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzen dihardu. Ez dabil bakarrik; izen handiko profesionalekin ari da lanean, Pako Etxeberria mediku forentsearekin eta Laura Pego zuzenbidean doktorearekin, bertzeak bertze. Rekarteri tratu txarrak eta torturak jasan zituztenen testigantzak biltzea egokitu zaio, informazioa bildu, aztertu eta sailkatzea, eta aitortu digunez, «lan gogorra baina emankorra» izaten ari da. Are gehiago, etorkizunera begira, ikerketan segitu nahi du, «batez ere memoria historikoa eta hurbileko memoria lantzen». Eskuetan duten proiektua ekain hondarrean aurkeztuko dute.
Zertan datza proiektua?
Ikerketa Nafarroako tortura eta tratu txarren proiektua: 1960-1978 da eta atxiloketa erregimenean atxilotuek jasandako tratu txar eta torturak modu kualitatibo nahiz kuantitatiboan ezagutzea du xede. Honetarako, gertaera horiek jasan dituztenen lekukotzak jasotzen ditugu, eta beraiek ezin duten kasuetan, hurbileneko pertsonaren testigantza. Profilei dagokionez, edonon tratu txarrak nahiz torturak jasan dituen Nafarroako edozein biztanle edo Nafarroan tratu txarrak edo torturak jasan dituen bertze edozein jatorritakoa izan daiteke.
Nola ailegatu zara proiektu honetara?
2015ean EHUn Gizarte Antropologia Gradua egiten hasi nintzen eta 2017an, Violencia masiva, fosas comunes y derechos humanos. Perspectivas desde las ciencias forenses y sociales udako ikastaroan parte hartu nuen. Han Paco Etxeberria eta Laura Pego irakasleak ezagutu nituen eta beraiek esku artean zuten proiektuan parte hartzea eskaini zidaten. Etxeberriarekin Nafarroako tratu txar eta tortura kasuak ikertzen hasi nintzen. Nire egiteko nagusia atxiloketa erregimenean tratu txar eta torturak jasan dituzten pertsonen testigantzak jasotzea izan da. Testigantzak jaso ondotik, horien transkribapena ere egin dut, hau da, hitzez hitz beraiek errandakoa idatzi dut, baita begi hutsez ikus daitezkeen gorputz espresioak adierazi ere. Horrek ondotik egiten den analisia errazten du. Azkenik, informazio hori guztia aztertu eta sailkatzen ibiltzen naiz, baita bertako informazioa datu-basean sartzen ere.
Nolatan hasi zineten ikerketa honekin?
Ikerketa hau baino lehen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bertze ikerketa bat egin zuten: Proyecto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco entre 1960-2014. Ikerketa horren harrera ona ikusirik, eta Nafarroan hainbat kasu zeudela jakinik, Nafarroan ere gauza bera egitea egokia izanen zela pentsatu zuten. Nafarroako Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuak proiektua martxan jartzea erabaki zuen.
«Profesional bezala burua hotz izaten ikasi behar da»
Horrelako ikerketa batean parte hartzen duzun lehen aldia duzu?
Gai honen inguruko nire lehen ikerketa da. Aitzinetik euskararekin loturiko bertze ikerketa kolektibo bat egin nuen, Ekolingua, Donostiako Udalak eta EHUk antolatua. 14-20 urte bitarteko Donostiako nerabeei euskararen inguruan hausnartzeko gune bat eskaini zitzaien eta guk bertan adierazi ziren hausnarketa nahiz iritziak jaso genituen, gero analisia egiteko. Ondotik, memoria historikora gehiago hurbilduz, XX. mendeko emakume kirolari profesionalak: Raketisten fenomenoa eta desagerpena ikerketa egin nuen unibertsitateko hiru lankiderekin. Emakume ausart horien bizipen eta profesionalizazio-prozesua aztertu genuen, baita gaur egun raketisten fenomenoa nola doan ere.
Nafarroan orain arte ez da tortura edo tratu txarren inguruan halako ikerketarik egin, ezta?
Saiakera batzuk izan dira. Adibidez, zenbait herritan herri-ekimenez eginiko hemeroteka batzuk egin dira edo hainbat elkarte edo talde izenen zerrendak egiten ahalegindu dira; hala nola: Euskal Memoria, Torturaren Aurkako Taldea, Haika… Baina Nafarroako Gobernuak proiektu hau egiteko eskatu duen lehenbiziko aldia da. Era honetan ikerketa honi ofizialtasuna eta legitimitatea eman zaio. Kasu horiek guztiak ikertzea beharrezkoa da, dudarik gabe. Kasu horien inguruan dagoen isiltasunarekin apurtzea beharrezkoa da, baita gertatutakoa argitzea ere.
Nolako metodologia erabiltzen duzue?
Bi metodologia erabiltzen ditugu: alde batetik, metodologia kuantitatiboa eta bertzetik, metodologia kualitatiboa. Metodologia kuantitatiboari dagokionez, herriz herri izenekin zerrenda bat osatzen ari gara, norbanako bakoitza identifikatzeko zenbait datu jasoz: izen-abizenak, jaiotze-data eta bizilekua. Ondotik, atxiloketa eta tratu txarrak edota torturak jasan zituzteneko datuak jasotzen ditugu: noiz atxilotu zuten, nora eraman zuten, estatuko zein indar armatuk gauzatu zituen tortura praktikak… Bigarrenik, metodologia kualitatiboaerabiltzen dugu, non pertsona bakoitzak bere bizipena kontatzen digun. Lekukotza horiek bideo-kameraz grabatzen ditugu. Era honetan transkribapenak egin daitezke eta ondotik egin nahi den analisia egitea ahalbideratzen du. Jasotako informazio guztia osatzeko asmoz, atxiloketa garaiko dokumentuak ere jasotzen ditugu: prentsa artikuluak, atxiloketako paper ofizialak, medikuaren agiriak… Azkenik, datuak datu-base batean sartzen ditugu.
«Ikerketan badira eskualdeko kasu batzuk»
Nolako egoera topatu duzue Nafarroan?
Nafarroako egoera zaila da. Tortura eta tratu txar kasuak badira, baina anitzetan horien inguruko informazio urria dugu eta zaila da pertsona horiekin harremanetan jartzea. Gainera, kontuan izan behar da Nafarroa, bertze herrialdeekin alderatuta, hedadura handiko eremua dela eta biztanleak nahiko sakabanatuak daudela.
Zenbat tortura eta tratu txar kasu jaso dituzue?
Proiektua oraindik abian denez, ezin da kopuru zehatzez hitz egin, baina 200 bat kasu daudela estimatzen da. Tartean badira eskualdeko kasuak.
Nahiz eta orain egiten ari zareten ikerketatik kanpo egon, Igor Portu eta Mattin Sarasola lesakarren kasua ezagun egin zen. Horren inguruan zer erranen zenuke?
Igor Portu eta Mattin Sarasolaren kasuak aitzinetik EAEn egin zuten proiektuaren barrean aztertu zituzten, beraien atxilotze lekua Gipuzkoan kokatu zelako. Ondorioei dagokionez, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Portuk eta Sarasolak tratu txarrak eta torturak jasan zituztela baieztatu du. Horren inguruan, deus gutti gehitu daiteke.
«Torturak jasan dituztenen testigantzak bildu ditut»
Lan gogorra izaten ari da?
Lan gogorra baina emankorra da. Hasiera-hasieratik nekien zein zen proiektu honetan jorratuko nuen gaia eta aitzinera egitea erabaki nuen, zalantzarik gabe. Profesional bezala burua hotz izaten ikasi behar da. Tortura kasuetan, bertzeen kontaketa aditzen jakin behar da, ikertzaileak berak bereemozioak gordeaz eta enpatia erakutsiz. Ikertzaileak ezin ditu bere emozioak kontrolik gabe adierazi, honek elkarrizketatuaren haria eten lezakeelako. Kasu horietan, enpatia azaldu behar da, baina nolabaiteko distantzia mantenduz. Kasu anitzetan, aditu dut, isiltasunak direla elkarrizketa baten unerik deserosoenak; nire kasuan, aldiz, zailagoa suertatu zaizkit emozio uneak kudeatzea. Emozio une horietan, beraiekin bat egin eta negar egiteko gogoa sortu izan zaidan arren, argi nuen beraiekin bat eginez gero, saioa bertan behera utzi beharko genuela eta beraien sufrimendua bikoiztu eginen litzatekeela; bertze saio oso bat eskaini beharko genukelako beraien bizipena birgogoratzen.
Etorkizunera begira zein asmo dituzu?
Aurten Gizarte Antropologia Graduko laugarren mailarekin amaitu eta hurrengo urtean EHUk eskaintzen duen Gizarte Antropologiako masterra egitea erabaki dut. Gerora, ikertzaile izaten jarraitu nahiko nuke, batez ere memoria historikoa eta hurbileko memoria lantzen. Era honetan, gure gizarteari ekarpen ttiki bat egin nahiko nioke, iragana argituz eta egindako kalteei aitorpena emanez gizarte justuago bat osatzeko asmoz.
Zerbait gaineratuko zenuke?
Hasteko eskerrak eman nahi nizkieke proiektu honetan parte hartu duten guztiei. Beraiengandik ikasi dut une okerrenetan ere indarrak atera daitezkeela eta bizipen gogorrak xamurtasunez konta daitezkeela. Bigarrenik, tortura nahiz tratu txarren inguruko informazioa duen orori gurekin harremanetan jartzea eskertuko genioke, edozeinen informazioa erabilgarria eta ezinbertzekoa baita. Telefonoa 943 01 83 81 da eta e-posta: torturaproiektua.ivac-krei@ehu.eus.
ERRAN.EUS
Francisco “Paco” Perez Lusarreta: ongizate eta jendarte justu baten defendatzaile, nazien aurka, lehen, zein orain.
Erronkariko Jaurrieta jaioterritik bizitzako lehen urteak egin ondoren, Irunen bizi izan zen bere familiarekin. Hamabost urterekin, 1936ko matxinatuen gerrak, han harrapatu zituen.
Bere aita eta anai nagusia fronte ezberdinetara eraman zituzten eta Pacok, gogoan du haien itzulera eta gerra garaiko haien ibileren kontakizuna. Anaia, soldaduzkan zela, frankistekin eraman zuten, hark kontatu zion Oiartzunen, zein baserri inguruko posizioetatietan jardun zuen, eta nola sartu ziren, Agiñatik, Paco egun bizi den Berara. Anaia zauritu egin zen eta lehen borrokaldi haietan. Ospitalera bidean, errepublikazaleek bera eta beste bi errekete eta emakume bat atxilotu zituztenean, tartean ezagun bat izateak libratu zuen faxisten hatzaparretatik. Ordutik, mugimendu errepublikazalera batu zen aitarekin batera.
Frontearekin batera aurrera jarraitu zuten. Santanderko frontera arte. Gero baina, atxilotu eta kartzelan eman zituen bi urte terdi Bilbon, aitak eta Santoñan anaia. Askatu zituztenean elkartu ziren guztiak.
Irungo harrobian eta Hendaiako arma fabrika batean egin zuen lan, amak maisuki egindako azukre zaku ondokinezko jantziekin eta eskalapoiekin joaten zen lanera, duin.
Soldaduzka egokitzean, hango diziplina eta soldaduei krimenaren eta ankerkeriaren irakasle zirela ikusirik, erabateko desadostasunaz jabetuta, aparatu kriminal hartetik, baimen batean ihes egin zuen. Ez zen, soldaduzkara itzuli.
Zelatan zituztela jabetuta, muga zeharkatzea hobetsi zuen, han, Frantzian, pentsaera antzekoek antolatzen ari zirenaren jakitun. Pacok, EAE-ANV kide gisa izango zuen informazioa, eta abertzeleek Pauen antolatzen ari zirenarekin bat egin zuen bertan. Aquilino laguna eta biak joan ziren, furgonetan batean gordeta, izkutatuta.
Kepa Ordokirenkin (Irun, 1913 – Baiona, 1993) egin zuten bat Paben, gero haien komandantea izango zena Gernika Batailoian. Lagun arteko giroa, borrokarako gogo sutsua eta elkarri laguntzeko edo egin behar zena egiteko moduan gogoratzen ditu batailoi hartako lagun eta kideekin bizitako uneak. Latzak haietako asko. Bidean kide asko.
Point de Grave ko lurmuturreko borrokaldian ondo gotortuta gogoratzen ditu nazi alemanak. Fusil amtrailadore haietakoekin gotortuta, min handia egin arren, garaipen handia izan zen, gudari antifaxista abertzaleentzat.Gernika Batailoia, frantziar ejertzitoari atxikitako taldea izan zen, eta Pointe de Grave inguru horretan, 40 kota deituriko mendixkatik garaitu zituzten indar naziak, Soulac herritik, laku guzti haiek pasa eta aurrez aurreko borroka izan zuten.
Parisera eraman zituzten gero. Han, inoiz ikusitako armarik onenak eskuan, talde berezi bat prestatzen hasi ziren. Entrenamendu bereziak ziren, eta han entrenatu zituzten. Asmoa, azken asmoa, Franko eraisteko talde berezia sortzea izango zen. Frantziak atzera egitean baina, bertan behera geratu zen guztia.
Frankismoak gizartean ezarri zuen injustizia estrukturalaz jabetuta, behar zen guztietan, muga igarotzen zuen, etxekoei eta lagunei laguntzeko. Horrela, frankistak atzetik zituzten jendea mugatik igarotzen edo mezulari ere jardun zuen besteak beste. Honek, ondorio latzak ekarri zion, hain zuzen, atxilotu eta torturatu egin baitzuten, hamar egunez jarraian. Meliton Manzanasen galdeketa eta torturak barru barrutik bizi izan zituen, eta honek, deseginda utzi zuen.
Guzti hau, gogotsu kontatzen du Pacok. Beregana bisitan doazenenkin gustora. Bere bizipenak entzun eta aintzat hartzen duen oro estimuan hartuz. Bizitzan zehar egindakoaz harro, ezer baztertu gabe, bizitzarako izaera eta nortasun bizi, ekimentsua aldarrikatzen du, bere 96 urteekin.
Francisco Perez Lusarreta
Berako Udalak frankismoko hainbat plaka kendu ditu herriko etxebizitza batzuetatik.
Kendutako plaketako bat, Bidasoa karrikako etxebizitza baten ateburuan.
Guztira 5 plaka kendu dira Bidasoa eta Kanttonberri karriketan
Azken urteotan, Euskal Herriko herrietan hainbat neurri hartzen ari dira 1936ko kolpe militarraren biktimei errekozimendua emateko. Horietako neurri bat sinbologia frankista kentzearena da, espazio publikoaren demokratizazioaren helbururekin (laureadak, eroritakoei dedikatuko plakak, oroitzapenezko aipamenak, etab.).
Horren harira, Nafarroan foru lege bat sortu zuten 2013an, Kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematen zuena.
2016an egin zen sinbologiaren erroldaren arabera, Agerran eta Bidasoa eta Kanttonberri karriketan oraindik baziren horrelako plakak. Agerrakoak duela hilabete batzuk kendu zituzten bertako bizilagunek eta Bidasoa eta Kanttonberri karriketako etxebizitzetakoak azken asteetan kendu ditu Berako Udalak.
Plaka horiek garaiko Etxebizitzaren Institutu Nazionalak (Instituto Nacional de Vivienda; INV) paratu zituen. Erregimen frankistak institutu hori sortu zuen herrien hazkunde fisikoa kontrolatzeko, bai eta garapen zehatz bateko eredu sozial bat sustatzeko ere, FET eta JONSen mende zegoena. Hala, diktaduraren azken urteetan etxebizitza multzoak eraiki ziren, eta Sindikatuen Ordezkaritza Nazionalaren eta Institutuaren ikurrak zituzten letreroak paratu ziren bertan (Horietan Falangek erabiltzen zituen ikurrak agertzen dira: uztarria eta geziak).
ERRAN.EUS
Berako Argaitzeko harrobia izanen da Nafarroako Memoria Historikoaren Tokietako bat
Memoria Historikoaren Batzorde Teknikoak bere oniritzia eman dio lehen zerrendari eta Nafarroako Gobernuak dagoeneko lantzen ari dituen bertze zazpi tokiak ezagutu ditu
Sartagudako Memoriaren Parkea, Otsoportilloko leizea, Olabeko hobia, Igari eta Bidankoze arteko errepidea, Erreniegako hobietako memoriala eta emakumearen errepresioaren memoriarako Azkoienen dagoen eskultura Nafarroako memoria Historikoaren toki bezala erregistroan Behin Betiko inskribatzeko Memoria Historikoaren Koordinazio Batzorde Teknikoak bere informea onartu zuen apirilaren 4an.
Horiez gain, Nafarroako Memoriaren Insitutua bertze zazpi toki izendatzeko lanean hasia da: Monrealgo Tejeriako hobia, Kadereitako Valcarderako hobia, GR-225 Ezkabako ihesaldia, Iberoko Hiru Gurutzetako gaineko hobia, Etxauriko memoriaren parkea, Germanen Rodriguezen omenez egindako oroitarria eta Gogoan eskultura eta Berako Argaitzeko harrobia.
Berako Argaitzeko harrobian guttienez 130 lagun hil zituzten, gehienak Gipuzkoatik ekarriak. Horrela, 1936ko kolpearen ondoko errepresioaren ondorioz Nafarroan pertsona gehien hil zuten lekua izan zen. Berako Udalak proposatu du izendapena. Aipatzekoa da Memoria Historikoaren Batzorde Teknikoan dagoela Fernando Mikelarena, Berako historialaria ere.
ERRAN.EUS
«Atzo arte, emakumea erabat menperatua izan da» ERRAN.EUS
Pilar Irazoki Elgorriaga 92 urteko alkaiagarra
Gerra Zibileko kontuez aritzean, emakumeen begirada bazterrean utzi izanagatik, Irazokik argi utzi du emakumezkoek zer kontatua badutela.
Ulertzea zaila bada ere, 1936ko gerraz aritzean, guttitan aipatu izan dira emakumezkoak. Ez ziren aunitz izan gerra frontearen lehenbiziko lerroan ibili zirenak, baina emakumeak ere protagonista izan ziren eta gerraren ondorioak jasan zituzten. Gehiago ere bai, gizartearen zutabe garrantzitsuak izan ziren.
Pilar Irazoki Elgorriagak Gerra Zibila «bete-betean» ezagutu zuen, eta gerra hasi zenean hamar urte bazituen ere, badu zer kontatua, eta merezi du aditzea. 93 urte beteko ditu urrian, baina ongi dago, ongi eta argi. Ez ditu ahantziak gerrako kontuak. Haietaz solastatzeko ireki dizkigu Alkaiagako bere etxeko ateak. Gorrintxean, auzoko azken denda eta ostatu izan zen tokian, bildu gara mahaiaren bueltan.
«Petrila erreketez betea»
11 urte bete gabeak zituen gerra hasi zenean: «goizeko zortziak aldera marmitak hartu» eta baserritik, Martintxeberritik, Berako bizpahiru etxetara esnea eramatera abiatu zen. «Bidean, bi emakumek nora nindoan galdetu zidaten eta nik halako etxera nindoala erran nien. ‘Mugitu agudo, Pilartxo’, erran zidaten. Batek bertzeari ‘laster ailegatuko dira, bidean izanen dira’ erraten sumatu nituen». Ez zekien zertaz ari ziren, baserrian ez baitzuten deus ere aditua. Gerora jakin zuen errepublikarrez ari zirela. Aitzinera segitu eta herrira ailegatutakoan ikusi zuen irudia oroimenean ongi iltzatua gelditu zaio: «Dorre ondoko petril luzea erreketez betea ikusi nuen». 1936ko uztailaren 21a zen, matxinoak Berara ailegatu ziren eguna.
Agudo jakin zuten gertatuaren berri: «hamarrak aldera, segituan ikasi genuen Endarlatsako zubia bota zutela». Zubirik gabe, matxinoek Gipuzkoara joateko bertze bideak bilatu zituzten: «mendiz hasi ziren. Batzuk Lesakatik, bertzeak Alkaiagatik». Fundiciones fabrika eta Bidasoko trena ere geldiarazi zituzten: «Endarlatsako zubia bota zutenean, frankistek trenaren burdinbideak altxatu zituzten kamioiak Gipuzkoara pasatzeko». Mojen eskola, berriz, ospitale bezala egokitu zuten. Matxinoen etorrerarekin «izugarrizko mugimendua» sortu omen zen Beran: «Irun hartu arte, frontea Beran egondu zen eta tiroak aditzen genituen. Batzuk joan, bertzeak etorri, erituak, atxilotuak, fusilatuak, hildakoak… izandu ziren».
Harrobia hiltegi
Berako harrobia hiltegi bat izan zen Gerra Zibilean, diotenez, Nafarroako haundiena. Jendea fusilatzen zuten harrobian eta Irazokik, harrobia etxetik hurbil izaki, tiro hotsak aditzen zituen: «gauez, tiroak aditzen genituen. Hala jakiten genuen gau hartan fusilatuak izan zirela. Ez ziren egunero izaten, baina maiz». Halakoetan «beldurra» sentitzen zuela aitortu digu, baita aita kanpoan zuenean ere: «atta eta bertze gizonezko batzuk herritarren babesaz arduratzeko izendatu zituzten eta gauez herria zaindu behar izaten zuten. Atta kanpoan izaten zenean, beldurra pasatzen genuen. Jendea fusilatu zutela erranez etortzen zen etxera. Nahiz eta ni gaztea izan, konturatzen nintzen».
Sei beratar fusilatu zituzten gerran, eta tartean zen Irazokik esne marmitekin herrira zihoala ikusi zituen bi emakume haietako baten senarra. Ezagunak zituen: «gau hartan Beran mugimendu haundia izandu omen zen eta fusilatu zutena taxista zen, jendea Beratik Irunera eta Irundik Berara eramaten ibilia».
Sufritu eta isildu
Emakumeek gerra denboran izandako lekuaz ere aritu da Alkaiagakoa: «gerraz solastean, emakumeen konturik ez dago. Aditu eta isildu, dena gorde, guk hori ikasi dugu eta erran beharreko gauza aunitz ez ditugu erran». Halaxe onartu digu. Garai hartako «matxismoa» aipatu du: «emakumearen erranak ez zuen balio eta hori normala izandu da. Emakumea ez zen deusetan sartzen». Frankistek hiribururen bat hartzen zutenean, ospatzeko manifestazioak egiten omen zituzten Beran. Herritarrek ere parte hartzen zuten, «baina emakumezkoek ez». Halere, emakume bat ospakizun haietan ateratzen zela dio, «banderadun gisara».
Harremanetan ere «alderdi guztietan gizonezkoak libreago» ibiltzen zirela dio Irazokik, «ez ginen gauez ibiltzen eta gizonezkoek emakumezkoei etxera lagundu ondotik, gizonek kanpoan segitzen zuten».
Ikasketetan ere gizonezkoek baino aukera guttiago izan zituztela dio: «maistra izateko ikasketak banaka batzuk egin zituzten». Bera Batxilergoa ikasten hasi zen, baina «ezin izandu nuen segitu». Ikaskide izan zuen Pio Caro Baroja. Maistrak «ikasi behar nuela erraten zidan, erraztasuna banuela, baina etxean atautxi-amatxi, bertze lau senide eta ni, ahizpa zaharrena, izanda, ezinezkoa izandu zen. Baserrian lana bazen eta nik ikasi nahi banuen ere, tokatu zitzaidana egin nuen».
Biktimak
Emakumezko «aunitz» neskato joan ziren: «herriko aberatsen etxeetara eta Gipuzkoara edo Frantziara…», tartean inude ere bai: «Donostian oporretan zen Madrilgo familia bat inude bila etorri zen, eta Berako emakume bat haiekin joan zen haien haurrari bularra emateko, berea amatxirekin utzita. Gero, Madrilera eraman zuten, han zela gerra hasi, eta hiru urtez ez zuten bere berririk izandu».
Haurdun gelditu eta mutilak haurra berea onartzen ez zuten kasuak ere izan ziren eta inklusa edo haur abandonatuen etxeetara «aunitzek» jo omen zuten: «ezkondu gabe, gazterik haurdun gelditu eta Iruñera inklusara eramaten zituzten. Batzuk han gelditu ziren haurra hazteagatik eta bertzeak haurra utzita etorri ziren».
Emakumeak abusuen biktima ere izan ziren, nahiz eta oro har, emakumeen historiarekin gertatu bezala, isilean gorde. Abusuak «seguru izanen zirela», erran digu, «hainbertze soldadu eta militar ibili ondotik… Bakarren bat behintzat bai, baina holakoak ez ziren kontatzen. Pasatzen zena pasatuko zen, baina dena gordean. Abortuen berririk ere ez dugu izandu, baina izanen ziren».
Gorriak izateagatik baztertuak izan ziren emakumezkoak ere ezagutu zituen: «lehendik ezaguna nuen familia batek Iparraldera ihes egin zuen eta itzuli zirenean, alaba bat lagun egin nuen». Baten batek, ordea, Pilarren amari deitu zion «gorriak zirela eta ni haiekin ez uzteko erranez». Irazokik, hala ere, «berdin-berdin» segitu zuen.
Bere irudiko, «emakumeok gauzak etorri diren moduan hartu izandu ditugu. Errateko moduan, atzo arte, emakumea erabat menperatua egondu da. Ez genuen erraten ahal ‘zergatik’. Ez zitzaidan burutik pasatzen». Emakumeen lanak «etxean» eta «gordean» egin direla dio, baina ez du zalantzarik: «emakumeok gizonek egiten ahal dutena egiten ahal dugu. Hori aspalditik badakit».
AHANTZIEN OROIMENEZ
HOGEITAMASEIGARRENA, ATXILO HARTU ONDOTIK
UZTAILAREN AKABERA: IHESERAKO ZORIAN,
MATXINO TA ERREKETE(E)K EHUN ETA HOGEITA HAMAR LAGUN
INDARREZ HARTUA BERA. HIL ZITUZTEN HARROBIAN.
ABUZTUAREN HIRUAN, ISILDUTAKO KONTUAK
ETA EGUERDI ALDERA, IZAN DIRA, TEORIAN,
HERRIKO EHUN BAT FAMILI HISTORIA, EZ DELAKO
PLAZAN ELKARTUZ, BATERA, FIJATZEN, MAIZ, ERORIAN.
HIRU AUKERA ZITUZTEN PASA ZENA A(HA)NTZI GABE,
AGINDUEN ARABERA: HAR DITZAGUN MEMORIAN,
“GIPUZKOARA, FRANTZIRA DENEK BAIT DUTE LEKU BAT
BERTZELA, FUSILATZERA!” (ber) HERRI HONEN HISTORIAN. (ber)
Julen Zelaieta Iriarte.
Berako bertsolaria.
Doinua: Zulo sakon (Alazne Untxalo, 2017)
1936ko gerrako biktimei omenaldia. Gidoi testua. 2018/11/18
Egun on, eta ongi etorri denak gaurko ekitaldi hauen lehenbiziko zatira. Leku iluna, grisa, xarma guttikoa da Argaitzako hau. Ezaguna, herriko sarreretako bat delako, Berako lehenbiziko industria izan zelako. Baina itsusia, itsusia itxuraz, eta itsusia gibelean duen historiagatik. 1936an hamarnaka lagun fusilatu zituzten hemen berean.
Ahantzien oroimenez, omenaldia eginen diegu, gaur, biktima izan ziren emakume eta gizon guztiei: askatasunaren alde borrokan hil zirenak, espetxeratuak, erbesteratuak, herritik eskapo joan behar izan zutenak, eta, bereziki, hemen, harrobi honetan fusilatuak izan zirenak. Ongi etorri, beraz, biktimen senitarteko, arduradun politiko eta hemen bildu zareten herritar guztiei.
Argaitza es un lugar oscuro, triste, no sólo por su apariencia, sino también por su historia. Hoy nos hemos reunido en este lugar para rendir homenaje a todas las víctimas de la Guerra del 36, personas represaliadas, encarceladas, asesinadas, personas que tuvieron que abandonar sus casas, y, en definitiva, a todas quienes sufrieron aquella barbarie. Comenzamos este acto agradeciendo la presencia de los familiares de las víctimas, de las autoridades, y de todas aquellas personas que os habéis acercado hoy hasta aquí.
1936ko kolpe militarraren biktimei eginen diegun omenaldi hau Berako Herriko Etxeak antolatu du, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, Berako hainbat herritarrek hala eskatu ziotelako Udalari, eta elkarrekin aritu dira gaurko ekitaldi honen prestaketa lanetan. Ahaztuekin zor bat kitatu nahi dugu gaur. Lehendik ere aitorpena egina die Berako Udalak eraildakoei eta desagertutakoei, antzineko legegintzaldian hilerriko fosa ireki zenean, adibidez.
Este homenaje que hoy rendimos a las personas que murieron en defensa de la libertad, a las personas encarceladas, refugiadas, y en especial, a las personas fusiladas en esta cantera, es un acto a favor de la paz, la convivencia y la diversidad.
Fernando Mikelarena historiagile eta ikerlari beratarrak nabarmentzen du Bera dela, seguru aski, Nafarroan fusilamendu gehien izan zuen herria, eta, hortaz, Nafarroako errepresio frankistaren memoriarako gune nagusietako bat dela hau.
No contamos con datos concretos, porque se ocuparon muy bien de destruir toda la documentación, para que no quedara ni rastro, pero esta cantera es, casi con toda probabilidad, el lugar de Navarra donde más personas se asesinaron, y por ello, merece ser reconocido como uno de los principales puntos memorialísticos de la represión franquista. En un informe de la Guardia Civil de 1959, para el traslado de los restos al Valle de los Caidos, se habla de la existencia de restos de unos 130 ejecutados en esta cantera y trasladados a la fosa común del cementerio de Bera.
Data zehatzik ez badugu ere, badirudi, 1936ko udazkenean izan zirela fusilamenduak harrobi honetan, tropa frankistek Irun eta Donostia hartu ondotik. Donostiako Ondarretako kartzelatik ekarritako presoak ziren hemen eraildako gehien-gehienak. Baina zer gertatu zen ez dakigu ongi. Eta horixe aldarrikatu nahi dugu gaur eta hemen: egia ezagutzeko eskubidea dugula. Zer gertatu zen jakin behar dugu, horretaz jabetu, eta hurrengo belaunaldiei transmititu, berriz ere gerta ez dadin. Bernardo Atxagak, memoriaren beharraz galdetuta, halaxe erantzun zuen:
“Dena ahazten zaigu guri. Dena ahazten zaio gizarteari. Gogoratzeak, memoriak, neke eta lan asko eskatzen du. Euskarri batzuk behar ditugu, nahita nahiez, normalena delako ahaztea”.
Bernardo Atxaga reflexiona sobre la memoria, y dice: “La memoria es conciencia. Si no tuviéramos memoria estaríamos totalmente perdidos, sin saber quienes somos, sin saber quien son las personas que tenemos al rededor, sin saber en que época vivimos, en que lugar; y poco a poco, nos convertiríamos en piedras, en árboles, en plantas o en muñecos, y sufriríamos muchísimo”.
Horregatik guztiagatik, ezinbertzekoa dugu memoria. Memoriaren etsaia ez baita denbora, isiltasuna baizik. Eskerrona bertzerik ezin diegu adierazi, hortaz, biktimen memoria berreskuratzen lan egiten duten senide eta elkarte memorialistikoei, euren lan eta konpromisoagatik. Gracias a los familiares y entidades memorialísticas por la labor que desempeñáis en busca de la verdad, la dignidad y la justicia.
Eta memoria hori gal ez dadin, hemen, harrobi honetan ez ezik, Beran zer gertatu zen jende guztiak jakin dezan, panel bat paratu du Berako Herriko Etxeak. Horren inguruko xehetasunak emanen dizkigu Aitor Elexpuru Egaña Berako Udaleko zinegotziak.
Baina panel honetaz gain, mural bat ere eginarazi du Berako Herriko Etxeak, hemendik pasatzen garen aldiro, harrobi honetan harria pikatzeaz gain, bertzelako sarraskiak egin zirela oroitarazteko. Antolaketa lanetan aritu den pertsona horietako bat da Nahia Senper historiagile beratarra, eta berak adieraziko digu zer den muralaren bidez islatu nahi izan dutena.
Mural hau hemen dela probestuz, lore eskaintza bat eginen dugu harrobi honetan eraildako pertsona guztien oroimenez. Josu Iratzoki Agirre Berako alkateak eta Aitor Elexpuru Egañazinegotziak lore-sorta bat paratuko dute Berako herriaren izenean. Gainerakoak ere gonbidatuak zaudete lore bat hartu eta bertan paratzera. Os invitamos a que ofrezcáis una flor en recuerdo de todas las víctimas.
Katti Irastortza Urdaniz izan da biolinean. Txalo bat beretzat. Eta musika pixko bat gehiagorekin goxatu nahi dugu oroimena. Bertako ahots indartsuenetako bat gonbidatu dugu horretarako: Petti.
Ekitaldiaren lehenbiziko zati honekin bukatzeko, hemen gertatutakoak laburbiltzen dituzten hainbat pasarte irakurriko dizkizuet:
Lehenbizikoa Carmen Barojarena da. Recuerdos de una mujer de la generación del 98 liburuan, horrela idatzi zuen:
“Luego en noches sucesivas se hablaba en el pueblo, con gran misterio y por los rincones, de los camiones que llegaban de noche y paraban en la cantera que hay camino de Lesaka:
– Sí, esta mañana ha venido el nuestro con unas hermosas botas y un jersey…
– Creo que han sido treinta, ayer no fueron más que doce …
– Allí estaba el alcalde, para que no quedara rastro por la mañana…
– Dice que son casi todos ferroviarios…
La gente que vivía en los caseríos de encima de la cantera salía de noche de sus casas para no oír las ametralladoras ni los lamentos. Los chiquillos del pueblo iban a escarbar en la tierra y encontraban allí hebillas de cinturón y algún encendedor. Afortunadamente, nuestra casa queda a más de dos kilómetros de este sitio siniestro. En el cementerio ya no quedaba sitio para enterrar a la gente”.
Bigarrena, Pio Baroja bere anaiarena da, La guerra civil en la frontera liburutik hartua.
“Parece ser que la cantera de Vera es un lugar de fusilamiento, que va tomando unas proporciones horribles. Se fusila de noche. El alcalde del pueblo, un indiano, gordo con aire estúpido, se presta a ayudar en las ejecuciones generosamente, y va con un farol a iluminar el sitio donde se mata. ¡Qué bajeza!”.
Barojatarrekin segituz, Pio Caro Barojak, Itinerario Sentimental de Itzea liburuan honakoa aipatzen du:
“Gauero, goizaldeko ordu bata edo biak aldera, zenbait kamioi ailegatzen ziren, argiak itzaliak zituztela. Endarlatsako zubia eroria zegoenez, trenabidean barna etortzen ziren, burnibidea kendua baitzuten. Kamioitik, kulata kolpeek bulkatuta, presoak jaisten ziren, adin guzietakoak, urdinez jantziak. Batzuek negar egiten zuten, bertze batzuek erregu egiten zuten, eta bazen tente mantentzen zenik ere. Ofizialekin batera herritar batzuk ere agertzen ziren fusilekin. Denen tartean nabarmentzen zen gizon lodikote bat, argiontzi bat eskuetan zuela. Lotuak ekartzen zituzten. Kamioiaren argien aitzinean paratzen zituzten, eta bazterretik tiro egiten zieten. Lurrean zeudela, buruz goiti paratu eta tiroz errematatzen zituzten, banan bana, nakarrezko kirten-azala zuen pistola ttiki batekin. Herritar batzuek kamioietara goitzen zituzten gorpuak, eta txoferrari kanposantura bitarteko bidea erakusten zioten”.
Laugarrena Carmenen seme eta Pioren iloba Julio Caro Barojarena da, Los Baroja liburutik hartua:
“Hubo unos días, después de la toma de San Sebastián y de amplias zonas de Gipuzkoa, en que se hizo famosa la cantera de Bera, que queda a la salida del pueblo hacia Pamplona. Era entonces un monte mucho menos socavado que hoy, pero que ya dejaba un anchurón, producido por las extracciones de piedra. Allí llegaban por las noches camiones con hombres de Gipuzkoa para ser fusilados”. “Frente a la fábrica del pueblo, en una antigua cantina, vivían dos amigos nuestros, y, uno de ellos, el tenor Isidoro Fagoaga, tuvo una crisis nerviosa a causa de lo que oía en aquellas noches trágicas”.
Azken testigantza Santos Etxeberriarena da, Ignacio Azpiazuk bildutako testigantza, eta aita Barandiaranek La Guerra civil en Euzkadi liburuan argitaratutakoak:
“Egunero bezala, uztailaren 18aren ondoko astelehen hartan ere lanera joan nintzen, Berako Fundiziora. Egunean 8 orduz aritzen ginen, eta 6 pezeta irabazten genuen eguneko. Lan gogorra zen. Langileen tartean ideia sozialistak nagusitzen ari ziren, jendea ohartu zelakoz Errepublikak hobekuntza ttikiak ekarri zizkigula. Ordura arte egunean 12 orduz aritzen ginen, 3 pezeta irabaziz.
Astelehen hartan lanean hasi ordurako gelditu behar izan genuen, Irungo langile talde bat etorri baizitzaigun, altxamenduaren kontra grebara jotzeko eskatuz. Miliziano talde horrek hartu zuen Berako herria, eta hurrengo 24 ordutan jaun eta jabe izan ziren. Goizeko 6ak aldera Bera utzi eta Endarlatsa aldera abiatu ziren. Tarte horretan ez zen inolako indarkeriarik izan herrian. Goizeko sei t’erdietan erreketeek hartu zuten Bera, gerra-oihu eta mehatxu-keinuen artean. Lehenbiziko lana egoitza politikoak erasotzea izan zen, dena ebatsiz, eta leihotik beheiti aulki eta mahaiak botaz. Maisu-maistra abertzaleak atxilotu zituzten. Haiekin batera eraman zituzten Etxenike, Faustino Martinez, “Pistolas” deitzen zioten Aldazabal, “Sin rival” deitutako Cesáreo Seminario eta karabinero bat. Bertze aunitz Iparraldera eskapo joan ginen. Eskapo joandakoen familiei ataka estua paratu zieten: edo gu bueltatzen ginen, edo gure familiek alde egin beharko zuten herritik. Aitari erran zioten 24 orduko tartean bueltatzen ez banintzen, fusilatu eginen zutela. Hura jakin nuenean, berehala bueltatu nintzen Berarat. Beldurrez egon nintzen, erailketa anitz izan zirela jakin bainuen. Egunero 10-20en bat gorri eta abertzale preso eramaten zituzten, hanketatik eta eskuetatik lotu, Argaitzeko harrobira eraman, eta han edukitzen zituzten, denok ikusteko nor ziren. Gauez fusilatu egiten zituzten, eta konfesatzen zirenak kanposantuan lurperatzen zituzten, eta konfesatzen ez zirenak Batzarlekun. Erreketeek Berako hainbat gizoni lurperatze-lanak eginarazten zizkieten, tartean nire aitari”.
Hitz hauekin akabera emanen diogu Argaitzako harrobi honetako ekitaldiari. Herriko Etxeko plazara abiatuko gara orain, omenaldiarekin segitzeko. Bidean ikusiko duzue, Bidasoa karrikaren 12 eta 14.ean oraindik gelditzen dela kentzekoa den ikur frankistaren bat edo bertze, bertze dozena erdi bat etxetan bezala. Hurrengo egunetan kenduko ditu Herriko Etxeak.
Sarri arte, beraz.
Plazako ekitaldia
Egun on, berriz ere, eta ongi etorri Herriko Etxeko plaza honetara hurbildu zareten guztioi. Argaitzako harrobian egin dugu omenaldiaren lehenbiziko zatia, eta hemen emanen diogu segida.
Damos la bienvenida a todas las personas que, tras el acto celebrado en la cantera, os incorporáis ahora a este homenaje.
Fusilamenduen leku masiboa izan zen Argaitza, eta horregatik aukeratu da leku hura gaurko omenaldietarako. Bigarren ekitaldia plaza honetan egitea ez da kasualitatea. Ez bakarrik herriko plaza nagusia delako, 1936 hartan gertakizun latz aunitzen lekuko ere izan zelako bildu gara, gaur, plaza honetan.
Junto con la cantera de Bera, esta plaza fue uno de los lugares donde se vivieron los hechos más dramáticos durante el verano y otoño de 1936. Fernando Mikelarena recoge, de la siguiente manera, lo que sucedió en esta plaza en su libro “Muertes oscuras”:
“Un Bando, localizado en Bera, y firmado por el que fuera el primer teniente comandante militar de Bera, Ladislao Visier Zubiri, fechado el 1 de agosto de 1936, posponía hasta las dos de la tarde del día 2 de agosto el plazo para que todos aquellos vecinos tanto civiles como militares, que se hayan ausentado de esta villa, se presenten, conforme al bando publicado ayer, en la inteligencia que las familias de los que a las tres hora de la tarde no lo hagan serán expulsados sin excusa ni pretexto alguno”. Ese bando se refería tanto a los beratarras izquierdistas huidos a Francia como a los que marcharon a Endarlatsa a combatir por la República junto con las varias decenas de carabineros de la localidad.
La amenaza se cumplió. El periódico donostiarra Frente Popular informaría el 10 de agosto que “no quedaron en letra muerta las amenazas del titulado comandante de la plaza que algún día purgará sus culpas. Al día siguiente, es decir, el primero de agosto, comenzó el éxodo de los inocentes familiares de quienes habían tenido que huir de Bera. Ancianos, mujeres y niños, sin reparar siquiera en su estado de salud, eran expulsados de la plaza y llevados a la frontera, como si ellos fueran culpables de que sus familiares huyeran bajo la amenaza de una muerte cierta”.
Carmen Barojak ere bere memorietan biltzen du nola karabineroen eta ezkerreko jendearen hogei bat familia kanporatuak izan ziren, euren ondasunak Altzateko Ezkerrenea etxean pilatzen zituzten, Martinez Iribarren UGTko kideen etxean, hain zuzen ere.
Orain hamabortz egun ere, Ttipi-ttapa aldizkarian plaza honetan berean gertatutakoaren hainbat testigantza biltzen ziren. Eloy Aldazabal Errepublika garaiko Kultura zinegotzia eta UGTko sindikatuko ordezkaria zen Fundizioan. Haien bi alabek, Genoveva eta Carmen Aldazabal Gorria ahizpek, Aitor Arotzena kazetariari kontatzen diote, 1936ko abuztuaren 3ko hura: “Amak igandeko arropa paratu eta Berako plazara abiatu ginen. Ni hagitz kontent nengoen, igandeko arroparekin, ikaragarri dotore nengoen. Plazara ailegatu ginenean, bestarik ez zegoela konturatu nintzen; Berako ehun familia eta soldaduak zeuden han, eta beldurra sentitu nuen. Guardia Zibil bat mahai baten gainean jarri eta A Francia, a Gipuzkoa o a fusilar! oihu egin zuen”. Denek Iparraldera joan nahi omen zuten, baina ez omen zen horrela gertatu. Euren familiak soldadu ezagun baten bidez Ibardinen barna Iparraldera eskapo egitea lortu zuen.
Fernando Berasain Gaintzak ere bere familiak bizitakoak kontatzen ditu aldizkari berean: “Nire attonak, Eleuterio Gaintzak, Eloy Aldazabalekin ihes egin zuen, eta nire ama, bere anai-arrebak eta amoña kamioi batzutan sartu eta Saint Gilles Croix de Vieko errefuxiatuen kanpalekura eraman zituzten, Loirako departamentura”.
Eta hirugarren testigantza Patxi Mehax Martinezek ematen digu, arestian aipatutako Ezkerreneko UGTko Martineztar horien ilobak: “ama eta haren familia herritik kanporatu zituzten, eta, aita, berriz, lehenbizi ihesi eta gero errepublikarrekin borrokan ibili zen. Nire hiru osabek Frantziara ihes egin zuten, eta ama, atatxi eta amatxi Beratik bota zituzten. Erreketeak Berarat ailegatu zirenean, Berako jendearen laguntzarekin, ihes egindakoak zein ziren jakiteko etxez etxe ibili omen ziren. Bi egunez itzultzen ez baziren, ihes egindakoen familiak Beratik botako zituztela adierazi zuten. Erran eta egin. 1936ko abuztuaren 3an, soinean zutenarekin bakarrik, kamioietan sartuta herritik bota zituzten”.
Estos testimonios muestran el sufrimiento que vivieron las y los beratarras durante la guerra y el franquismo. Por todas aquellas personas, fusiladas en la cantera, muertas en el frente, represaliadas, encarceladas, y expulsadas tenemos hoy este recuerdo.
Ekitaldi honen antolatzaile nagusia Berako Herriko Etxea da. Josu Iratzoki Agirre eta Aitor Elexpuru Egaña, alkatea eta zinegotzia, deituko ditut, Udalaren izenean hitza har dezaten.
Esker mila, Josu eta Aitor. Udalaren ongi etorri hitzen ondotik, biktima guztien omenez, aurresku bat dantzatuko dute Kattalin Berasain Goiak eta Oskitz Iratzoki Semperrek, Gure Txokoa dantza taldeko kideak bauj, eta errepresaliatutako familia haien birbilobak. Katti Irastortza Urdanizek joko du bibolina.
Eta biktima eta errepresaliatu haiek gogora ekartzeko, zer hoberik haien senideei hitza ematea baino. Silvia Matzizior Aldazabal, Eloy Aldazabalen biloba eta Carmen Aldazabalen alaba, eta Ane Miren Seminario Aranguren, Cesario Seminarioren biloba etorriko dira hitz batzuk egitera.
Ekitaldi hauen antolaketarako Nafarroako Gobernuaren laguntza izan du Udalak. Hamarkadetan zehar Nafarroako Gobernuaren isiltasuna eta ukazioa izan ditugu senitartekoek zein gaian sakondu nahi izan duten ikerlariek. Gertatutakoa ukatu eta egia ezagutzeko traba anitz paratu izan dira. Zorionez, azkeneko urteotan, aldaketa politikoa tarteko, argi pixka bat ikusten ari gara gai honetan ere. Ukaezina da memoriaren inguruan ematen ari diren pausuak, ematen ari den laguntza, memoriarako lantzen ari diren arauak… Zuzendaritza bat ere sortu da bakea, elkarbizitza eta giza eskubideak lantzeko, tartean, memoria historikoa.
Contamos hoy con la presencia del Director General de paz, convivencia y derechos humanos del Gobierno de Navarra, Alvaro Baraibar Etxeberria, dirección general que por primera vez trabaja para ayudar a esclarecer lo ocurrido durante la guerra del 36. Ongi etorri, Alvaro.
Mila esker, Alvaro.
Harrobiko ekitaldian Bernardo Atxagaren hitz batzuk ekarri ditut: oroitzeak, memoriak, neke eta lan anitz eskatzen duela, eta euskarri batzuk behar ditugula, normalena delako ahaztea. Lan hori errazteko, eskultura bat inauguratuko da gaur plaza honetan, bere paretik pasatutakoan ere zer gertatu zen oroitzeko, eta denborarekin ere jendeak galdetzen duenean zergatik dagoen eskultura hori hor, gaur hemen egin dugun memoria-ariketa hori ere egin dezagun.
Mikel Iriarte Antxorena Donamarian finkaturiko arizkundarrak egin du eskultura. Berak ere egina da Sagardia Goñiren omenez Donamarian altxatutako eskultura. Quien mejor que el propio escultor, Mikel Iriarte, para que nos cuente el significado de esta escultura que se va a inaugurar hoy en recuerdo de las víctimas de la guerra del 36.
Hurbildu zaitez, Mikel, faborez.
Eta musikarekin emanen diogu akabera gaurko ekitaldi honi. Berako abesbatzak “Isidoro Fagoaga” eta “Agur jaunak” kantak abestuko dizkigu.
Gertatutakoa ezagutu, oroitu eta zabaltzea da ondorengoei uzten ahal diegun ondarerik ederrena. Gaur, bide horretan pausu bat gehiago eman dugu. Bidean gal ez gaitezen, memoria nahitaezkoa dugula dio Atxagak.
Eta egia du. Berriz ere gerta ez dadin, segi dezagun egiaren, aitortzaren eta justiziaren alde lanean. Gracias a todas las personas que habéis echo posible este acto de hoy, y continuemos en la labor de conocer la verdad, buscar justicia y reparación para todas las víctimas. Eskerrik asko.
1936ko gerrako biktimei omenaldi hunkigarria Beran. 2018/11/18
Azpian Xorroxin irratiko erreportaia:
Argaitzeko harrobian plaka eta murala bistarazi eta lore eskaintza egin dute eta Herriko Etxeko plazan, eskultura inauguratzeaz gain, Aurreskua, abestiak eta esker oneko hitzak eskaini dizkiete orduko errepresaliatuei eta senideei
Azken urteotan hainbat herritan –tartean Beran– 36ko gerran izandako jokaera eta krimen gaitzesgarriak saihesteko asmoz eta berriz gerta ez daitezen, bakea, erreparazioa, ideien defentsa baketsua eta aniztasun errespetuaren alde lan egin da. Horren harira, Berako Udalak omenaldi hunkigarria eskaini die orduko biktimei eta beraien ondorengoei, azaroaren 18an egindako ekitaldian.
Ekitaldiak bi gunetan banatu zituzten, Argaitzeko harrobian eta Herriko etxeko plazan. Argaitzeko harrobian lore eskaintza egin zitzaien biktimei, harresian Nahia Senper, Nerea Fagoaga eta Andrea Gouraud herriko artistek margotutako murala bistarazi zuten, Pettiren ahots bikaina aditu zuten eta Berako harrobian gertatutakoaren informazio panelaren aurkezpena ere egin zuten. Gertatutako testigantzen pasarte batzuk ere irakurri zituen Jon Abri aurkezleak. 1936ko irailetik 1937ko urtarrilera 130 lagun baino gehiago fusilatu zituzten harrobian, Nafarroan fusilatu gehien izan ziren lekua toki memorialistiko izendatzea espero du Berako Udalak. Izan ere, 96 urterekin ekitaldian egon zen Paco Perez Lusarreta, Gernika Bataloiko gudariak bere garaian erran zuen bezala, «memoriaren etsaia ez baita denbora, isiltasuna baizik». Solas horiek berreskuratu zituen Jon Abrilek aurkezpenean.
Harrobitik herrira, eguerdian Herriko Etxeko plazan, Donamariako Mikel Iriarte Antxorena eskultoreak egindako oroitarri baten inaugurazioa egin zuten eta egileak berak artelanean irudikatu nahi izan duena azaldu zuen: «Korten altzairuan egindako lan honetan, elkar besarkatzen duten bi pertsona irudikatu nahi izan ditut, eta plazako harlauzetan, ahantzien oroigarri diren xafla batzuk ere ezarri ditugu, baita Ibardin aldera bideratuak dauden oinatzak ere, 1936an ihes egin behar izan zutenen bidea irudikatuz». Nafarroako Gobernuko Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak, Alvaro Baraibarrek eta udaleko ordezkariek, Josu Iratzoki alkateak eta Aitor Elexpuru kultura zinegotziak hartu zuten hitza, baita errepresaliatuen senideek eta ondorengoek ere, Bergaran bizi den Ane Miren Seminario, 1936an fusilatu zuten Cesareo Seminario taxi-gidariaren bilobak eta Silvia Mazizior, ihes egin behar izan zuen Eloy Aldazabalen bilobak, hain zuzen. Nafarroako Parlamentuko ordezkari, ekitaldian izan ziren Dabid Anaut (EH Bildu) eta Virginia Aleman (Geroa Bai). Ohorezko aurreskua, Kattalin Berasain Goia eta Suharri Iratzoki Senper, errepresaliatuen birbilobek dantzatu zieten omenduei, Katti Irastortzaren bibolinaren doinupean eta bukatzeko Berako abesbatzak ere Isidoro Fagoaga (hau ere, Gurs-en preso egon zen Berako tenore ezaguna) eta Agur Jaunak abestu zituen. Ekitaldi hauek guztiak Berako Udalak antolatu ditu, herritar talde batekin batera eta Nafarroako Gobernuak ere diruz lagundu du.
Hasiera batean, harrobitik herrirako bidean, Bidasoa karrikako etxebizitza batzuetan oraindik ageri diren ikur frankistak kentzeko asmoa zuten, baina hori aste honetan eginen dutela aipatu zuten. ERRAN.EUS
PRENTSAN AGERTURIKOA. 2018ko BESTEN PROTAGONISTAK. ALTXAFEROA.
Aurtengo besten altxaferoa gerra zibileko errepresaliatuak eta beraien senideak piztu zuten. Tartean zen baita ere Pako Perez Lusarreta, Gernika Batailoiko gudaria. Bigarren mundu gerran nazien aurka borrokan ibilitakoa. Ekimen honek prentsan oiartzuna izan zuen. Hemen dituzue hedabide batzuetan protagonistei egindako erreportai eta elkarrizketak.
Pako Perez Lusarretari elkarrizketa DIARIO DE GIPUZKOAn. 2018ko uztailaren 8an. Kazetaria: Iban Gorriti.
Karmentxu eta Genito Aldazabali elkarrizketa DIARIO VASCO-n. 2018ko abuztuaren 1a. Kazetaria: Aitor Arozena.
Karmentxu eta Genito Aldazabal, Patxi Meas eta Axuri Zapiain eta Kemen Ruiz GARA-n. 2018ko abuztuaren 1a. Kazetaria: Maider Iantzi.
(5 orrialdeko pdf-a duzue azpian. “PRENTSA”-ren gainean klik egin eta listo)
NAIZ.EUS-en bideo eder bat argitaratu zuten. Azpian klik eginda ikusi dezakezue.