BLOG KOLEKTIBOA

Herriarena da hitza. Hemen idatzi nahi duzu?

Pio Barojak Beran zinegotzi izateko egindako ahaleginak eta bere hautagai- zerrendako kide batzuen eginkizuna 1936ko uztailaren 23an askatu zutenean

FERNANDO MIKELARENA HISTORIALARI BERATARRAK, Sancho el Sabio Euskal Ikerketa Aldizkarian, 45. zenbakian argitaratutako lana. 2022-12-09

Artikulu honetan, lehenik eta behin, Pio eta Rikardo Barojak Beran zituzten lagunak
aztertzen dira, 1912az geroztik Itzea etxetzarrean bizi ziren herrian, baita herriko jen

dearekin eta udal agintariekin zituzten harremanak ere. Bigarrenik, Pio Barojak Beran

zinegotzi izateko 1920an eta 1922an egindako bi saiakerak aztertzen dira, biak porrot

eginda, baita bere hautagaitzako kideen profila ere. Hirugarrenik, 1936ko uztailaren

23an, aurreko arratsaldean Donezteben atxilotu eta espetxeratu ondoren, Pio Baroja

askatu zutenean lankide haietako bik izandako jokabidea aztertzen da, nahiz eta aspal

didanik haietako batekiko, karlismoaren gizon poteretsua, harremana negatiboa izan
.

Azpiko estekan klikatuz ikusi dezakezue artikulu osoa.

Pio Baroja zinegotzi Beran

Errepresaliatuei omenaldia eta «gora askatasuna!» oihua Berako txupinazoan

MAIDER IANTZI. GARA 2018-08-03

Berako «ahantziek» bota zuten atzo bestetako altxaferoa, plaza herritarrez betea zela, baita udaletxea ere. Bertan ziren Carmen eta Genoveva Aldazabal ahizpak, 1936ko errepresaliatuak, 92 eta 90 urtekoak, eta Francisco Perez Lusarreta nazien kontra borrokatu zen gudaria, 96 urtekoa. Hainbat senide ere bildu zen; fusilatuenak, duela 82 urte gaurko egunez herritik bota zituztenenak, askatasunaren alde dena eman zutenenak, oraindik desagertuak daudenenak. Batzuek orduan ezagutu zuten elkar eta azaroaren 18rako gelditu ziren, omenaldiak segida izanen baitu orduan.
«Beran bizirik mantenduko da zapalduen memoria» bukaera zuen bertsoa oparitu zien Udalak, krabelin eta zapi gorri batekin, bakearen eta bizikidetzaren alde egindako ekitaldian. Udalaren ekimena izan da, baina herritarrengandik ateratakoa. Lusarretak, Meliton Manzanasek torturatu zuenak, piztu zuen suziria, hatzekin garaipenaren ikurra marraztuz. «Memoriaren etsaia ez da denbora; isiltasuna da», dio berak. Eta hori puskatu zuten «gora askatasuna!» oihuarekin.
«Nireganako zapalketa guztien ondotik, gaur arte biziari eusteko zortea izan dut eta ezin gusturago nago», erran zigun gudariak. Senideak ere hunkitu ziren. Eskerrak eman zizkieten familiei, «beren borroka, zintzotasun eta duintasunarengatik».

CARMEN ETA GENOVEVA ALDAZABAL GORRIA AHIZPAK

«Beratik alde egin behar genuen ehun familietatik lau bertzerik ez ginen bueltatu»

Gerrako “ahaztuei” eskaini die Berako Udalak aurtengo txupinazoa botatzeko aukera, memoria historikoa landuz azken urteetan egiten ari den lanari segida emanez. Memoria historiko horren lekuko, Carmen eta Genoveva Aldazabal Gorria ahizpen testigantza bildu dugu. 91 eta 90 urterekin, badute bai memoria, baita historia ere, kontatzeko eta aditzeko modukoa.

Ez dute erraz ahantziko 1936ko San Esteban eguna Carmen eta Genoveva Aldazabal Gorria ahizpek. Gaur egun 91 eta 90 urte dituzte; orduan 8 eta 9 urteko neskatoak ziren. «Amak igandeko arropa jarri eta Berako plazara abiatu ginen –dio Genovevak–. Ni hagitz kontent nengoen, igandeko arropakin ikaragarri dotore nengoen. Plazara ailegatu ginenean, bestarik ez zegoela konturatu nintzen, hantxe Berako 100 familia eta soldaduak zeuden, beldurra sentitu nuen. Bat batean guardia zibil bat mahai baten gainean jarri eta ondorengoa erran zuen: “A Francia, a Gipuzkoa o a fusilar!” Denak Iparraldera joan nahi genuen baino ez zen horrela izan. Gure familiak zortea izan zuen. Nere izebak hango soldadu bat ezagutzen zuenez, honek etxeko kotxean goitzeko baimena eman zigun eta Ibardinera abiatu ginen. Hala ere, bertze familiak kamioietan goitu eta engainatuta Irun aldera bidali zituzten. Animaliak balira tratatu zituzten, zaku patatak balira kamioietan goitu zituzten».

Aldazabaltarren errua?: aita, Eloy Aldazabal, kultura zinegotzia izana zela Errepublika garaian eta UGT sindikatukoa Fundizio fabrikan. Sebastiana Gorriarekin ezkondu eta lau seme-alaba izan zituzten: Maria Luisa zaharrenak 12 urte zituen orduan eta Pepito gazteenak, 3 bertzerik ez. Bi hauek hilik daude gaur egun.

Carmenek gogoan duenez, «orduro etortzen ziren etxera aita bila, kotxe bati lotu eta arrastaka eramateko intentzioa zuten, baina aita ez zen etxean. Ez zuten topatzen eta San Esteban egunean deialdi hori egin zuten ehun familietan, denak, haurrak eta guzti, plazara joateko».

Beraz, Ibardinera joan ziren aita non zuten jakin gabe. Genovevak dioenez, «amona atta Irunen zegoela jakin eta segiduan Ibardinera berria ematera etorri zen. Egun batzuetan dena pasako zela pentsatuz, ama eta anai-arrebak Irunera attarengana joan ziren gero nere bila etortzeko asmoarekin eta amonak ni eurekin gelditzea proposatu zion amari eta halaxe izan zen. Hurrengo egunean Iparraldera pasatzea debekatu zuten eta denbora luzez, ez nuen nere anai-arreba eta gurasoez deus ere jakin. Momentu honetatik aintzinera gure bizitza erabat aldatu zen».

Izan ere, bertze hiru senideak, gurasoekin elkartu ziren Irunen. Carmenek gogoan duenez, «aitaren lehengusu batek etxea utzi zigun Irungo Larretxipi karrikan, baina segidan hasi ziren Erlaitzeko kanoiak etxe hura jotzen eta nazioarteko zubi ondoan zegoen izeba baten etxera joan ginen. Baina han ere kainoikadak ziren eta zubian egin genuen, manta baten azpian. Frantzia aldera pasatu eta 70 bat lagunendako trena prest zuten; La Rochellere joan ginen, handik La Rochera eta azkenean Bretainiako Saint-Gilles-Croix-de-Vie herrira, Pariseko haurrak koloniak egiten zituzten eremu batera. Gero, Bilbo eta Kataluniatik jende aunitz etorri zen. Han hiru urte eman genituen, 1936tik 1939ra, eskolan hasi nintzen eta frantsesa ikasi nuen».

Bien bitartean, Genoveva beldurrak airean, Beran segitzen zuen: «Doroteo osabaren etxean hiru egun logela batean gorderik pasa nituen, oraindik ederki gogoratzen dut pasa nuen beldurra. Egoera larria ikusirik, eta erahilak izatearen beldurrez Alejandro osaba nere bila etorri zen eta arratsean izebaren baserrira eraman ninduten, han gorde ninduten. Nik 8 urte nituen eta ez nuen gehiegi ulertzen baino ikaragarrizko beldurra nuen, ezin ninduela inork ikusi argi nuen. Arratsero bi soldadu baserrira lotara etortzen ziren eta ni ixil-ixilik egoten nintzen sukaldean egokitutako logela batean gorderik. Noiz behinka arratsetan zakurrarekin bueltaxka bat ematen nuen, haize pixkot hartzeko.  Egun batean serorak ikusi ninduen. Serorak ez zituen nere izeba-osabak salatu. Beldurra eta segurtasun eza nagusi ziren baserrian. Urtebetez baserrian gorderik egon nintzen. Honen ondorioz, ezagun baten bitartez, osabak segiduan neretzako paperak egin zituen, Frantziatik nentorrela zioten paperak hain zuzen ere. Paperak lorttua, amonaren etxera joan nintzen. Hasieran, ez nintzen jendea begiratzera ausartzen ere, ikaragarrizko beldurra nuen. Eskolan hasi nintzen eta andereñoa, señorita Gloria, ezkertiarra zenez, hagitz ongi tratatzen ninduen».

“Toque de queda” delakoa ezarri zuten eta Berako toki batzutara joateko “salvoconducto” delakoa eraman behar zuten. Bera soldaduz beterik zegoen. Arratsetan argi guztiak itzaliak egon behar zuten. Genovevak adierazi digunez, «amonaren etxea harrobitik hurbil zegoenez, gauero tiroak aditzen genituen, harrobian jendea hiltzen zuten. Gorpuak kanposantura eramaten zituzten baina oraindik ere ez dakigu zein dagoen kanposantuko hilobi erraldoi hortan. Edozein hiltzen zuten, euren pensamendua ez zuen edozein hiltzen zuten. Beran beldurra nagusitu zen. Erahilketak, salaketak… etengabeak ziren».

 Gerra ondotik ere gaizki tratatuak

Gerra bukatu zenean, oraindik ere, monjak gaizki tratatzen zituzten. «Eskolan ginela, doktrina hartu behar genuen eta monjengana joan behar izan genuen eta mauka motza nuenez, gela batean sartu eta irainka hasi zitzaizkidan, “gorrien” alaba nintzelako. Ni haurra nintzen baino argi nuen nere familiak ez zuela deus ere egin, nere atta Errepublika garaian zinegotzia zen eta fabrikan sindikalista baino argi nuen ez zuela deus ere egin eta “roja” deitzea berdin zitzaidan. Hala ere, izeba Maria Teresa Don Damiani monjena kontatu eta ordutik aintzinera eskolara doktrina ematera Don Damian apaiza etortzen zen», dio Genovevak.

1940. urtean, alemaniarrak Frantzian sartuak zirela eta familia bueltatu zen, lehenik Urruñako Oleta auzoko Sardinenbordara eta muga pasatu zutenean, aita urte eta erdiz Ondarretako kartzelan sartu zuten, Donostian. Sebastiana Gorria amak, berriz, astero Berako Guardia Zibilaren kuartelean sinatu behar izaten zuen, senarra askatu zuten arte. Egun hartan, “ahora a vivir honradamente” erran omen zion guardiazibilak eta amak, Sebastiana Gorriak hala erantzun zion: “¿Qué me dice usted? Nosotros siempre hemos sido honrados, ¡qué se piensa!”.

Orduan, 100 familia Beratik bota zituzten eta lau bakarrik bueltatu ziren. «Gure bizitza erabat izorratu zuten eta oraindik ere inork ez digu barkamenik eskatu, hala ere, guk ez dugu euren barkamen eskaerarik nahi», diote bi ahizpek.

ERRAN.EUS

 

BERAKO BESTAK. 2018KO ABUZTUAREN 2a. “AHANTZIEN” OMENEZKO EKITALDIA.

Gerrako ‘ahantziak’ gogoan Berako bestetako txupinazoa bota dute.

Zahar Etxean bizi den 96 urteko Francisco Perez Lusarretak, Gernika bataloiko gudariak piztu du lehen suziria.

Nahiz eta aitzineko egunetan hainbat ospakizun egin, abuztuaren 2an, ortzegun eguerdian bota den txupinazoarekin abiatu dira ofizialki Berako bestak. Udalak iragarri bezala, gerrako “ahantziek” piztu dute lehen suziria. Tartean ziren garai hartan ihesean ibili behar izan zuten Carmen eta Genoveva Aldazabal Gorria ahizpak, Patxi Mehas, eta Francisco Perez Lusarreta, San Jose Zahar Etxean bizi den 96 urteko gizasemea, II. Munduko Gerran nazien kontra borrokatu zuen Gernika bataloiko gudaria. Gerran hildako, desagertutako eta ihes egindako bertze hainbaten senideak ere Herriko Etxean bildu dira.

Abuztuaren 2ko omenaldi honek segida izanen du azaroaren 18an eginen den ekitaldi instituzionalarekin: “Ahantzien oroimenez 1936-1939”. Plazan eta harrobian oroitarriak jarriko dituzte orduan, eta memoriaren gordelekuak izendatu.

Ihesi egindakoen, fusilatuen eta desagertuen izenean solastu dute Silvia Mazizior, Fernando Berasain eta Ane Miren Seminario bilobek. «Gora askatasuna!» oihukatuz eta txalo artean bukatu zuen bere solasaldia Maziziorrek. Gaur egun Bergaran bizi den Ane Miren Seminariok bere aitatxi zena hunkiturik gogoratu zuen. «Taxista zen lanbidez eta ustez, bakarren bat taxian beste aldera pasatzeagatik fusilatu zuten. Amatxi Bergarara joan zen bizitzera, ahizpa bat bertara ezkondua zelako eta han egin dugu bizia».

Lehen suziria piztearen ardura, hain zuen, Francisco Perez Lusarretak, Gernika bataloiko gudariak izan du, Patxi Mehasekin batera. Perez Lusarreta Erronkarikoa da sortzez eta Gernika bataloiarekin gudan aritu ondotik, Frantzia aldean ihesian ibili zen, makia ere izan zen eta Irunen bizitu zen ondotik. Gaur egun Berako erresidentzian bizi da. Abuztuaren 1ean 96 urte bete izanagatik, sasoiko ageri da: «Memoriaren etsaia ez da denbora, isiltasuna baizik» adierazi du.

Josu Iratzoki alkateak aipatu duenez, «egia, justizia eta erreparazioa bilatzen dira, hamarkadetan isilarazitako sufrimendua eta oinazea sendatzeko eta gertatu zen hura berriro ez gertatzeko».

Ekintza honen bidez, eta agintaldi osoan memoria historikoa xede harturik egiten ari diren guztiekin, «ahanzturatik atera nahiko genituzke errepresaliatu beratar haiek, fusilatuak izan zirenak eta gerran askatasunaren alde borrokan bizitza galdu zuten herritarrak». Horien zerrenda bat ere aipatu zuten, jakinik gehiago ere izanen direla.

ERRAN.EUS

 

BERAKO BESTAK 2018. BERTSOA ETA ALTXAFEROKO PREGOIA.

GERRA ZIBILEKO ERREPRESALIATUEN ETA BERAIEN SENIDEEN OMENEZ. BESTEI HASIERA EMATEKO ALTXAFEROAREN EKITALDIA.

Berako Herriko Etxean, 2018ko abuztuaren 2a.

BERRIZ IDATZI NAHIKO GENUKE HOGEITA HAMASEIKO HISTORIA.

HORREN LEKUKO ZARETE ZUEK, PLAZA ETA HARROBIA.

TOKI TRISTEAK DIRA ATZERRIA, ESPETXEA, HILOBIA.

BAINA EGAN DATOR EGIAREKIN JUSTIZIAREN TXORIA,

BERAN BIZIRIK MANTENDUKO DA ZAPALDUEN MEMORIA.

EGIA, JUSTIZIA ETA ERREPARAZIOA.

 

PREGOIA. ANE MIREN SEMINARIOK ETA FERNANDO BERASAINEK IRAKURRIA.

Besta girorik ez zen Beran 1936ko abuztuaren 3an. Espainiako Gerran Berako familia anitz kanpora, atzerrira bidali zituzten. Bertze batzuk fusilatuak izan ziren, frentean hilak, espetxeratuak, eta badira, oraindik, bide bazterren batean desagerturik segitzen dutenak, non dauden ez dakigula.
Gure atatxi-amatxiak, osaba-izebak, anaia-arrebak ziren. Bizitza kendu zieten, baina duintasuna ez.
Gertaera haietako gehienak argitu gabe daude, oraindik. Horregatik aldarrikatzen dugu justizia, memoria eta erreparazioa. Behingoan, inolako indarkeririk gabe, bakean bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu.
Eurek ezin izan zituzten gozatu Berako Bestak. Euren omenez, goza ditzagun guk.
Askatasun guztien alde, Gora Berako Bestak!

FRANKISMO GARAIAN BORTXAZKO LANAK ETA PIRINEOAREN FORTIFIKAZIOAK BERAN. JARDUNALDIAK

2018ko Apirilaren 26tik maiatzaren 12ra erakusketa Kultur Etxean, solasaldia eta txangoa egin ziren

Espainiako Gerra garaian eta ondotik bortxazko lana egin behar izan zuten langile batailoiek Beran. Utzitako arrastoa ezagutzeko egitarau zabala prestatu zuen Berako Udalak eta Kultura Batzordeak.

Apirilaren 26tik maiatzaren 12ra arte Esklabotza Frankismoan: errepideak eta fortifikazioak mendebaldeko Pirinioetan erakusketa ireki zen Kultur Etxean. Ortzegunetik larunbatera 17:00etatik 19:00etara eta igandetan 11:30etik 13:30era irekiko ziren ateak eta panelak ele biz jarri ziren.

Solasaldia eta txangoa Apirilaren 26an, ortzegunean 19:00etan Beralandetan, Bortxazko lanak eta Pirinioaren fortifikazioa frankismo garaian solasaldia eskaini zuten euskaraz Edurne Beaumont eta Fernando Mendiola adituek.

Apirilaren 29an, langileen batailoiek Beran utzitako arrastoak ezagutzeko txangoa prestatu zen, Aurelio Gutierrezek gidatua. Hilabeteko hondarreko igande goizeko bederatzietan gelditu ginen Herriko Etxeko plazan eta lau ordu inguruko txangoa egin genuen  arrasto horiek aztertuz (Herriko Etxeko Plaza-Ibardin-Altzateko Plaza). Azalpenak gaztelaniaz eman zituen Aurelio Gutierrezek.

.

GURE BELAUNALDIAREN EZJAKINTASUNA. 1936

Azkenaldian memoria historikoaz aunitz solasten da. Historiak gure egunerokotasunean eta etorkizunean garrantzi handia du. Bera herriak historiako pasarte garrantzitsu aunitz bizi izan ditu. Nik nire izeba Genitoren pasartea kontatu nahi dizuet Berako historiaren zati ttiki baino latza delako eta memoria historikoaren parte delako. Hurrengoak izebaren hitzak dira:

“1936ko Berako bestak. Nere izena Genoveva Aldazabal Gorria da. Amak igandeko arropa jarri eta Berako plazara abiatu ginen. Ni hagitz kontent nengoen, igandeko arropakin ikaragarri dotore nengoen. Plazara ailegatu ginenean, bestarik ez zegola konturatu nintzen, hantxe Berako 100 familia eta soldaduak zeuden, beldurra sentitu nuen. Bat batean guardia zibil bat mahai baten gainean jarri eta ondorengoa erran zuen: “¡A Francia, a Gipuzkoa o a fusilar!”. Denak iparraldera joan nahi genuen baino ez zen horrela izan. Gure familiak zortea izan zuen. Nere izebak hango soldadu bat ezagutzen zuenez, honek etxeko kotxean goitzeko baimena eman zigun eta Ibardinera abiatu ginen. Hala ere, bertze familiak kamioietan goitu eta engainatuta Irun aldera eraman zituzten. Animaliak balira tratatu zituzten, zaku patatak balira kamioietan goitu zituzten.

Ibardinera joan ginen gure atta non zegoen jakin gabe. Amona atta Irunen zegoela jakin eta segiduan Ibardinera berria ematera etorri zen. Egun batzuetan dena pasako zela pentsatuz, ama eta anai-arrebak Irunera attarengana joan ziren gero nere bila etortzeko asmoarekin eta amonak ni eurekin gelditzea proposatu zion amari eta halaxe izan zen. Hurrengo egunean Iparraldera pasatzea debekatu zuten eta denbora luzez, ez nuen nere anai-arreba eta gurasoez deus ere jakin. Momentu honetatik aintzinera gure bizitza erabat aldatu zen.

Doroteo osabaren etxean hiru egun logela batean sarturik pasa nituen, oraindik ederki gogoratzen dut pasa nuen beldurra. Egoera larria ikusirik, eta erailak izatearen beldurrez Alejandro osaba nere bila etorri zen eta arratsean izebaren baserrira eraman ninduten, han gorde ninduten. Nik 8 urte nituen eta ez nuen gehiegi ulertzen baino ikaragarrizko beldurra nuen, ezin ninduela inork ikusi argi nuen. Arratsero bi soldadu baserrira lotara etortzen ziren eta ni ixil-ixilik egoten nintzen sukaldean egokitutako logela batean gorderik. Noiz behinka arratsetan zakurrarekin bueltaxka bat ematen nuen, haize pixkot hartzeko.

Egun batean serorak ikusi ninduen, serorak ez zituen nere izeba-osabak salatu. Beldurra eta segurtasun eza nagusi ziren baserrian. Urtebetez baserrian gorderik egon nintzen. Honen ondorioz, ezagun baten bitartez, osabak segituan neretzako paperak egin zituen, Frantziatik nentorren paperak hain zuzen ere.

Paperak lortuta, amonaren etxera joan nintzen. Hasieran, ez nintzen jendea begiratzera ausartzen ere, ikaragarrizko beldurra nuen. Eskolan hasi nintzen eta andereñoa, señorita Gloria, ezkertiarra zenez hagitz ongi tratatzen ninduen.

“Toque de queda” delako ezarri zuten eta Berako toki batzuetara joateko “salvoconducto” delakoa eraman behar zenuen. Bera soldaduz beterik zegoen. Arratsetan argi guztiak itzaliak egon behar zuten. Amonaren etxea harrobitik hurbil zegoenez, gauero tiroak aditzen genituen, harrobian jendea hiltzen zuten. Gorpuak kanposantura eramaten zituzten baina oraindik ere ez dakigu zein dagoen kanposantuko hilobi erraldoi horretan. Edozein hiltzen zuten. Beran beldurra nagusitu zen. Erailketak, salaketak…etengabeak ziren.

Gerra bukatu zenean, oraindik ere, monjak gaizki tratatzen gintuzten. Eskolan ginela, doktrina hartu behar genuen eta monjengana joan behar izaten genuen eta mauka motza nuenez, gela batean sartu eta irainka hasi zitzaizkidan, “gorrien” alaba nitzelako. Ni haurra nintzen baina argi nuen nere familiak ez zuela deus ere egin, nere atta Errepublika garaian zinegotzia zen eta fabrikan sindikalista baino argi nuen ez zuela deus ere egin eta “roja” deitzea berdin zitzaidan. Hala ere, izeba Maria Teresak Don Damiani monjena kontatu eta ordutik aintzinera eskolara doktrina ematera Don Damian apaiza etortzen zen.

1941-1942 inguruan, nere familia bueltatu zen eta nere atta urte t´erdiz kartzelan sartu zuten.

100 familia Beratik bota zituzten eta 3 bakarrik bueltatu ginen. Gure bizitza erabat izorratu zuten eta oraindik inork ere ez digu barkamenik eskatu, hala ere, nik ez dut euren barkamen eskaerarik nahi”.

Gure etxeko gazteei betidanik zaharrenek euren historia ezagutarazi digute, baina ematen du gure herrian ez zela holakorik bizitu, gehienak bueltatu ez zirelako, bueltatu zirenek eta bertze hainbertzek beldurra zutelako eta bertze batzuk sarraskiaren partaide izan zirelako.

Jende guzti hau zaharra da eta bizitza urte gutti izanen dutenez (azken urteotan aunitz hil dira, Rufino Prieto adibidez), idatzi hau probextu nahi dut merezi duten omenaldia eskaintzeko eta askatasunaren alde borrokatzeagatik eskertzeko.

GORA GAZTEXTEBAN! GORA ASKATASUNA!

Nahia Senper Mazizior.

MIGUEL BERGARA BEREAU. EGIA, JUSTIZIA ETA ERREPARAZIOA

82 urte beranduago agurtu dute Miguel Bergara Bereau Aranztarra. 36ko gerra hasi eta guttira, tirokatu eta Otsaportilloko lezera bota zuten. 2017an hantxe aurkitu zituzten bere gorpuzkiak. Honela kontatu du Ttipi-Ttapa aldizkariak 2018ko uztailaren 12ko alean.

“Erail zutenetik 82 urtera, baina azkenean agur duina jaso du Miguel Bergara Bereauk. 1906an Atanborda baserrian sortua, 18 urterekin Olatzagutira joan zen lanera, bere bertze senide batzuk bezala. Han ezkondu zen, baina gazterik erail zuten: 30 urterekin, 1936ko abuztuaren 28an.

UGTko kidea zen. 1936ko gerra hasi zenean, bere senideek Olatzagutitik ihes egitea erabaki zuten, baina Miguel bertan gelditu zen. Matxinoek, ordea, hil egin zuten eta Otsaportilloko lezera bota. 2017ko azaroan, hantxe aurkitu zituzten bere gorpuzkiak Aranzadi Zientzia Elkartekoek. Hezur guztiak berreskuratu zituzten, baita kaskezurra ere, tiroaren zuloarekin.

Hori gogoan, ekainaren 30ean agur berezia egin zioten Olatzagutian. Memoriaren Parkean omenaldia egin ondotik, hilerrian bildu ziren, eta han lurperatu zituzten bere gorpuzkiak. Jende andana bildu zen eta tartean ziren Arantzatik joandako senitartekoak eta Arantzako udal ordezkariak”.

BERAKO BESTAK 2018. ALTXAFEROA BOTATZEKO GONBIDAPENA GERRA ZIBILEKO ERREPRESALIATUEI ETA BERAIEN SENIDEEI.

Legegintzaldi honetan ere, Berako Udalak memoria historikoarekin erakutsitako konpromisoa argia izan da.

– 2017ko otsaileko azken asteburuan, Endarlatsak historian izan zuen garrantziaz aritzeko jardunaldiak antolatu ziren. “Endarlatsako fusilamenduak, Santa Kruz apaiza” solasaldia eskaini zuten Beralandetan Jesus Arratek eta Aurelio Gutierrezek eta Endarlatsan bertan bisita gidatua egin zuten Aurelio Gutierrezekin.

– 2017ko martxoan Udalak “Oroimena” izeneko atal berria ireki zuen “bera.eus” web orrian (oroimena.bera.eus). Herrian suertatutako gertaera historikoak jorratzen dira ikuspegi zabal batekin (kultura, historia, kirola, gizartea,…). Interesa duen edonori irekia da eta parte hartzeko gonbitea egiten dugu hemendik.

– 2017ko apirilean hasita Gernikako bonbek isilarazi zuten Isidoro Fagoaga tenore handiaren inguruko hainbat ekitaldi egin ziren herrian.

– 2017ko uztailean “Harritik Hazia” antzezlana taularatu zen arrakasta handiz. Berako Euskara eta Kultura Batzordeek bultzatuta, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen adostasunarekin, Oroit(h)arri antzerki tailerra 2016ko ekainaren 9an hasi zen lanean, eta urtebetez sormen prozesu aberatsa garatu zen. Oroimen historikoa emakumea oinarritzat hartuz landu zen.

Ekimen honek jarraipen izanen du Arantzan eraiki den “Emakumeren oroimen zelaian”.

– Aurten Apirilaren 26tik maiatzaren 12ra frankismo garaiko Langile batailoiak eta bortxazko lanek Beran utzitako arrastoa ezagutzeko hainbat ekitaldi prestatu ziren: erakusketa Kultur Etxean,  Isabel Beaumont eta Fernando Mendiola historialari adituen hitzaldia eta azkenik bunkerrak ezagutzeko txangoa Aurelio Gutierrez herriko historialariak gidaturik.

 

Memoriaren ildotik jarraituz bestetako altxaferoa gure herriko “Ahantziek” botako dute. 1936ko uztailaren 21ean hartu zuten herria errekete eta matxinatu faxistek, izua eta heriotza non-nahi zabalduz. Ordurako, altxamendu frankistarekin bat egin ez zuten hainbat herritar eta karabinerok herritik ihes egin eta Gipuzkoan eta Iparraldean hartu zuten babes. Abuztuaren 3an, San Esteban egunez hain zuzen ere, ihes egindako horien emazte, haur eta senideak Herriko Etxeko plazan bildu zituzten.  Laurogeita bi urte beteko dira aurten. Erreketeen mezua argia zen: “A Gipuzkoa, a Francia o a fusilar” (Gipuzkoara, Frantziara edo fusilatzera). Ehun familia inguru bidali zituzten herritik eta horietako guti batzuk itzuli ziren.  

Ekintza honen bidez, ahanzturatik atera nahiko genituzke errepresaliatu beratar haiek, fusilatuak izan zirenak eta gerran askatasunaren alde borrokan bizitza galdu zuten herritarrak.

Fusilatu identifikatuak:

Francisco Arozamena Irazoki.

Lucio Aldai Longarai.

Faustino Martinez Urtiaga.

Cesareo Seminario Iraizoz.

Juan Etxenike Matxiarena.

Ecequiel Gomez Rodrigo.

Desagertuak:

Santiago Anadon Campero.

Ramon Balza Loperena.

Enrique Berasain Sorondo

Jose Larraburu Maritxalar.

Luis Aramburu.

Mundu Gerrako biktimak, kontzentrazio esparruetara eramanak:

Buchenwald: Eugenio Alli eta Antonio Clemente.

Mauthausen: Jose Rubio Delgado.

Rabensbrück: Francisca Usandizaga.

Neuengamme: Victor Garcia-Serrano Retegi.

Gurs:

Tomas Apat Telletxea.

Saturnino Garbala Ardanaz.

Eugenio Garcia de la Lastra.

Jose Garcia Fernandez.

Francisco Jauregi Telletxea.

Jose Sanchez Telletxea.

Jesus Telletxea Ordoki.

Juan Vallejo Corrales.

Isidoro Fagoaga Larratxe.

Egia, justizia eta erreparazioa bilatzen dira, hamarkadetan isilarazitako sufrimendua eta oinazea sendatzeko eta gertatu zen hura berriro ez gertatzeko.

Errepresaliatu haiek eta beraien senide eta ondorengoak, herriko bestei hasiera emanen dion altxaferoaren botatze ekitaldira gonbidatu eta animatu nahi ditu Berako udalak.

11:30ean elkartuko gara Herriko etxean bertan.

Etortzeko asmorik izanez gero, konfirmatu telefono honetan: 948 630005

Ekitaldi honetan Beran bizi den ohorezko gonbidatu bat ere izanen dugu: 96 urteko Francisco Perez Lusarreta. II. munduko gerran nazien kontra borrokatu zen Gernika Batailoiko gudaria.

Abuztuaren 2ko omenaldi honek segida izanen du azaroaren 18an eginen den ekitaldi instituzionalarekin:

“Ahantzien oroimenez 1936-1939”

EGIA, JUSTIZIA ETA ERREPARAZIOA

 

BUNKER GARTZIN

BUNKER GARTZIN

“PEÑA RATA”- GARTZIN BUNKERRA, IBARDIN – BERA –

 

1940-ko datarekin, Eusko Jaurlaritzaren artxibo historikoan gordeta, Jose María Lasartek Pirineotako gotorlekuen inguruan Jose Ignazio Lizasori bidalitako txosten bat agertzen da. (253/02 idazkia)

Txosten horretan, “Ingenieros y Batallones de Trabajadores” bezala ezagutzen diren tropek burututa, duela 6 hilabetez geroztik, piskanaka, Frantziako muga guzian barrena, gotorleku sarea eraikitzen ari direla aipatzen da.

Txosten horretan zera azaltzen da: Bidasoa haranean, Aralar eta Andía mendizerretan, Araya ibaian, Iruñea iparraldeko goizerretan, eta Irati eta Aragoi  ibaietan ikusitakoaren arabera, toki eta leku hauetan altxatzen ari diren defensa eraikuntzak sendotasun haundikoak direla, 5 metro inguruko diametroa eta 200 Tonatik goitiko pisuarekin, hormigoi armatuaz egindako habiak daudela, habi horiek elkarren artean lotzeko lubakiak eta lurpeko biltegiak mehategien erako galerien bidez lotuak daudelarik..

Ibardin mendiari dagokionez zera dio: Mendi honen eta Bera herriaren artean, “Peña Rata” bezala ezagutzen den muinoa lotuz, errepide kilometro batzuk eraiki direla, Etxalar aldera ematen duen magaletik.

Berako zatiari dagokionez, honako hau esaten da: Mapan erakutsitako lekuetan, pintura berdea eta horiz kamuflatuta, ametralladora habiak amaituta daudela..

“Rata” deituriko mendikaskoan, munizio biltegi eta gordeleku bezala erabiltzeko mehategi erako galería bat eraiki dute. Frantzia aldera duen irteera ahoan, ametralladorentzako hiru habi altxatu dituzte, Zulo hau “Ingenieroen Konpania” batek burutu du hilabete eta erdian eta horretarako bi konpresora erabili dituzte

Beratik hurbil,  8,8 C/M  Artilleriako bi baterientzako hormigoi armatuaz egindako kokagunea eta babeslekua egiteko proiektua daukate.

Beran egindako eraikuntza guziak, “Batallones de Trabajadores” bezala ezagutzen diren 14 eta 107 “Batalloiak” burutuak izan dira, Maurizio Iriarte kapitainaren gidaritzapean. Oiartzun ingurunea bezala ezagutzen  den eremuan eraiki diren gotorlekuen buruzagia Jose Vallespin Cobian izan da, Bera eta Etxalar eremu horren barruan agertzen direlarik,

Txosten honetan ondorengo argibidea ere azaltzen da: Euskaldunen traidorea bezala ezaguna den Alejandro Goikoetxeak, burutzen dituen bisita ugariak kontutan hartuta, nolabaiteko harremana izan behar duela Pirineoko alde honetan burutzen ari diren gotorlekuen proiektuarekin

Aurelio Gutiérrez Martín de Vidales

GERRA ZIBILEKO GERTAKARI BATZUK, LESAKAN ETA ETXALARREN. 1936

Berako herriaz gain, Lesaka eta Etxalar izan ziren Bortzirietan mugimendu errepublikar eta sozialista gehien izan zuten herriak. Etxalarren apirilaren 12ko hauteskundeak indar errepublikarrak irabazi zituzten eta maiatzean “Centro Republicano”-a sortu zen. Ramon Suescun izan zen bertako buru 1934 arte. Urte honetan Modesto Irisarrik ordezkatu zuen. 1933ko hauteskundeetan EAJ izan zen boto kopuru handiena izan zuen alderdia, Eskubiko Blokea (Bloque de Derechas) izan zen bigarren indarra, eta sozialista eta erradikalak ondoren.

Lesakan jada 1894. urtean antolatua zen “El Obrero” Laguntza Elkartea, eta 1929. urtera arte iraun zuen. 1931an sortu zen “Centro Republicano”-a. Fundatzaileen artean izen hauek aurkitzen ditugu: Bartolome Mayo, Serapio Arueto, Santos Alzugaray eta Vicente Lanz. Hauetariko batzuk izan ziren 1934ean herriko “Izquierda Republicana” alderdia sortu zutenak. 1933an PRR-ak ere bazuen bere biltokia Lesakan, Juan Fagoaga eta Juan Etxebeste buru zirelarik. EAJko abertzaleak ere indar garrantzitsua ziren Bortzirietan.

Uztailaren 19an herri hauetako abertzale eta errepublika zaleak, Gipuzkoa aldera eta Iparraldera jo zuten mugaren hurbiltasuna probestuz. Errepresalien beldur ziren. Ejerzito eta errekete sublebatuekin ez zuten derrigorrez bat egin nahi.

Uztailaren 22an Vicente Rodriguez guardia zibilaren aginduz, Etxalarko herriko etxea guztiz aldatu zen. Francisco Iparragirre, Francisco Elizalde, Celedonio Etxeberria eta Modesto Irisarri zinegotziak kanporatuak izan ziren. Abuztuan hainbat bizilagun kanporatu zituzten herritik, Adela Etxeberria, Teodoro Arburua apeza eta Bayona medikua bertze batzuen artean. Angel Sarobe ere atxilotuko zuten espioitza leporatuz.

Etxalarko lau karabinero eremu errepublikarrera pasa ziren: Angel Perez, Felipe Aillon, Joaquin Davesa eta Francisco Gonzalez. Gerra bukatu ondoren San Cristobalen egon ziren preso. Hasierako heriotz zigorrak konmutatu ondoren, kartzela zigor luzeetara konmutatuak izan ziren. Badakigu ihesi zihoazen Sunbillako bi karabinero, atxilotuak izan ondoren Etxalarren fusilatuak izan zirela, nahiz eta beraien izenak ez ezagutu. Etxalarren guztira 18 lagun atxilotu zituzten, beraien semeen deserzioen laguntzaile izateaz akusatuak.

Lesakan Martin Elizalde eta Silverio Rodriguez zinegotziak kanporatu zituzten herriko etxetik. Herriko “Junta Carlista”-ko kide esanguratsuak izan ziren Angel Garin, urte batzuetan alkate izan zen Ramos Sarobe eta Ramon Petxorena. Falangek ere bazuen indarra herrian, Luis Pellejero, Federico Telletxea eta Miguel Etxaniz-en partaidetzarekin. Eladio Esparzak, Lesakako kazetari eta idazleak, Diario de Navarrako artikulu idazle ohikoak, beti izan zituen harreman estuak herrian boterean zeudenekin.

Ihes egindako pertsonen senideen atxiloketa, ohiko jarduera errepresiboa izan zen Lesakan; horrela gertatu zen Vicente Lanz, Luis Mitxelena, eta Bartolome Mayo-ren emazteekin. Alzugaray anaien ama ere atxilo hartu zuten. Hainbat herritarrei ondasun guztiak lapurtu zizkieten, hala nola, Teofilo Lekaroz, Jose Lekaroz, Martin Elizalde eta Victor Lekarozi. Aurrerago aipaturiko Vicente Lanz-en familiak limosna eskatzen ibiltzea bertze aukerarik ez zuen izan.

Kartzela eta deserria izan ziren Lesakako ezkertiarrek pairatu zituzten ekintza errepresiboak.

Errepresioaren ondorioz lau hildako zenbatu dira: Jose Telleria Etxalarko gaztea 1936ko abenduan Guardia Zibilak eraila ihes egiten saiatu zenean, Esteban Irazabal eta Gregorio Francisco Garbisu ere Guardia Zibilak erailak eta azkenik Doroteo Serrano jornaleroa 1941. urtean.

GERRA ZIBILA BERAN 1936

                                         

 

Hogeita hamargarren hamarkadan Bera merkataritza eta industria jarduera garrantzitsua zuen herria zen. Tren geltokia, metalurgia lantegiak, egur-industria eta kontrabandoa, herriko ardatz ekonomikoak ziren. 1923an komunikabide guztietan  albiste izan zen Bera, Guardia Zibila eta anarkista batzuen arteko borroka bategatik. Anarkistek iparraldetik muga zeharkatu eta Primo de Riveraren diktadura jaio berriaren kontra egiteko asmoa zuten. Madrid eta Bartzelonako altxamentuak babestea zuten helburu.

Fundiciones de Vera herriko lantegi handiena zen eta ondorioz langile antolatuen erdigunea. Hasieran sindikatu katoliko baten inguruan antolatu ziren langileak, baina gerora metalurgia arloko UGT izan zen nagusi. Eloy Aldazabal, Faustino Martinez, Juan Usandizaga, Anadon anaiak, Eleuterio Gainza eta Jose Maria Iriarte izan ziren sindikatu sozialistaren bultzatzaile nagusiak. Matxiarena etxearen atzekaldean biltzen ziren. Etxe horretan lehenengo solairuan zuen egoitza Berako Unión Republicana-k ere (hasiera batean Unión Veratarra). Juan Oroz eta Bautista Oroz ziren lehendakaria eta idazkaria hurrenez hurren.

Berako Herriko Etxean sozialistak bi ordezkari izatera iritsi ziren eta hiru ziren soilik eskuineko zinegotziak.

Uztailaren 19an herria lasai zegoen, inongo alderdiak ez zuen iniziatibarik hartu. Biharamunean 20an, galdategian normaltasunez lan egin zen, eta Irunetik milizianoak iritsi arte ez zen produkzioa eten. Goiz horretan Jose Arcos karabineroen tenientea, Molak aldarrikatutako gerrako bandoa aplikatzen saiatu zen, baina bere menpekoek ez zuten bat egin. Guadia Zibilek zuhur jokatuz, ez zuten ez aldeko ez kontrako jarrerarik erakutsi. Arratsaldean herriko karriketan barna errepublikaren aldeko miliziano, langile eta karabineroak ibili ziren.

Uztailaren 21ean Iruñeatik etorritako tropa matxinoak Beran sartu ziren, milizianoak eta bizilagun batzuk Endarlatsara erretiratu ondoren. Endarlatsako zubiaren leherketak Molaren armadak Gipuzkoa aldera, errepidez zuzenean aurrera egitea eragotzi zuen. Ondorioz segituan atxilotu zituzten herritar batzuek legezko Gobernua laguntzea leporatuz. Hamar atxilotu Iruñeara bidaliak izan ziren. Hurrengo egunetan atxiloketa gehiago izan ziren: Esteban Pikabea Satorra, Dionisio Lopez maixua eta Vicente Unzalo eta Jose Otxoteko medikuak.

Gobernu errepublikarraren aldeko lurraldera pasa zirenen familiak, herritik kanporatuak izan ziren, gehienbat Andaluziako eta Extremadurako etorkinak, karabineroen senideak.

Berako harrobian pertsona asko fusilatu zituzten, aunitz gipuzkoarrak eta nafarroa hegoaldekoak, eta tartean apaiz abertzale batzuk ere bai.

Juan Etxenike beratarra, Villabonako kanpai-jolea, harrobi horretan fusilatu zuten, indar faxistak pasatzerakoan kanpairik jo ez zuelako. Hori da behintzat herrian aipatzen zena.

Errepublikaren alde jarraitu zuten hainbat karabinero, fusilatuak izan ziren Gipuzkoan preso erori ondoren. Ezequiel Gomez karabinero baten aita, bere semearekin elkartzeko momentuan atxilotu zuten eta segituan fusilatu.

Urrian Luciano Alday Pistolo erail zuten bertze Astigarragako bi mutilekin batera, espetxetik atera eta Irunera eraman ondoren.

Abenduaren 10ean hiru beratar erail zituzten Iruñean Vuelta del Castillon. Biren izenak iritsi zaizkigu: Cesareo Seminario eta Faustino Martinez Urtiaga. Herri epaitegian gertatu zen azken hilketa bortitza, Francisco Arocenaren heriotza alegia.

Hainbat beratar errepublikar indarrekin borrokatu ziren faxismoaren aurka, eta batzuk gerrako frentean galdu zuten bizitza: Enrique Berasain, Santiago Anadon, Luis Aranburu, Ramon Balza, eta Jose Larraburuk adibidez.

Ignacia Egia eta Felicidad Martinez irakasleak, soldatarik gabe eta destino aldaketaz zigortuak izan ziren.

Bera herrian errepresioaren arduradunetako batzuk Manuel Pombar reketea, galiziarra karabinero baten semea, eta aurrerago aipatutako Jose Arcos izan ziren. Azken hau frentean hil zen.

Iturria: 1936 Guerra Civil en Euskal Herria. Aise Liburuak.

 

EZTEGARA PILOTALEKUAK 75 URTE.

1942ko urriaren 12an inauguratu zuten Berako frontoia.

‘El León navarro’ bezala ezagun zen Irigoyen Berako erremontistak egin zuen ohorezko sakea eta lehen pilotak, frontisean jo ondotik, gibeleko errebotearen hormaren gainetik pasatu omen zen. Lehen partida erremontean jokatu zuten herriko lau pilotarik: Irigoyen I eta IV.a, Elizalde eta Marich-en kontra. Ondotik, “bi frantziar, bi espainiarren kontra” aritu omen ziren.

Garai hartako 90.000 pezeta kosta zen frontoia egitea eta 12.000 metro kubiko lur mugitu behar izan zituzten. Inaugurazioaren bezperan, bizkar besta ospatu zuten Charlot-en (gaur egungo Euskalduna) afaria eginez: Jose Artieda, Apezaborda, Xixari, Alkaiagako Batista, Vicente Fagoaga, Andueza, Patxiku Retegi, Genaro Iturbide, Berasain, Bordaberri, Fernando Elgorriaga, Esteban Errandonea, Dionisio eta Jose Chantre (hauek kontratistak ziren). Ricardo Barojak lanean aritu zirenen izen-abizenak paper batean idatzi zituen txukun-txukun, botila batean sartu zuen papera, eta erreboteko txokoko harri batean sartu zuten. 1942 urte hartan pilota partida bat jokatu omen zen baserritarren (Egiluzea, Maletenea eta Premosa) eta herritarren artean (Campanero, Dorronsoro eta Arrosko).

Orduz geroztik, hainbat pilota partidaren lekuko izan da Eztegara. 1968an teilatua eman zitzaion; 2001ean moldaketa lanak egin ziren frontisean eta zolan eta iaz emergentzia irteerak egokitzeko lanak hasi zituzten, aurtengo bestetan inauguratu direnak. Honela, bigarren solairua ere erabil daiteke orain segurtasun-arauak betez eta 650 lagunentzako tokia du.

Urteurrena ospatzeko EPELen eskuz binakako pilota txapelketa nagusiko lehen partida, Eztegara pilotalekuan jokatu zuten 2017ko azaroaren 24ean. Aimar Olaizola goizuetarrak eta Imazek 22-13 irabazi zieten Ezkurdia eta Zabaletari. Lehendabiziko partidan, bi beratar izan ziren aurrez aurre. Ander Errandonea eta Tolosak 22-19 irabazi zieten Retegi Bi eta Iñigo Martinezi. Partida nagusia hasi aitzinetik, ohorezko aurreskua dantzatu zuten Gure Txokoako dantzariek eta Eztegarako pilotalekuko obretan lanean aritu zirenen artean bizi den bakarrak, Bixente Fagoagak, bota zuen hasierako sakea erabakitzeko txapa.

Testua eta argazkiak: ERRAN.EUS

 

BERAKO ZENBAIT HERRITAR ETBko “HISTORIAS A BOCADOS” SAIOAN

2017ko abenduaren 9an, Ander Gonzalez sukaldariak zuzenduriko “Historias a bocados” saioa eman zuten Euskal Telebistan. Ander Gonzalez-ek herriko lau pertsonai ilustre elkarrizketatu zituen. Berari buruzko hainbat istorio aipatzen dira eta herriko txoko kuttun eta politenak agertzen dira.

Errandonea anai arrebak, Totono eta Rosa Mari, 73 eta 70 urtekoak, Berako bi herritar ezagun dira. Herriko mila istorio ezagutzen dituzte, azken ehun urtetan gertatutakoak bai behintzat. “Bera, baserriz baserri” izeneko argazki liburua argitaratua dute. Zalantzarik gabe erran dezakegu Totono eta Rosa Mari Berako herriaz maiteminduak daudela.

Josu Goia ere agertzen da saioan. 70 urteko gizasemea, dena izan da Beran eta denetarik egin du. Apaiz ikasketak egina gaztetan, bizitzak bertze bide batzuetatik eraman zuen. Liburuak eta diskak argitaratuak ditu. Herriko alkate ere izan zen eta musikari aditua da. Etxean duen sutegiaren ondoan, hainbat gairi buruz solastu da Ander Gonzalez sukaldariarekin.

Azkenik Iñigo Sarobe, 40 urtekoa, Berako gozogile famili bateko hirugarren belaunaldikoa da. Sarobe okindegiaren jabea da orain, eta familiko saltokira modernitatea ekarri du. Skatezale eta surflari, bizitza erdi eman du Lapurdin eta Catalunyan gozogintza eta txokolatearen inguruan prestatzen, bere lanbideari ukitu abangoardista emateko.

Azpian klik eginez gero saioa ikusteko aukera izango duzue.

http://www.eitb.tv/es/video/historias-a-bocados/5833/137975/bera/

ISIDORO…SEKULA EZ DA BERANDU.

Bertso sorta hau JULEN ZELAIETA Beratar bertsolari ezagunak idatzia da, ISIDORO FAGOAGAren omenez. 

2017ko maiatzean Bortziriko bertso paper lehiaketan aipamen berezia izan zuen bertso sortak.

Urte horretan bertan herrian hainbat ekitaldi egin ziren Berako tenore ospetsuaren omenez.

Behean klik eginda, bertsoak irakurri eta kantatu ahal izango dituzue.

Isidoro…sekula ez da berandu

BERAKO EKARPEN JORIA. Joxemiel Bidador

       Euskaldunon Egunkaria, 1995-8-11, 1995-8-18 eta 1995-8-25

 

      Benetan emankorra oso badela Bortzirietako Bera herriak euskal kultur arlo urrian eskeini izan digun zitu zoria. 1980. urtean eta aspaldian ospatzen ziren Euskal Besten mendeurrenaren aitzakiz, Berako udal batzarrak onartuta bai eta bultzatuta ere, eta JOAKIN GOIA eta N.KORTAZAR bikoteak ondua, “Hiru beratarren euskal bertsoak” izenburuko idazkia agertu zen bertan, Uharteren etxean moldizkiratua hain zuzen ere.

      Aipa hiruetan lehendabizikoa IGNAZIO LARRAMENDI DEL PUERTO espartzinegiteilea dugu. Altzateko Errikoitxiako semea, 1874.ean sortua. Gizon xumea, umila, ona omen. Etxalarko Txebertzeko Asunzion Arburuarekin ezkondua, 12 seme alaba zituztelarik, haietariko bat Juanito pintore famatua. Laguna zuen Irungo Joan Basurkorekin parekatua izan den bertsolari fin honek ezer guti utzi zigun izkiriaturik, hala ere Olerkiak izenburuko lana Zarauzko Itxaropenaren eskutik agertu zen zendu urte berean, 1960.ean alegia. Bertan, besteen artean, bere herriaren omenezko gorazarrea dakar honela: «Etorri zattez egun batian / Xoko on hau ikustera / Ibilaldi bat eginen dugu / Herrian lau aldetara / Begi zabalaz begitu ongi / Alde bat eta bertzera / Harriturikan erranen duzu / Zeñen polita den Bera». Larramendi hau kantari ona omen zen, abots ederreko tenorea, eta honen froga garbia Alfonso XIII.aren ezkontzan aritu zela kantari dugu. Dena den, ez zuen helburu haundirik hortan, eta parropiako abestaldean soilik aritu zen kantetan berrogeitamar urtez gutienez. Nafarroako ordezkaritzak eskaturik, euskaltzain izendatu zuen akademiak.

        AITA ERROMAN DORNAKU OLAETXEA, kaputxinotarren artean Erroman Maria Berakoa bezala ezagunagoa datekeena bigarrena dugu esan liburuxkan. 1878.ean sortua, hamabi anai arrebetan txikerra zen Illekuetako Altzugaraikoa, eta besteetan hemen jada esan den gisan, hauxe ere ordo minor delakoan sartu eta Filipina uharteetara igorri zuen aita nagusiak. Gaztetan misioetara abiatzeak hizkuntza ugari ikasteko aukera eman zion, sasoi ezin hobean baitzagoen hortarako, eta horrela, hamalau hizkuntza ongi zarabilzkien: euskaraz gainera, frantsesa, española, inglesa, italiera, latina, greziera, hebraiera, bikol, panpango, pagasinanera, tagaloa, txamorro eta niponera. Arribatzen zen leku berri guzietan bertako hiztegia ontzen saiatzen zen, bertaratzen ziren misiolari berri guziek hango hizkuntza errezago ikasi ahal zezaten. Ez da harritzekoa gertatzen beraz, EEBBtako lehendakariak saritzea bigarren gerrate mundialean Manilan egindako lanaz, inguruko horrenbeste hizkuntzez baliatuz. Halarik ere, amerikanoek Guam irlan izan zuten jokabideari aitziko jarrera sendoa erakutsi izan zuen beti, bertako biztanleen ohiturak guardatzeko. 200 liburu baino gehiago idatzi zituen, baina gehien gehienak EEBBetan daude egun. Txamorroen apostola izengoitiaz deitzen zutena Hondarribian hil zen, Bera herria beti gogoan. Bere bidaietan ez zuen sekula ahanzten hango lurrez beteriko zorro ttiki bat, ailegatu toki orotan puxka bat botaz. Bere lanen artean Buenos Airesen 1908. urtean irabazi olerki sari bat dago, Diccionario vasco castellano, castellano vasco, 1909.goa, Berako 100 gertaera, Gramática vasca método Olendorff, Bierbaum aitak eginiko burutazioen euskarapena, aritmetika eta geografiazko bi liburu, edota argitaratu gabe dagoen bere, duda izpirik gabe, 48 orrialdetako biografia interesgarria Mis cincuenta años de misionero.

        Liburuaren hirugarren idazlearen aipamena ekarri behar honetan, JOAKIN ALDABE JOANIKOTENAren lanaz oroitzekoa bereziki. Legia karrikako Bilkorrenean jaio zen 1893. urtean, aurtengo Sanfermin deunaren bestetako bezperan orai 25 urte hil zelarik. Oriora lotua lana zela eta, hantxe ezkondu ere egin zen, bertako Aszension Lertxundi andrearekin. 200 olerki baino gehiagoko autorea dugu, gehien batez Mokozorrotz izengoitiaz sinaturik. Bere lana, Irungo El Bidasoa aldizkarian agertu izan zen batik bat 1956.tik, baita Karmel eta Olerti aldizkarietan ere. Aldaberen zenbait eta zenbait burutazio laguna zuen Antonio Zabalari igortzen zizkion gutunetan atzeman daiteke. Hona hemen pasarte bat: «Gaur arte egin dituten lan danak, zure esku ipiñi ditut naiz luze naiz labur, naiz trakets, naiz poliki moldatuak. Euskera gora bera abekiñ, oso bakarrik arkitzen naiz. Ez det iñoren arnasa ta bultzadarik artzen neuk niri ematen diotena baizik. Eta au ez ta biar ainbat. Nigan jayo dan gauza, eta bakar bakarrik nijua nire bidian. Gauz abetako zein motxa dan Orio erri au. Obeto esango nuke, zeñen ez jakiña dan azken malleraño. Zure lantegi leku ortan, ainbeste gauz eder biltzen dituzun ortan, nik biyaltzen dizkitzutenak politak dirala baditzkiozu, jarri itzazu zure karpeta ortan lo goxo goxuan egunen baten zai argira azaltzeko, bestela…badakizu. Amar milla puska egiñ ta bota sutara».

     Aurreko astekoan aipagai izan genuen San Estebango parropiako tenore bertsolari espartzinegiteilea zen Ignazio Larramendi. Gaurkoan beste tenore beratar garrantzitsu bat badugu izkiriagai, ISIDORO FAGOAGA LARRATXE hain zuzen. 1895. urtean sortua, 1910.ean Argentinara joan beharra egokitu zitzaion, bertan ferreteria batetan lanean zihardularikan. Titta Ruffo baritonoaren laguntzaz, Italiara abiatu zen musika ikasketak burutzeko asmoz, Parmako kontserbatorioan bekaduna suerta Campaniniren ikasle gisa. Gerrarekin Madrilera abiatu zen eta bertan Iribarne maisuarekin ibili zen bere estreinako emanaldia eskeini arte, Sanson y Dalila lanarekin 1920.ean. Urte berean, eta Guridik berak deituta, Teodosio Goñikoaren papera bete egin zuen Amaia opera ezagunean. Fernandez Arbos maisuak luza aholkuari jarraikiz Wagnerren operen paperek eskatu behar adina tesiturari egokitzeko ardura hartzen saiatu zen bereziki, Walkiriaren Sigmundo, Parsifal, Tritan, eta abar.

        Toscaninirekin aritu zen kantatzen Milango La Scalan hamaika urtetan zehar. 1937.ean, Gernikakoaren berri izan zuenean, Italian sekula santan berriro ere ez zuela kantatu behar erabaki zuen, eta Donibane Lohitzunerat abiatu zen. Bertan atsegina zuen lana egiteari eutsi zion, hau da, sonetoak idazteari. Zoritxarrez, 1940ean alemanek atxilotu zuten eta Gurseko kontzentrazio ordokian sartu. 1953.ean Argentinara harzara joan zen, eta handik berriz Donostiara. Kantatzeari utzi zionetik, lan ugari izkiriatu zituen, esaterako: Pedro Garat, el Orfeo de Francia (1948), Retablo de curiosidades: Huarte, Ravel, Paoli, Gayarre y Eslava (1959), Domingo Garat, el defensor del biltzar, Unamuno a orillas del Bidasoa, Los poetas y el país vasco (1969), El teatro por dentro, edota A propósito de Goethe en euskera.

        IÑAZIO ERRANDONEA GOIKOETXEA dugu gure egungo bigarren gizona. 1886.ean sorturik, lagundian sartu zen, 1918. urtean apaiztu zelarik. Madrileko Razón y fe aldizkariko zuzendaria izan zen, baita hiri bereko idazleen etxeko nagusia. Donostian EUTG sonatua sortu zuen 1955. urtean. Halere, bere lanik bikainena klasikoen literaturaren ikasketan garatu zuen. Oxfordeko unibertsitatean literatur ikasketak burutu ostean, doktoratu egin zen La personalidad del coro en las tragedias de Sófocles izenburuko tesiarekin. Bere lan gehienek Greziako antzerki klasikoaz dihardute, eta Sofokles idazlearengan oinarritzen dira batik bat: Sófocles y su teatro (1942), Sófocles: investigaciones sobre la estructura de sus siete tragedias, la personalidad de sus coros (1958), Ediporen itzulpenak (1959), Antigona eta Elektrarena (1965), Aiante, Filoktetes eta Tarkiniena (1968), Gramática del griego bíblico eta bi mila baino gehiago orrialde duen Diccionario del mundo clásico lan mardula.

        Ahitzeko gogora dezagun Zigardibereko Juanito, JUAN ERRANDONEA ALZUGUREN alegia. Hauxe Zigardiberea baserriko semea dugu, 1917. urtean sortua, eta 49 urtetan zendua. Madrileko Unibertsitate nagusiko sumerio eta ekialdeko kulturako katedratikoa izan zen, eta ezagutzen zituen hizkuntzak ez ziren gutti: Euskara, italiera, española, fantsesa, inglesa, nederlandera, flamengera, suediera, errusiera, turkiera, txekiera, latina, greziera, hebraiera, arabiera, arameoa, ugaritiera, siriera, etiopiera, akadiera eta sumerioera gutxienez. Biblia arras ongi ezagutzen zuen, bere Eden y Paraísoliburukian ederki ikus daitekeen legez. «Analogías vascas en el vocabulario sumero-semítico» izenburuko artikulua agertarazi izan zuen Antologika annua izeneko aldizkarian. Bertan itzal, zulo eta atzapar hitzak sumerieran ere bazaudela —baieztatzen zuen.

 

LEGARREAKO LEIZEA.

LEGARREAKO LEIZEA.

Argazkia ERRAN.EUS

EGILEA: IXIAR ELORTZA JAUREGI

DOINUA: GURE AURREKO GURASO ZAHARRAK.

BORTZIRIETAKO BERTSO PAPER LEHIAKETA. 2015eko maiatza.

 

1.- Mila bederatziehun eta                                                2.- Gure aterpe ta bizileku

hogeita hamaseigarren                                                     Gazteluko Arretxea

Espainiako gerra zibilan                                                    senarra frentera joana da

sartuak hurrenez hurren                                                    nire ardura  etxea

zazpi umeren ama gazte naiz                                           hau da neronek hautatu gabe

loriosa eta lerden                                                                tokatu zaidan trantzea

senarra ikazkin aritzen da                                                 ez da samurra eguna hasiz

familia altxatzearren                                                          arratseraino heltzea

bizitza duin irabazteko                                                      gerra minean zail da betetzen

zenbat lan egin behar den                                                zortzirendako heltzea

 

3.- Gazteluarron etxeetara                                                4.- Erdi gordeka nor ibilki den

gosetea iritsi zan                                                                dago argitu beharra

ahoratzeko deus gutxi eta                                                geroztik arratsaldean dute

lurra agorra baratzan                                                       egina herri batzarra

auzokideei zerbait ebatsiz                                               istantekoz zen etxe atarin

jana eskura ahal bazan                                                   ordezkari herritarra

“oilo batzuek faltatu dire”                                                 eskutan zuen paper bitartez

zabaldu zuten eleizan                                                      hala erran dit oharra

begiratzeek erraten zuten                                               “herria uztea da duzuen

geu omen ginala izan                                                       aterabide bakarra”

 

5.- Inguru hontan zer bizi dugun                                      6.- Uda beteko abuztu gori

Pedro zaitezen ohartu                                                      bero sargori ta idor

herritik bota nahi gaituzte                                                 hogei egunez borda hontarat

beharko azkar mugitu                                                       ez da urreratu inor

mendi magalin borda koxkor bat                                      baina ekaitza lehertzear dago

ea ahal dugun aurkitu                                                      tentsioz odola bor-bor

senarra bizkor Gaztelurantza                                           sei haurrak ta ni bortxarat jarriz

hor denean gerturatu                                                        zuloaren parean hor

Guardia Zibilak zortzi egunez                                           orduz geroztik leize hontarat

berekin du atxikitu                                                            mendeku usaina dator

 

7.- Hil maindireak zuri ta zabal                                        8.- Tresna ona ta eraginkorra

estali du Malerreka                                                          suertatzen da beldurra

laurogei urte daramazkigu                                               izuaren bakardade hori

ahaleginez zuei deika                                                      oroimenarekin urra

aunitz etorri izan zarete                                                   isiltasuna ez baita beti

bisitan erdi gordeka                                                         uste dugun bezain zuhurra

zauri ireki ta sakonetan                                                   Frankismoaren erregimenak

odolez zazpi erreka                                                         behingoz hartu dezan lurra

egiak duen ukendu goxo                                                 zuen geroak merezia du

eta leunaz fereka                                                             dakigun egi apurra

 

AZPIAN KLIK EGINEZ GAZTELUN EGINDAKO OMENALDI EKITALDIAREN BIDEOA DUZUE IKUSGAI.

BIDEOA. NAIZ.EUS

 

BERAKO HILERRIAN IREKITAKO HOBI KOMUNA. TXOSTENA 2012. URTEA

Informe de exhumacioìn Bera 2012 (Ministerio)

IZAN ZIRELAKO, GARA.

Iragana argitzeko behar horren baitan, Espainiako Gerran fusilatutakoak eta desagertutakoak gogora ekartzeko lanak egin dira Beran. Nagusiena Berako hilerrian irekitako hobi komuna izan da. Berako udalaren ekimenez, Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Aurelio Gutierrez herriko historialariaren laguntzarekin, kanposantuko hobia ireki zen 2011ko abenduan. Bertan 7 gorpuzkin topatu ziren, nahiz aunitzez gehiago izan ziren bertan lurperatutakoak. Bera izan zen Nafarroa guztian fusilamendu gehien egin zen herria. Gipuzkoako preso anitz ekarri zituzten Berako harrobira fusilatzera, eta herriko hilerrian lurperatu zituzten. Datu ofizial argirik ez badago ere, zenbait iturrik 200 hildakotik goiti zenbatu dituzte.

Oroitarria paratu zen eraildakoak gogora ekartzeko, eta omenaldia egin zitzaien 2012ko martxoaren 3an Herriko Etxeko plazan. Berako Udalak Franco seme kuttun izendatzen zuen erabakia ere gibelera bota zuen, Beran eraildako eta fusilatutako zein desagertutako beratarrak gogora ekartzeko mozioa onartzearekin batera.

Udalak zor historikoa kitatu nahi izan zuen ekitaldi harekin. Hamarkadetan isilarazitako sufrimendua eta oinazea berreskuratzeko eta justizia egiteko ekitaldia izan zen. Hamar beratar identifikatu ziren fusilatu eta desagertutakoen artean. Fusilatuak izan ziren: Francisco Arozamena Irazoki, Lucio Aldai Longarai, Faustino Martinez Urtiaga, Cesareo Seminario Iraizoz, Juan Etxenike Matxiarena eta Ecequiel Gomez Rodrigo. Desagertuak: Santiago Anadon Cambero, Ramon Balza Loperena, Enrique Berasain Sorondo eta Jose Larraburu Maritxalar.

II. Mundu Gerrako biktimak:

70 urte bete berri dira II. Mundu Gerra bukatu zela. Milioika biktima, desplazatu eta hildako utzi zituen, tartean beratar batzuk kontzentrazio esparruetara eraman ere:

Eugenio Alli eta Antonio Clemente (Buchenwaldera); Jose Rubio Delgado (Mauthausenera); Francisca Usandizaga (Rabensbrückera eta bertan erail zuten); eta Victor Garcia-Serrano Retegi (Neuengammen desagertu zen 1945ean). Bertze 11 beratar preso egon ziren Gurs-eko kontzentrazio esparruan, Isidoro Fagoaga tenore ospetsua bertze batzuen artean.

Berako Udala.

ETB bideoa