BLOG KOLEKTIBOA
Herriarena da hitza. Hemen idatzi nahi duzu?
‘Joxe Mari Ezkerra, XIX. mendeko bertsolariaren misterioa’ hitzaldia egin da Beran. 2022-12-02
Aurten ere ‘Uscaldunac garen ezquero‘ ekimenaren barrenean solasaldia antolatu dute Berako Udaleko Kultur Batzordeak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak elkarlanean. Solasaldia Beralandetan izan da, ortziralean, abenduaren 2an, 18:00etan, Joxan Elosegiren eta Aitor Errazkinen eskutik.

Elosegik eta Errazkinek Ezkerra bertsolaria ikertu dute, eta haren ibilbidearen eta bizitzaren gaineko informazio aunitz bildu dute. Ezkerra XIX. mendearen lehen zatian Euskal Herriko bertsolari garrantzitsuenetariko bat izan zen. Beratarra zela gaur-gaurkoz ezin ziurtatu bada ere, badirudi zantzu fidagarrienek hori diotela. Bertsolari oparoa izan zen, eta solasaldian haren zenbait bertso sorta ere ezagutzera eman dituzte.
Berako udal artxiboan gordetako 1882ko eskuizkribu baten aitzakian hasi ziren antolatzaileak hitzaldiak eta bertzelako ekitaldiak antolatzen. Eskuizkribu hori orain arte euskaraz aurkitutako testu administratibo bakanetakoa da, eta horren edukiak eta xehetasunak ikertzen ibili ziren Ekaitz Santiziliak eta Mikel Tabernak eskaini zuten lehen hitzaldia. 2021ean ekimenaren ardatza oikonimia izan zen, hau da, etxeen izenak. Orduko hartan Etxe izenak: ezaugarri orokorrak eta Berako erabilera hitzaldia eskaini zuten Paxkual Rekalde eta Andres Iñigo euskaltzainek, eta Oskar Alegriaren Emak bakia dokumentala ikusteko aukera izan zen.
Isidoro Fagoagaren omenez egindako erakusketa
2017ko apirilaren 25etik maiatzaren 28ra, Isidoro Fagoagaren bizitza biltzen duen erakusketa egon da ikusgai Berako kultur etxean. Maddi Irazokik, erakusketako gidariak, bisita egin digu bideo honetan.
HARRIAK – BERAKO ARROPA GARBILEKUAK

Historian zehar eta XX. Mendearen zati haundi batetan, etxeetan ur korrontea ez edukitzeak, hau etxeetara garraiatu behar izatea eragiten zuen, lan neketsu hau emekumeen bizkar erortzen zelarik, eta aldi berean, arropa garbitzea etxeetatik at egin behar izatea. Lan hau gehienbat taldean egiten zen, senitarteko eta hauzokideekin batera.
Beran, hain aspaldikoa ez den garai batetan, bizitokia edo baserria errekatik hurbil kokatua baldin bazegoen, familia bakoitzak bere “Harria” edukitzen zuen, hots; harri haundi eta zabala non arropa garbitze lanak burutzen ziren, Eraustea baserriaren atarian ikus daitekeen bezala. Bertze batzutan, ura baserrietatik urrun egoten zen, eta halakoetan, aska edo “Gobada tokiak” eraikitzen ziren Garmendiko Borda baserriaren atarian ikus daitekeen bezala. Bada kasurik, irudimena erabiliz, eta itturri ttiki bat baserri inguruan zegoela probextuz “Garbiketa tokia” eraikitzen zutela. Honen adibide garbia Malausteko bordan aintzinean dagoena da.
Bertzalde, hagitz aintzinako “Garbiketa tokiaren” aztarnak aurki daitezke oraindik Beran, Arano errekan bezala. Leku honetara, ziurrenik, Malet auzoko emakumeak joanen ziren gehien bat…
Herriaren erdigunean, Bera eta Altzate auzoaren inguruetan: Olan, Trukuneko bordan, Kanttonttikin, Txakurtxulon, Udaletxeko enparantzan eta Zalain auzoan, teilatupean dauden edo egon ziren “Garbitokiak” aurki daitezke. Babes hau jartzen zen, urtean zehar egunero lan hau burutu behar zuten emakumeak , eguraldi txarrari aurre egiteko, babesa izan zezaten.
Bertzalde, Ugal-zubi eta Mukisu zubiaren artean, Maristas-en atzean, garai batetan “Harriak” egon ziren eta arropa hedatzeko tokiak ere bai, non garbiketa lanak burutzen ziren. Erreka honen zati bat kanalizatu eta Errotazar hornitzen zuen kanalea desagertzearekin batera, gisa honetako aztarnak desagertu ziren. Era beretsuan, Agerra auzoko emakumeak Bidasoa Ibaian arropak garbitzeko erabiltzen zituzten “Harriak” desagertuta daude.
“Garbi-toki” hauetatik, Zalain eta Olan kokatuak daudenak egoera onean aurkitzen dira, Olan dagoena delarik hobekien zaindua, zainketa eta berritze lan hori pertsona pribatu batek bere bizkar hartu duelako. “Gargi-toki” honi bere garaian aldaketak egin zitzaizkion, teilatuaren norabidea aldatu zitzaiolarik eta honek bere iarupenean lagundu dio.Truneko Bordako “Garbitokiak” teilatuaren konponketa egiteke dauka eta “Txakurtxulokoak” ez dauka teilaturik. Bertzalde, Udaletxeko Plazan dagoen “Garbitokiak”, inguruaren garbialdi bat bertzerik ez luke behar bere edertasuna agerian uzbeko. Kanttonttikikoa berriz, garbia eta txukuna dago, eta badirudi bere garaian estalia egon zela…
“Garbileku” hauen funtzioa Kanttonttikiko “Garbilekuan” ageri den panelean aurki dezakegu:
“ Beztalde antzina toki hauek sekula funtzio soziala betetzen zuten emakumeei, lixiba egiteaz gain, herriko bertze emakumeekin egoteko probezten zutelakoz.
Lixiba egiteko lehenbiziko etxean, arropa kupel batean paratzen zen arropa hauen gainean oihal bat paratu eta egur ikatzaz eta erremuaren hostoz bete ondotik, behin ete berriz ur erakina gainetik botatzen zen arropa ongi garbitu arte. Hau Egin eta arropa garbitokira eramatzen zen eta han xaboinarekin igurtzi eta urberrituz lixibariakabera ematen zioten.”
“Garbitokiak” erreka eta itturriak zaintzeko helburuarekin eraikitzen dira, leku horietan gertatzen ziren gehikeriak ekiditeko.”Garbitoki hauek publikoak ziren, eta beharrezkoa zen toki horietan garbiketa egitea, batez ere herrigunean..
Garai haietan, zeregin social berezia betetzen zuten “Garbi-toki” hauek, bilera lekuak ere bait ziren, zeren lan hau burutzen zuten bitartean, emakumeak elkarren artean harremanatzen bait ziren. Gobada edo lixiba egiteko, lehenbizi etxean, arropa, kupel batean jartzen zuten eta arroparen gainean ohial bat jarri egur ikatzaz eta erramuaren ostoz betea.Gero, behin eta berriz ur irakina arropari gainetik botatzen zitzaion ongi garbitu arte. Hau etxean egin ondoren, arropa Garbi-tokira eramaten zen eta xaboiarekin igurtzi eta urberrituz, gobada bukatutzat ematen zen arte.
Gehienetan, erabiltzen zen txaboia norberak egindakoa izaten zen, sosa, grasa, olio eta bertze osagai batzuekin egindakoa.
Ikatzaz egindako hautsaren funtzio nagusia arropa xuritzea izaten zen, eta usain atsegina emateko, laurel ostoak edo bertze edozein usaindun plantak erabiltzen zituzten.
Lan guzi hau gogorra, luzea eta nekosoa izan ohi zen. Kontutan izan ura berotu, arropa busti, garbitu eta gero zintzilik jarri behar zutela, ahantzi gabe, arropa garbitokira eraman eta ekarri behar zela, gehienetan buru gainean ontzi batzuen barruan sartuta. Horregatik, lan hau desatsegin eta nekosoa kontsideratzen zen. Hori dela eta, ez zen arraroa zenbait familiak, lan hau burutzeko, soldatapeko emakume garbitzaileak kontratatzea.
Guzi horregatik, etxeko bertze lanekin batera, etxeko hormak zuritu, etxeko solairuei lustrea atera, baratzeko lanak egin eta abar egiteaz gainera, garbiketa lan gogor hau burutu zuten emakumeei gure onespena eta omenaldia erakutsi nahi diegu, familiaren sostengurako zutabeak izan zirelako.
Patxi Larretxea – Aurelio Gutiérrez Martín de Vidales.

CESAREO SEMINARIO IRAIZOZ
Cesareo Seminario Iraizoz Olaguen jaio zen, 1888. urtean. Berako bizilaguna izan zen eta lanbidez txoferra. Ezkondua zegoen eta bortz seme alaben aita zen, Iruñean “Vuelta del Castillo” delakoan fusilatu zutenean 1936ko abenduaren 10ean. Goizeko zazpi t´erdietan izan zen eraila. Bere exekuzioa seguraski bere bizilagunen bekaitz eta gorrotoaren ondorio izango zen. 36ko gerra hasi berria zen.
Cesareok ondorengo eskutitza idatzi zion bere emazte Nieves Garraldari, hil aurreko egunean. Idatzian sumatzen den baikortasunagatik, ez zuen pentsatuko biharamunean gauzak horrenbertze okertuko zirenik.

Iruñean, 1936ko abenduaren 9an.
“Nieves maitea, pozten naiz ni bezela hau jasotzean ongi egonen zaretela.
Honekin erran nahi dizut Elejeta Bidasoako kontu-hartzaile denari eta karabineroari epaia jakinarazi dietela, baina niri eta Martinezi ez, beraz ez dakigu deus, baina pozik gaude zeren eta pentsatzen dugu gure errugabetasuna argituko dela. Nire kontra dagoen salaketari buruz nik ez dakit deus, dena gezurra da, dena den ikusiko dugu zer gertzatzen den.
Nieves hemen jarraitzekotan arropa beharko dut hotz handia egiten duelako, baina ez kezkatu nik abisatu arte.
Ez dut bertzerik errateko denentzako goraintziak baizik, baita ere Martinez-en emazteari hala eskatu didalako berak. Muxuak neskatoentzat, eta zuretzat nahi duzuna zure senarraren partez, maite zaituelako eta zu ikusteko gogoz dagoelako”.
Cesáreo Seminario eta Faustino Martínez Urteaga bizkaitarra, biak Berako bizilagunak, gerra zibilaren hasierako egunetan atxilotu zituzten, seguraski beraien auzokideen salaketen ondorioz. Halabearrezko patua medio, biak egun eta toki berean izan ziren fusilatuak.
Faustino Martinez “Fundiciones de Vera” lantegian UGTko buruzagia zen eta baita ere Errepublikar Bilgunearen partaide. Abenduko goiz hotz hartan, baldintza hauek nahiko arrazoi izan ziren gorrotoa erailketa bihurtzeko.
Bertzaldetik golpista frankistek, Cesareo Seminario heriotzera eraman zutenek, ondorengo salaketak zituzten bere kontra: herrian guardia zibilen koartelaren kontrako erasoan parte hartzea, kontrabandoa, eta jendea mugaz bertzaldera garraiatzen ibiltzea bere ibilgailuan. Salaketa hauek ez dirudite guztiz zuzenak, batez ere koartelaren kontrako salaketa larria.
Cesareo Seminarioren alabak, Martina Seminario Garraldak, Berako Ohiuan 2008an idatzitako testigantzari esker dakigu bere aita nola atxilotu zuten:
“1936ko uztailaren 19a. Goizean goiz kale nagusia Iruñeatik etorritako militarrez eta txapel gorria zeramaten zibilez bete zen, nik inoiz entzun gabeko kontuak entzuten zirelarik…Goizeko hamarrak aldera, Guardia Zibil bikotea etorri zen etxera gure aitaz galdezka. Ordu horretan aita lo zegoen oraindik. Orduan jakin nuen gauez karabinero batzuk etorri zitzaizkiola, Berako postuan zeudenak, ezagunak ziren herrian. Faborez eskatu zioten aitari Endarlatsara eramateko, herritik zazpi kilometrora, Bidasoaren bertze aldera, Irun aldera. Herriko bertze bi edo hiru kotxe eta kamioi batzuekin ere berdina egin zuten.
Ondoren, gure aita Herriko Etxeko sotoan zegoen presondegira eraman zuten kriminal bat balitz bezela. Egunaren bukaerarako jakin genuen bertze gizon batzuk ere atxilotu zituztela, inongo txarrik egin ez zutenak. Bi egunen buruan Iruñera eraman zituzten, 13. zenbakia zuen ziegan sartuz. Egun beltza iritsi zen azkenean. Gure aitak epaiketa sumarisimoa izan zuen, non marxista euskaldun arriskutsua zela leporatu zioten. Heriotza zigorrera kondenatu zuten, baina hiru eskubide aitortu zizkioten: salatzaileak zeintzuk ziren jakitea, bere anai Juanitoren ondoan hobiratua izatea eta bere familiari agur esatea.”
Modu honetan jakin zuen familiak zein bizilagunek salatu eta heriotzera eraman zuten Cesareo Seminario.
Carmen Baroja Nessik “Recuerdos de una mujer de la Generación del 98” bere liburuan aipatzen du Cesareo. Madridetik bueltan Cesareok ekarri zuen Irunetik Berara Carmen, estatu kolpea baino egun batzuk lehenago. Carmenek gehiegi solastu eta pixkot harroputza zen gizon bezela deskribatzen du taxista. Eta agian hau izan zen bere hondamendia, baina ez zen noski nahiko arrazoi bera erailtzeko.
Justizia frankistak ez zuen aski izan kondenatuen erailketarekin, eta gainera erantzunkizun zibilera ere kondenatu zituzten. Hil ondoren ere ezin bakean utzi. Beraien ondasunak lapurtuak izaten ziren, kondenatuen erantzunkizun politikoak aitzakitzat hartuz. Ondorioz hainbat familia miserian eta hondatuak gelditu ziren. 1939Ko apirilaren 21eko Estatuko Aldizkari Ofizialak ondorengo hau zioen:
“Pompeyo Galindo Lladok, hiri honetako Infanteriako Koronel eta erantzunkizun zibil eta ondasunen bahitze txostenen epaile instruktoreak, zera eskatzen du:
Ondorengo zerrendan daudenak, hamar eguneko epean beraien kabuz edo idatziz Plaza honetan dagoen Moriones Generalaren Koartelean agertu daitezela, beraien txostenaren inguruan egoki ikusten dituzten froga eta argudioak aurkeztera, zeren eta ez badute egiten beraien kaltetan izango da:
Cesareo Seminario Iraizoz, Berako bizilaguna.
Faustino Martinez Urtiaga, Berako bizilaguna.
Tirso Aldaz Jaurrieta, Iruñako bizilaguna.
Teresa Gorostieta Nuin, Iruñako bizilaguna.
Rosario Gorostieta Nuin, Iruñako bizilaguna.
Luisa Gorostieta Nuin, Iruñako bizilaguna.
Felipa Nuin, Gorostietaren alarguna, Iruñako bizilaguna.
Miguel Gorostieta Nuin, Iruñako bizilaguna.
Pascual Huarte Gamboa, Huarte-Arakilko bizilaguna.”
Beraz, Cesareo Seminario, 1939ko abuztuaren 5ean, epaitua izan zen Erantzunkizun Politikoen Herrialdeko Auzitegian, estatuari 2.000 pezetako kalte-ordaina ordaintzera arduradun politiko bezela.
EGIA, MEMORIA ETA ERREPARAZIOA
Aurelio Gutierrez Martin
LEGARREAKO LEIZEA. 167/1937 isiltasunak itxi arazi zuen auzia. Egilea: Julen Zelaieta.
2014ko abenduaren 29an,Legasan
Doinua: Arratsalde on ta aupa zuek
1) Bi mila eta hamalaua da,
abenduaren azkena.
Ze gogorra den Legarreako
Leizean pasatu dena!(ber)
Ikertzaileak murgildu dira
zulo beltzean barrena.
Autopsiaren emaitzei esker,
heldu da baieztapena:
jakinminez, zai geundena;
Inaki Indart-en gorpua dela
bertan topatu dutena(ber)
2) Bi mila eta zortzitik falta,
auskalo nolatan hila.
Herriak arnas hartu du baina
egia jakin dadila.(ber)
Hor ibili da Satorrakeko
espeleologo koadrila.
Euren lanean eginagatik
aurkikuntza borobila,
nik badauzkat kezka pila;
Gure Inaki topatu arren,
ez zebiltzan haren bila.(ber)
3) Istoriagile(e)k susmo bat dute
baina halabeharrean,
Gazteluarrak ixilik daude
zurrumurruen aurrean.(ber)
Gerra zibila hasi berritan,
abuztuko hondarrean,
zazpi herritar zulora bota
zituztela, indarrean.
Gune sakon xamarrean,
ustezko krimen haren mamuak
bizi dira Legarrean.(ber)
4) Elektrogailu,adar, abere,…
han denetik omen dago.
Tartean hainbat gorpu leudeke
haien azpian,…beherago…(ber)
Nahiz ta kontuak argitzen diren
berandu baino lehenago,
dena da “omen”,eta “omen”ak
traban daudenez,zeharo.
nik jakin nahi dut gehiago;
zergatik ez den misteriotik
istoriora igaro.(ber)
5) Momentuz dena kondaira bat da,
aunitz dago ikertzeko.
Dauden datuek ez dutelako
nere barrua aseko (ber)
Enekeneko Atatxi-Amatxik
jakingo dute hobeto.
Azken aldikoz joan nintzela
lau aste dagoeneko!
Afera beltz hau tarteko,
aitzaki ona da Gaztelura
bixita bat egiteko (ber)
Doinua: Gai horrek badu mamia
6) Kax-kax atea jo eta…:
-Iepa Amatxi Benita!
-Hara! Bilobak etxeko
bidea badaki ta!
Erdi errieta izan da
amatxiren zirika.
-Aspalditik nuen zuek
ikusteko irrika.
Sartu naiz eta atatxi
han zen, sofan jarrita;
-Tira, eser zaitez lasai,
eskertzen da bisita!
7) -Ta, zer,…zermoduz Legasan?
-ba,hain ongi ez,..tira…
Inaki topatu duten
zuloari begira!
-Mutiko gizarajoa!
amatxiren kupida.
-Inaki han zetzanaren
aieruen harira,
denok uste genuena
atera da argira.
-Ai, hontan ere usteak
ustel izan balira..!(ber)
8) -Ez dut imajinatu nahi
familiaren pena!,
sei urte luze hauetan
sufrituko zutena!
-bai,…ta aferak urrun du
betirako atsedena;
Orain ikertu beharko
zer den pasatu dena.
Baina bertze kontu bat da
jakin nahiko nukena:
Sagardia-Goñitarrei
pasatu zitzaiena.(ber)
9) Atatxik ospa egin du,
amatxik bertan darrai,
hala ere, ohartu naiz
ez dagoela lasai:
-Zu Gazteluarra zara..
-Bai, hori hala da bai,
baina memoria galtzen
hasi naiz aspaldi,… ai!
Ez naiz zeri buruz ari
zaren ohartzeko gai…
Bai,badaki, baina ez du
deus ere kontatu nahi (ber)
10) -Oroitzeko ez da ona
izaten edadea
-Ez da errez a(ha)nzten horren
gertaera grabea.
Arreta sahiestu nahirik
itzali du labea,
gaileta kaxatik hartu,
hariak, titarea,…
Azkenean, nire kezka
erantzunik gabea;
Isiltasunak hartu du
etxeko sukaldea (ber)
11) Bi minutu tentsioan
bait daramatzat jada,
ez dakit ze puntutara
luzatu begirada.
Bapatean atatxi Juan
azaldu da bertara.
(norbaitek nere erreguak
aditu ditu, hara!).
Atetik hala erran dit;
-zer,.. zertan ari gara?…
faborez, al duzunean
etor zaitez salara (ber)
12) Beti izan naiz biloba
zintzo edo formala.
Beraz sofatik altxa naiz
hitzak aditu a(ha)la.
Atatxik aunitz maite du
Enekeneko sala.
Haruntz noa sabelean
har bat daramadala;
Zerbaitek nere barruan
erraten bait dit hala:
Amatxik ezkutatua
kontatu nahi didala. (ber)
13) Sartu naiz, ia zer ote den
hainbertze misterio.
-Eser zaitez,…agindu dit,..
tira, hala badio,..
hemen berak agintzen du
ta zer erremedio!
Parez pare, urrun gaude,
mahai zabala medio.
-Begira,… hor hasi da ta
irriari adio.
Ez dut sekula ikusi
atatxi hain serio (ber)
14) -Gaztelun hau gorde dugu
sekretu baten pare,
baina nik mundutik laister
egingo bait dut alde,
egin beharko zenuke
dakidanaren jabe.
Nere eskuak jertsearen
poltsikoetan daude
Rec botoia zanpatu dut
ezkutuan, herabe,
dena grabatu nahi bait dut,
berak deus jakin gabe: (ber)

Doinua: ETAren su etenetik
15) -Hogeita hamaseia zen,
Gerra Zibilean jada.
Beraz, ia pasatu dira
zazpi-zortzi hamarkada.
Ni oraindik haurra nintzen;
zazpi urte, behar bada
Legarreako afera,
orduko gertaera da.
Zazpi lagun hil ta bota
omen zituzten bertara,
-Ustez, Legarrean dauden
sei horiek nor dira ba?
-Juana Josefa Goñi ta
bere sei seme alaba.(ber)
16) -Sagardia Goñitarrak
nor ziren nahi nuke jakin:
-Pedro ta Juana Josefa
zortzi seme alabekin..
Haurrak sortzen joan ziren
ta mantentzeari ekin.
Seme bat umetan hil zen
urte gutti batzurekin.
Pedro Ikazkin lanetan
zen urte haietan, Eugin.
Josefak umeak zaintzen
bazuen nahiko zeregin…
are gehiago, orduan,
tripan zeramanarekin (ber)
17) -Bederatzigarren haurra
jaiotzear zen orduan?
-bai, ta jaioko omen zen
bi hilabeteren buruan.
-ta neska polita al zen?
hau ia,detaile moduan,..
-Hori baiezta dezaket
hagitz modu seguruan!:
Altua, begi ederrak,
ile horia buruan…;
Juana Josefa ondora
ekartzeko helburuan,
gaztetan, senargai faltik
ez zen bere inguruan (ber)
18) -Nor zen Pedro Sagardia?
-ba, Josefaren Senarra;
Ezkondu ta Gaztelura
inguratu zen Oiztarra.
Nahiz ta pasa gerrarako
gehiengo adinaren marra,
Errekete(e)tan sartzeko
sentitu zuen beharra.
Frankoren alde aritu zen;
itxuraz ez zen koldarra,
baina familia utzi
zuen baztertu xamarra;
Gizon ausarta bai, baina
aita eta senar txarra!(ber)
19) -Arretxean bizi ziren,…
han, atzean dagoena.
-Arretxeatarrak beraz?
-Bai baina ez zen haiena;
Etxeko nagusia zen
Doneztebeko Taberna.
Merkataria zen bera,..
ez dut gogoan izena.
-Familia bat, haurrekin,
bertan maizter bizi zena,..
kanpotik begiratuta
nahiko ohikoa da dena.
orduan zer zen herrian
beraien kontra zutena?(ber)
20) -Eliza ondoan zuten
baina hagitz fede eskasa.
Pedrori hartzen zioten
zelatariaren traza.
Antza, ebasten aritzen
omen ziren euren kasa;
oilo, arraultze, letxuga
tomate zein kalabaza…
-Gosea ase behar ta…
ez zen izango erraza!
-Bai baina ebaste hori
orduan ez zen jolasa;
ai! garai zail haietan nork
ez zuen goserik pasa? (ber)
21) -Gazteluarrak haserre
zebiltzan hilabeteetan,
ebasketen egileak
beraiek ziren ustetan.
Pedro Eugin zen;urruti,
bere ikazkin lanetan.
Seme za(ha)rrena Baztanen.
Bertzeak, Gaztelun bertan.
Ez zituzten herrian nahi
ezta ere Malerrekan,
Beraz botatzeko asmoz,
abuztu erdiko bueltan,
bildu, ta herri batzarra
egin zen bi egunetan.(ber)
22) -Bi eguneko batzarra?
baina hori zertarako?
-Ba, erran dizut; herritik
bota nahi zituztelako!
-baina botatzea ere..
ez zen horrenbertzerako!
-hala erabaki zen ba,
ta hura bete beharko!.
Senarra Eugin, lanean,
zegoen herritik kanpo,
ta Josefak abisua
pasatu nahi ziolako,
bi egun bakarrik eman
zizkioten hortarako (ber)
23) -Pedrok jakin zuenean,
bueltan etorri zen hegan.
(batzutan pentsatzen zuen
bere familiarengan)
Sinesten zuen, afera
moldatzearen aukeran.
Baina herriak ez zion
sartzeko aukerarik eman.
Herritarrek zaintzak egin
zituzten herri sarreran.
Pedro iritsi zenean,
pentsatua zuten eran,
hartu eta sartu zuten
Doneztebeko ziegan (ber)
24) -Bere zai egon al ziren?
-Bai;sarreran, aldez alde.
Hortarako batzarretan
sortu ziren hainbat talde.
Donezteben egin zuten
erabakiaren jabe;
Gaztelu utzi ta egin
beharko zuela alde.
Erran dizudan bezala
gero, badaezpada`re,
espetxean sartu zuten
gaizkile haundien pare.
Zortzi egunez egon zen
argirik ikusi gabe (ber)
25) -Askatu zuten ta gero
berriz lanera, Eugira.
-Bertzeek zer egin zuten?
-Gaztelutik erretira,
ta Josefa sei ume(e)kin
ihesi joan zen mendira.
Borda batean babestu
ziren adarren harira.
Baina egun gutxitara,
aste betera, edo bira,
borda sutan erre zuten
ilargiaren argira!
-Ta familia? -nork daki!
harrezkero falta dira (ber)
26) -Zazpi pertsona falta ta
mendiko borda erreta,..
horrek ez al zuen piztu
Gazteluarren arreta?
-Ez, denak isilik zeuden
Pedrok egin arte buelta.
Senide(e)n bila hasi zen…
haiek topatu ez, eta,
auzitegi nagusian
jarri zuen salaketa.
Ikerketa zabaldu zen,
ta denak kezkaz beteta.
Hor hasi bait zen, herri hau
nahasi zuen epaiketa (ber)
27) -Gogorra izan zen bertan
bizitzen hasi zirena;
herriko hamaika lagun
auziperatzearena.
Zaintzan egon zirenak zein
batzarra deitu zuena,…
gertaerarekin omen
zuten eragin zuzena.
Hau da bertan izan dugun
epaiketarik luze(e)na.
”Ehun (e)ta hirurogehi ta zazpi”
jarri zioten izena.
Hamar urtez, hiru aldiz
ireki ta itxi zena(ber)
28) -Ba, ez zen izango hagitz
hamarkada atsegina,
kasua izanik horren
krudela eta gordina.
Gerra garaian arreta
gerrak zuenez, jakina,
arraroa da kasu hau
argitzeko a(ha)legina.
-Pedroren osaba batek
izan zuen eragina;
Antonio Sagardia
”Pallars-eko harakina”;
Militarren buru gisa
zenbait sarraski egina (ber)
29) -Hari esker jardun zuten
proba berrien ehizean,
frogatzeko zazpi lagun
hantxe zeudela, leizean.
Ikerketa isten bazen,
bere goi kargu klasean ,
berriro ere behatza
sartzen zuen oinazean.
Auzia bizi zen, haren
aginduen babesean.
Mehatsua bertan kontu
zuen denbora luzean:
Gaztelu erreko zuen
kasua argitu ezean (ber)
30) -Baina ausartuko al zen
denari su ematera?
-Zerbaitegatik heldu zen
militarra izatera!
-Baina hainbertze botere…
hori posible ote da?
-Begira, uler dezazun,
adibide bat kolpera:
Pedro, Berrogeita bian,
sartu ondotik lurpera,
auziak jarraitu zuen,
Gazteluarren kaltera.
Beraz, ze indarra zuen
hortik kontuak atera (ber)
31) -Ba, etxez etxe ibili
ziren testigantzak hartzen.
Auziak itxi artean
ez zen bertzerik geratzen.
Momentu zailek laguntzen
dutenez herri bat batzen;
Isiltasuna Gaztelun,
Igurinen eta Artzen.
Bertakoek jardun zuten
”bere”egia kontatzen.
Alferrik ibili ziren
herritarrak galdekatzen,
Don Justo apaiza ere
herriaren alde bazen (ber)
32) -Orduan guardia zibilik
ba al zuen Malerrekak?
-Ba,bai, …baina bost axola
Sagardiaren apetak.
Haien erruz, indar gutti
izan zuen ikerketak,
pasotismo osoz egin
bait zituzten galdeketak.
Herritarren aldekoak
ziren beti hausnarketak.
Luzatu gabe itxi nahi
izan zituen “karpetak”,
Komisario buru zen
Gregorio Zubizarretak (ber)
33) -Auzia itxi zen baina
atsedenik ez Gaztelun,
aunitz sentitzen bait ziren
konplize edo errudun.
Presioak menperatu
zituen bizpairu lagun;
Buruaz bertze eginda,
gazterik joan zitzaizkigun,…
Gehiegi kontatu dizut,
beraz, arren,..utz dezagun..
-Atatxi, kontatu lasai,…
ta kezkarik gabe jardun,
biktimak zein errudunak
hilda bait daude gaur egun (ber)
34) -Nik gehiago jakin nahi dut
pasa zenaren peskisan.
Halakoak ezin dira
barruan gorde,bizitzan.
Denek zuloa bazuten
gorpuen gune bailitzan.
ikertzera sar zitezkeen
horrek dudak argi zitzan.
-Gobernua gelditu zen
gertaeraren gerizan
behin barrura sartu ziren
baina konplimendu gisan;
han ez zuten deus topatu,
edo ez zuten nahi izan (ber)
35) -Beraz, kasua itxi zen
probarik eza medio.
-Susmoa dut ez zutela
kasua hartu serio.
-Auzia hor gelditu zen,
ez interes,ez balio,
ez errudun, ez konplize,
ez proba, ez ondorio.
-Egiz han baldin badago,
zazpiak zaintzen, herio,
alferrik da gordetzea
horrenbertze misterio;
Kontatu,…nola izan zen?…
zurrumurruak zer dio? (ber)
36) -Ba, zurrumurrua denez,
ezin azaldu argiro.
Abuztuko hondarrera
itzuli ezkero berriro:
Bordatik aterarazi
zituzten, ta gora igo.
Leizeko sarreran jarri,
euren izu ta bertigo,…
Lau tiro aditu ziren,…
-Baina,..bakarrik lau tiro?!,
bizirik bota zituzten?!
-Duda bera dut aldiro.
Benetan zer pasatu zen
ez dugu inoiz jakingo(ber)
37) -Ta familiak zer dio?
-Egia jakin nahi dute.
Ta hortarako hezurrak
topatu nahiko dituzte.
Nik ere nahiko nuke, bai,
topatuko balituzte!
Herri honen kapitulu
beltz bat itxiko genuke.
-Ta salbatu zen semea?
Hau, biziko da nik uste!
Hark ere egi osoa
zein den jakin nahiko luke.
-Berandu,..Iruñan hil zen
duela sei-zazpi urte (ber)
38) -Zazpi pertsona, han behean
zazpi bihotz, zazpi buru,…
zuloak ba omen ditu
berrogei metro inguru,…
hontaz solasteak, nere
kontzientzia lehertu du;
Arren topa ditzatela
eta mamuak urrundu!
-Lasai hortan ari dira
hau argitzea helburu.
-Topatzen dituztenean,
egon zaitezke seguru:
familiak ta herriak
atseden hartuko dugu! (ber)
2016ko Urriaren 9ean, Gaztelun
Doinua: Haizea dator Iparraldetik
39) Joan den hilean, aukera eman
nahiean esperantzari,
Legarreako zuloa ikertzen
hasia zen Aranzadi;
Haurren hezurrak agertu ziren,
tokirik ez zalantzari;
Han zeudelako, botoi, zapata
eta objetu ugari.
Josefarenak falta zirela
ta begi guztiak adi.
buruhezurra topatu dute!
Ahoa itxiz tabuari.
Pena ttiki bat badut nerekin,
nahiz ta ez zaidan nabari,
ze poza emango lioken honek
gure atatxi zenari!
40) Poztu, ez dakit, baina arnasik
hartuko zukeen sikira.
Amatxi zenak ere seguru,…
baina joan ziren!, tira…
Hezurrak Juana Josefa eta
sei seme alabenak dira.
Beraz Esparzak arrazoi zuen,
liburuaren harira.
Egi osoa atera denez
leize zulotik argira,
Gaztelu ez da berriz biziko
iraganari begira!
Laurogei urte luze izan dira;
Laurogei urte guztira.
Atatxik zion kapitulua
behin betirako itxi da.
41) Amatxi zena, dagoeneko
ariko zen otoitzean,
hala egiten bait zuen beti,
bat hiltzen zen bakoitzean.
Egun haundia, hunkigarria,..
dugu hau, ezinbertzean,
”omen”-ak sobran gelditu dira
hain gertaera beltzean.
Grabagailua gorderik nuen
gelako kajoi ertzean.
Majo kosta zait, baina piztu da
pila berriak jartzean,
”Play”ari eman ta hotzikara
zabaldu zait gorputzean
Atatxi Juani, “lapurtutako”
testigantza aditzean.
42) Kontuak kontu, orain hezurrak
hilerrira eramanez,
bertako horma-hobi batean
hartuko omen dute babes.
Bukatu dira istorio beltz,
zurrumurru ta esames.
Agur duin bat, omenaldi bat
mereziko dute aurrez.
Nahiz ez geunden han, abuztuaren
hogeita hamarreko gauez
mina ta lotsa sentitzen ditut
nere arbasoen partez.
Zuloak bertan jarraituko du,…
kontu beltz hauek, tamalez,
denborarekin barka daitezke
baina hantzi, sekula ez!
ENDARLATSAK HISTORIAN IZAN DUEN GARRANTZIA EZAGUTZEKO JARDUNALDIAK EGIN DITUZTE BERAN
Santa Kruz apezak agindutako fusilamenduei buruz aritu dira Beralandetan eta bisita gidatua ere egin dute
Otsaileko azken asteburuan, Endarlatsak historian izan duen garrantziaz aritzeko jardunaldiak antolatu dituzte Berako Udalak eta Berako Kultur Batzordeak.
Ortziralean, “Endarlatsako fusilamenduak. Santa Kruz apaiza” solasaldia eskaini zuten Beralandetan Jesus Arratek eta Aurelio Gutierrezek eta larunbatean bisita gidatua egin zuten Aurelio Gutierrezekin.
Bigarren Karlistadan, 1873ko ekainaren 4an, Santa Kruz apezaren aginduz 28 karabinero fusilatu zituzten eta bertze 7 borrokan hil ziren Endarlatsan eta horiek gogoratuz, Basilio Lacort Larralde errepublikazale beratarraren ekimenez monumentu bat eraiki zen eta 1907an inauguratu zuten. Monumentua ondare kultural izendatu dezala eskatu dio Udalak Bianako Printzea erakundeari, dituen akats batzuk lehenik zuzenduz. Hemendik sortu zen Endarlatsan izan ziren gertakari haiei buruzko jardunadi batzuk antolatzearen asmoa.
Jesus Angel Arrate Endarlatsako fusilamenduei buruz egindako kronika
http://mikelatz.blogspot.com.es/2016/12/los-fusilamientos-de-endarlaza-cronica.html
Aurelio Gutierrezek Basilio Lacort-i buruz argitaratutako lana.
http://oroimena.bera.eus/es/?s=basilio+lacort


Berako Oihua
2006
La purificación de la mujer [11 or.] (Josu Goia Etxeberria)
De la vida beratarra. La bicicleta [19-25 orr.] (Jose Antonio Errandonea Querejeta Totono)
San Migel zubiko borroka [33-35 orr.] (Juanjo Irazoki Errandonea)
Bera, Gerra Carlista. 2 de mayo de 1872 [5-9 orr.] (Aurelio Gutiérrez Martín de Virales )
2007
Bera, villa portuaria [35-39 orr.] (Antonio Valderrábano Quintana)
1967ko Euskal Besta Beran [41-43 orr.] (Mikel Taberna Irazoki Kapi)
De la vida beratarra. Larun [45-51 orr.] (Jose Antonio Errandonea Querejeta Totono)
2008
1968ko maiatza Beran [11 or.] (Mikel Taberna Irazoki Kapi)
No sólo en Sartaguda hubo viudas [13 or.] (Josu Goia Etxeberria)
18 de julio de 1936 [15-19 orr.] (Martina Seminario Garralda)
De la vida beratarra. Marineros de agua dulce [21-29 orr.] (Jose Antonio Errandonea Querejeta Totono)
La Recreativa [31 or.] (B.P.I.)
Recuerdo de los establecimientos beratarras [35-39 orr.] (Juanito Matxako)
Las defensas del Bidasoa en 1882 [41-45 orr.] (Juan Antonio Sáez García)
Recordando otros tiempos… [51-53 orr.] (Mary Barrios)
50 años de Laminaciones de Lesaca [54-55 orr.] (Aurelio Gutiérrez Martín de Virales)
2009
Isidoro Fagoaga [9 or.] (Juanjo Irazoki Errandonea)
Fundación de la enseñanza de niñas. Año 1961 [11-15 orr] (M.J.)
Ermitas de Bera [17-21 orr.] (Martina Seminario Garralda)
Burnearen garrantzia Bortzirietan [27-31] (Labiaga Ikastolako ikasleak)
De la vida beratarra. Cotilleo local. [35-43 orr.] (Jose Antonio Errandonea Querejeta Totono)
Sobre el monumento en Endarlatsa, dedicado a los carabineros liberales que fusiló el cura Santa Cruz [49-53 orr.] (Josu Goia Etxeberria)
2010
Un aurresku en su honor. Navarra 1936 [7 or.] (Verdad, reparación y justicia)
Fundación de la enseñanza de niñas. Año 1961 [13-15 orr] (Josu Goia Etxeberria)
De la vida beratarra. Cotilleo local II. [17-23 orr.] (Jose Antonio Errandonea Querejeta Totono)
Berako megalitoak [25-27 orr.] (Iñigo Txintxurreta)
Momentos musicales [41 or.] (Anonimoa)
Condecoración [49-51 orr.] (Antonio Valderrábano Quintana)
Monumento del puente San Miguel. Nota histórica [53-57 orr.] (Antonio Valderrábano Quintana)
2011
Zalain zokoko pilota-plaza [15-16 orr.] (Mikel Taberna Irazoki Kapi)
De la vida beratarra. Lizuniaga [21-25 orr.] (Jose Antonio Errandonea Querejeta Totono)
Beratarras ilustres [33 or.] (Josu Goia Etxeberria)
Bera sucesos de 1936-1938 [39-40 orr.] (Aurelio Gutiérrez Martín de Virales)
Acontecimientos del año 1924 [35 or.] (Antonio Valderrábano Quintana)
Las Navas de Tolosa [51-53 orr.] (Antonio Valderrábano Quintana)
2012
Datos generales del Municipio de Bera 1932 [5 or.] (Aurelio Gutiérrez Martín de Virales )
De la vida beratarra. 100 años [7-11 orr.] (Jose Antonio Errandonea Querejeta Totono)
El monumento a los carabineros republicanos fusilados en Endarlatza [21-23 orr.] (Aurelio Gutiérrez Martín de Virales )
Geure belaunaldiaren ezjakintasuna. 1936 [29 or.] (Nahia Senper Mazizior)
Ante el primer centenario de la muerte del organero azpeitiano D. Aquilino Amezua [31-33 orr.] (Jose Antonio Alberdi Egaña)
Urbanismo y fiesta: Plaza de Juan de Alzate [35 or.] (Alberto Retegi)
Hace 40 años se celebró en Bera, el centenario del nacimiento de Pío Baroja [37 or.] (Josu Goia Etxeberria)
Centenario del fallecimiento de Aquilino Amezua Jauregui, constructor del órgano de Bera (Josu Goia Etxeberria)
Sobre el puente San Miguel [49-51 orr.] (Antonio Valderrábano Quintana)
2013
De la vida beratarra: Bera año 1813 [15-23 orr.] (Jose Antonio Errandonea Querejeta Totono)
1914 centenario del nacimient de Julio Caro Baroja [25 or.] (Josu Goia Etxeberria)
Batallones de trabajadores en Bera [27-31 orr.] (Aurelio Gutiérrez Martín de Virales )
Retablo, imágenes, pintado y dorado de los altares [35 or.] (Antonio Valderrábano Quintana)
El puente San Miguel – La batalla de San Marcial 1813 [41-43 orr.] (Aurelio Gutiérrez Martín de Virales)
2014
Bestetako antzinako programas-Antiguos programas de Fiestas de Bera [11-19 orr.] (Rosa Mary Errandonea Querejeta)
Itzea eta Larhun [29 or.] (Mikel Taberna Irazoki Kapi)
“La Equitativa” ha txapado [31 or.] (Josu Goia Etxeberria)
Zubi zahar baten eskerrona [33-35 orr.] (San Migel zubiko lagunak)
Juan Cueto, Bera sucesos de octubre de 1925 [37-39 orr.] (Aurelio Gutiérrez Martín de Virales)
Cosas de antes [41-47 orr.] (Jose Antonio Errandonea Querejeta Totono)
2013ko martxoaren 3a: memoria gerrak eraildakoei [51 or.] (Berako Udala)
2015
Berako Oihua 1976-2015. 40 años [5 or.] (Josu Goia Etxeberria)
Kisulabeak-Hornos de cal [7-9 orr.] (Aurelio Gutiérrez Martín de Virales)
Berako gotorleku militarrak-Defensas militares de Bera [11 orr.] (Aurelio Gutiérrez Martín de Virales)
Sagardogintza Beran [39-41 orr.] (Jon Abril Olaetxea)
Ha pasado en nuestro pueblo [43-49 orr.] (Jose Antonio Errandonea Querejeta Totono)
Estructura defensiva de los pueblos de Navarra en la Edad Media [53-55 orr.] (Antonio Valderrábano Quintana)
Batallones de trabajadores en Bera [57-61 orr.] (Aurelio Gutiérrez Martín de Virales )
2016
Koreako etxeen izengoitiak [9. or.] (Mikel Taberna Irazoki Kapi)
Jose Mari Gainza, “Padre del Bidasoa y del Txistu” en Bera [17. or.] (Josu Goia Etxeberria)
Defensas militares, vuelta a Ibardin [19-21 orr.] (Aurelio Gutiérrez Martín de Virales)
Modesto Cendoya Busquets [39-43 orr.] (Aurelio Gutiérrez Martín de Virales)
Ha pasado en nuestro pueblo (II) [45-47 orr.] (Jose Antonio Errandonea Querejeta Totono)
40 urte Isidoro Fagoaga Larratxe joan zela [49-53 orr.] (Fagoaga Taldea)
2017
Berako erranerak [5. or.] (Labiaga Ikastolako Eskimela euskara taldea)
Isidoro Fagoagari elkarrizketa [15-17 orr.] (Isidoro Fagoagaren lagunak taldea)
50 urte beteko ditut!!!! [21. or.] (Toki Ona Institutua)
Harriak-arropa garbitzaileak [31-33. orr.] (Patxi Larretxea – Aurelio Gutiérrez Martín de Virales)
Antiguas fiestas (I) [37-43 orr.] (Jose Antonio Errandonea Querejeta Totono)
2018
Acontecimientos del año 1924 en Bera [9-11 orr.] (Antonio Valderrábano Quintana)
Gure atatxi-amatxien biografiak [13-17 orr.] (Ricardo Baroja eskola publikoko ikasleak)
Jose Rubio Delgado. Errepublikako karabinero bat Mathausen-en [19-25 orr.] (Aurelio Gutiérrez Martín de Virales)
Ezequiel García Rodrigo. Sisebuto Santidrán Santidrán [31 or.] (Aurelio Gutiérrez Martín de Virales )
“Peña Rata” bunkerra. Ibardin [33 or.] (Aurelio Gutiérrez Martín de Virales)
Antiguas fiestas (II) [35-49 orr.] (Jose Antonio Errandonea Querejeta Totono)
2019
In memoriam Francisco Perez Lusarreta “El enemigo de la memoria, no es el tiempo, sino el silencio” [21-23 orr.] (Aurelio Gutiérrez Martin de Virales)
Felipe Villacañas Mindeguia. Juana Aristegui Iraizoz. Verdad, justicia, reparación [25-29 orr.] (Aurelio Gutiérrez Martín de Virales)
1936ko Gerra eta ondorengo diktadura… isiltasuna… izua [35-39 orr.] (Juanjo Irazoki)
De la vida beratarra. Datos relacionados con la parroquia (I) [41-49 orr.] (Jose Antonio Errandonea Querejeta Totono)
El puente minero de Endarlaza [51-57 orr.] (Antonio Valderrábano Quintana)
2020
Covid-19 zela eta ez zen Berako Oihua argitaratu
2021
2021ean argitaratu zen baina ez bestetako programarekin batera, udako Uda bizia programaren barrenean baizik. Covid-19 zela-eta, ez baitzen bestarik izan
De la vida beratarra. Datos relacoinados con la parroquia (II) [11-23 orr.] (Jose Antonio Errandonea Querejeta Totono)
Santiago de Garmendia Zozaya, corsario beratarra en Portugalete (Aurelio Gutierrez Martín de Virales)
2022
Carmen Iraizoz Oyarzun, idazle beratarra [5-7 orr.] (Mikel Taberna Irazoki Capi)
Gregorio Izaguirre Bicandi. Verdad, memoria, reparación [11-13 orr.] (Aurelio Gutierrez Martín de Virales)
Matxikotetarrak [17-19 orr.] (Xanti Alzuguren)
2023
JOSE RUBIO DELGADO. ERREPUBLIKAKO KARABINERO BAT MATHAUSEN-EN
2015. urtean Berako Udalak ondorengo mozioa onartu zuen: “Bigarren Mundu Gerran deportatuak, baztertuak, atxilotuak eta erailak izan ziren euskaldunen omenez eta batez ere errepresioa jasan zuten Berako herritarren oroimenez”. Desagertuen zerrendan Jose Rubio Delgado aipatzen zen.
2016Ko udan historian doktore den Xavier Tornafoch Udalarekin harremanetan jarri zen eta Jose Rubio Delgado ezagutu eta elkarrizketatzeko ohorea izan zuela erran zigun. Modu honetan hasiera batean desagertutzat ematen genuen gizon baten patua argitu ahal izan da.
Aipatu elkarrizketa 1988ko abenduan argitaratu zen “EL VILATA” aldizkariko 66. alean. Xabier Tornafoch-ek Berako Udalari jakinarazten dio Jose Rubio Delgado ez zela desagertu, baizik eta bigarren mundu gerran borrokatu ondoren eta presondegi ankerrei gailendu ondoren, Katalunian bizi izan zela urte luzez.
Ondoren datorrena EL VILATA aldizkarian argitaratu zen elkarrizketaren itzulpena da:
JOSE RUBIO DELGADO: ERREPUBLIKAKO KARABINERO BAT MATHAUSEN-EN.
Jose Rubio A Coruñan jaio eta Bartzelona probintziako Gironella herrian bizi izan zen. Bere aita eta biak Errepublikaren aldeko karabineroak izan ziren. Josek konzentrazio-esparru nazien izugarrikeri eta ankerkeriak jasan zituen, baina aurretik espainiako gerra zibilean borrokatu zuen.
Jose Rubio Delgado 1917ko apirilaren 28an jaio zen A Coruñan, kasualitatez berak dioen bezala, bere familia Granadakoa baitzen. “Nire aita mugazaina edo karabineroa zen, gaur egun desagertua dagoen ordena publikoko talde honek beste gauza batzuen artean, aduanen kontroleko zereginak egiten zituen. Aita A Coruñan destinatua zegoenez han jaio nintzen ni”. Hasiera hasieratik bizitza zaila izan zuen. Lau urte zituela umezurtz gelditu zen. Gurasoak koleraz hil zitzaizkion A Coruñatik Malagako bidean. Aita hiri honetara destinatua zuten. Josek uste du Europan zehar edatu zen kolera izurritea Lehen Mundu Gerraren ondorio zuzena izan zela.
HAURTZARO GOGOR BAT:
Zer egin zenuen umezurtz gelditu zinenean?
“Izeba batekin, Granadako La Herradura deitzen den herri batera joan nintzen bizitzera. Batzuetan eskolara joaten nintzen, baina gehienetan artzain lanetan aritu beharra izaten nuen. Nire herriaren pobrezia gogoratzen dut; mundu guztia orgaz zihoan. Autobusa Granadara joateko zegoen soilik. 10 urte nituela, hala ere, Mugazain-Karabinero Eskolara eraman ninduten, Escorialera. Han eskola bat bazen mugazainen umezurtzentzat. Oinarrizko ikasketak bertan bukatu nituen”.
“Oinarrizko ikasketak amaitu nituenean, mugazain izateko ikasi nuen, eta 1935eko maiatzaren 1ean, 18 urte bete berritan Berara destinatu ninduten Errepublikaren mugazain bezala, Irundik hurbil dagoen Nafarroako mugako herri batera alegia”.
GERRA ZIBILA:
Gerra Zibilaren hasierak Beran harrapatu zuen Jose Rubio. Nafarroa Mola jeneralari esker matxinoen menpe gelditu zen berehala.
Zer egin zenuen Gerra Zibila hasi zenean?
“Nafarroa matxinoen esku erori zenez Irunera joan ginen ihesi Errepublika defendatzera. Irunen borrokatu ginen 1936ko irailaren 4a arte.
Frantziatik Bartzelona aldera joan ginen karabineroen konpainia bat antolatu baitzen.
Konpainia berri honetan partaide nintzela, Cartagenara abiatu ginen Errepublikaren alde borrokatzera.Handik Guadarramara joan ginen Galan kapitainaren agindupean. Honen anaia Jacan fusilatu zuten 1930ean Errepublikaren alde konspiratzeagatik. Guadarramatik Ciudad Real aldera joan ginen. Han Francoren aurka borrokatu nahi zuten miliziano eta boluntarioak trebatu genituen. Ni garai hartan karabineroen teniente nintzen. Ciudad Realen Karabineroen 3. Brigada Mixtoa sortu zuten eta borrokara bueltatu ginen.”
3. Bigrada Mixtoarekin, Jose Rubio penitsulako zati handi batean zehar borrokan aritu zen.1936an Pozuelo de Alarcon-en zen. Handik Cordobara eta Pozoblancora. 1937an Madrid-era itzultzen da, “nazionalen” erasoari aurre egitera. Jose Rubiok ongi gogoratzen ditu Madrideko borroken baldintzak nolakoak ziren. “Gu fusil batekin borrokatzen ginen, eta Francoren armadak alemanen hegazkinak zituen (Junker) eta italiarrak ere (Fiat), gure lerroetan hildako aunitz eragiten zituztenak.”
Gerra garaian bi aldiz izan zen Katalunian: 1937ko maiatzean Bartzelonan, komunisten eta anarkisten arteko enfrentamenduak geldi arazten, eta 1938an Segreko frentean.
1938an errepublikar gudarosteen atzerakada hasi ondoren, Jose Rubio Katalunia osoan barrena ibili zen, 1939ko otsailaren 16an Puerto Boun muga zeharkatu zuelarik.
GERRA ZIBILAREN ONDOREN:
“Saint-Cyprien konzentrazio-esparruan bukatu genuen. Ezin genuen handik alde egin eta hondartzan paseatzen ematen genuen eguna”.
2. Mundu Gerrra hastean Jose Rubiok Frantziako Atzerritar Boluntarioen XI. Erregimentuan eman zuen izena.
“Erregimentu hau segituan suntsitu zuten. Gu Maginot lerrotik aurrera borrokatzen ginen tropak ginen, eta honen ondorioz gure taldean hildako ugari izan zen. 200 lagunetik 20 gelditu ginen bizirik. Geroago Frantziako Atzerritar Boluntarioen XD. Erregimentuan eman nuen izena. Verdun-en borrokatu ginen, 1940ko ekainaren 9an alemanen atzaparretan erori ginen arte”.
Alemanek preso hartu ondoren, Jose Rubio lan pelotoi batean jarri zuten. 30 laguneko taldea zen, hauetatik 9 espainiarrak zirelarik. Alemanentzako garia biltzen aritu ziren Belgika inguruan eta geroago STALARG IX A konzentrazio-esparrura eraman zituzten. “Han egun guztian futbolean aritzen ginen, bertze ezer egin gabe”. 1941an hasiko da Jose Rubioren erromesaldia Alemaniako espetxeetan, Mathausen-en bukatuko duelarik.
MATHAUSEN:.
Mathausen-era iritsi aurretik Jose, Frankfurt, Nuremberg eta Munich-eko espetxeetatik pasa zen. 1941eko apirilaren 28an, Danubion zehar iritsiko da Mathausen-eko konzertrazio-esparrura bertze 28 espainiarrekin batera.
Zein zirrara eragin zizun Mathausen-ek?
“Hara iristean moralki lur jota geunden. Han zeuden espainiar batzuk infernura iritsi ginela erran ziguten . Oroitzen naiz sarreran hizkuntza desberdinetan idatzitako lelo bat zegoela: Hemendik hobekien aterako dena, burua besapean duela aterako da. Iritsiaz batera, zorriak kendu, tutu malgu batekin dutxatu eta marradun jantzi bat eman ziguten. Jantziak ez zigun gehiegi babesten Alpeen ondoan ginela kontuan hartuz”.
Zein herrialdetako jendea zegoen Mathausen-en?
“Ni nengoen barrakoian denetarik zegoen (alemanak, espainolak, poloniarrak, eta abar.) 200 espainiar inguru izango ginen guztira. Judutarrak aparte zeuden bertze barrakoi batzuetan kontzen zituzten”.
Erresistentzia talderik ba al zen?
“Mathausen-en ez zen erresistentzia talderik, ahal genuen bezala bizi ginen. Indartsuenaren legea zen. Denok jasotzen genuen egurra. Jipoi batek bertze mundura eraman ahal zintuen aisa.”
Nola zen eguneroko bizitza Mathausen-en?
“Hagitz gogorra. Goizeko 6tan ernatzen ginen eta harrobian lan egiten genuen eguerdi arte. Batzuetan harriak zamatzen genituen Danubio ibaian txalupetara. Goizetan altxatzean kafe pixkat gosaltzen genuen, kafea baino gehiago ur zikina zen hura”.
“Eguerdiko 12:00tan eltzekaria ematen ziguten, eta gaua arte lan egiten genuen. Orduan zerrenda pasatzen zuten. Kafe pixkot eta 300 gramo ogi banatzen zuten bortz pertsonako. Gaueko 10etan oheratzen ginen. Lurrean lo egiten genuen eta manta bakarra genuen bi pertsonentzat”.
Eta soldadu zaintzaileak zer moduzkoak ziren?
“Konzentrazio-esparruan SS-etako komandante bat zegoen.Ofizial eta soldadu guztiak ere (batzuk 15 urte ere ez zituzten) SS-etakoak ziren. Soldadu gazte haiek judutarren barrakoietan sartzen ziren eta burnizko barrekin jipoitzen zituzten. Judutarren oihuak entzuten genituen gure barrakoietatik. Ikatuak geunden, ez baigenekin guregana etorriko ziren ala ez.
Presondegitik kanpoko norbaitekin komunikaziorik ba al zenuten?
“Ez. Kanpoan gertatzen zenaz ez genekien deus. Guztiz inkomunikatuak geunden.”
Handik bizirik aterako zinela uste zenuen?
“Ziur nintzen infernu hartan hilko nintzela. Oroitzen naiz norbaitek ihes egiten zuenean egun osoz jan gabe lan egitera zigortzen gintuztela, eta gau osoa plazan lerrokatu edo formatuak pasa behar izaten genuela lorik egin gabe. Iheslariak harrapatzen bazituzten denen aurrean urkatuak izaten ziren. Konzentrazio-esparruaren erdi erdian bi labe zeuden eta egun guztian ke beltza ateratzen zen tximinietatik”.
DACHAU.
Jose Rubio Mathausenetik atera zenean arma fabrika batean lan egiten egon zen, handik Dachauko konzentrazio-esparrura eraman zutelarik. “Toki hartan ez genuen deus egiten eta baldintzak Mathausen-en baino hobeak ziren. SS-koekin futbolean aritzen ginen egun osoz”. Dachau-n 1945eko hasiera arte egon zen eta handik Buchenwald-era eraman zuten.
BUCHENWALD.
“Buchenwald-eko konzentrazio-esparruan 1945ko urte hasieran sartu ninduten. Harrobi batean egin nuen lan. Toki honetan, antolatutako erresistentzia zegoen. Armak ezkutatzen aritu ziren eta nik ere talde hartako partaide egin nintzen. Nahiago nuen borrokan hil, preso gisa baino.”
Hain zuzen ere, Joseren askatzea Buchenwald-en gertatu zen.
Nola izan zen?
“Egun batzuk lehenago amerikarrak tokia bonbardatzen hasiak ziren. Barrakoietatik ikusten genuen nola alemanek presoak kanpora atera eta fusilatzen zituzten. Ni nengoen barrakoitik ere atera gintuzten, baina ezkutatu egin nintzen eta bertze barrakoi batera joatea lortu nuen. Horrela eutsi nion bizitzari.”
Alemanek 1945eko apirilaren 1ean utzi zuten konzentrazio-esparrua. Presoek armak hartu eta ihesean zihoazen alemaniarren aurka borrokatu ziren, tropa amerikarrak iritsi arte.
“Amerikarrek armak itzultzera behartu gintuzten, eta hor bukatu zen dena. Oroitzen naiz amerikarren artean mexikar eta italiar dexente bazirela eta laster egin ginen beraien lagun.”
Konzentrazio-esparruak eta gero zer?
Askatasuna lortu ondoren Jose Rubio Frantziara itzuli zen, eta han egon zen bi hilabetez deus egin gabe. Gerrillari Taldean eman zuen izena (makiak), baina ez zen beraiekin borrokatu.
“Saint Laurent de la Salanque-n kokatu ninduten, Frantzia hegoaldeko herri nekazari baten, han bizi izan nintzen mahats-biltzaile bezala lan eginez. Frantziar estatuak nazionalitatea eskaini zidan baina ez nuen onartu, nahiz eta legearen aurrean frantsesa nintzen. 1000 franko ere eman zizkidaten frantziar armadako beterano gisa.”
GIRONELLA-RA ITZULERA:
“Gironella-ra 1958ko azaroan itzuli nintzen, orain nire emaztea den Dolores Riosekin ezkondu nintzelako, bera bertakoa baitzen. Frantzian ezagutu nuen Saint Laurent herrian.”
Josek Quim de las Eras-en lan egin zuen habeak egiten, eta ondoren urte luzez aritu zen Gironellako Cal de Metron ehungitzan. Orain erretiratua dago. Ez zen inoiz Mathausen edo preso egondu zen bertze konzentrazio-esparruetara itzuli. Bartzelonako Amical Mathausen-eko kide da, eta Frantziak luzaturiko deportatu agiriaren jabe da. Josek dio Gironellan dagoenetik ez duela konzentrazio-esparruetan ezagututako kiderik berriro ikusi.
Jose Rubiok garai bateko zorigaitz, eta giza izugarrikeriaren biktima izan zenak, desio bat adierazten du patxada harrigarri batekin:
“Bakean bizi nahi dut. Ez dut inoiz ahaztuko bizi eta gertatu izan zaidana. Baina urte aunitz pasatu dira eta gertakari haietako protagonistak bertze belaunaldi batekoak dira.
Aurelio Gutierrez Martin—Bidasoa Ikerketa Zentroa
BERA GOTORLEKU MILITARRAK
Bera, gotorleku militarrak
Aurelio Gutiérrez Martín de Vidales
Tenore baten etxeko atarian hasi zen dena
Gazte-gaztetandik agertu omen zuen kanturako zaletasuna Isidoro Fagoagak. 12-13 urte zituela elizako korurako frogak egitera joan zen bere ikaskideekin batera. Baztertu egin zuten, eta ezin izan zuen koruan kantatu. Gerora berak argitu zuenez, nerabezaroan ahotsa aldatzen ari zitzaiolako, ahots “mutua” omen zuen sasoi hartan, eta ezin zuen behar bezala kantatu. Handik gutira, 14 urterekin Argentinara joan zen, eta Buenos Airesko burdindegi batean hasi zen lanean. Lanean zegoen bitartean, bere kabuz kantatzen ikasten hasi zen. Burdindegiko lankideek irakasle batengana joatera animatu zuen, eta horrela, Romanini opera-kantari ohiarekin hasi zen. Colon Antzokiko operetara joaten hasi zen. Arrakasta handia zuen garai hartan Florencio Constantino tenore bilbotarrak. Bere etxeko atarian esperoan egon zen, agertu arte. Han hasi omen zen dena, tenorearen esperoan egoten jakin izan zuelako. Titta Ruffo kantari ospetsuarekin batera ailegatu zen Constantino. Bere burua aurkeztu zuen Fagoagak, eta etxera gonbidatu zuten. Constantino pianora eseri zen, eta Fagoaga kantuan hasi ordurako txunditu zituen Constantino eta Ruffo. Gomendio-gutunak eman zizkioten, eta Italiara kantura joan zedin animatu. 19 urte bertzerik ez zituen, eta Argentina utzi eta Italiara joan zen, kantuan ikasteko asmotan.
Milanen hasi zen kantu-eskolak hartzen, eta han zela, Parmako kontserbatorioan hutsune bat zegoela eta, han sartzeko frogak egin zituen. Irakasle partikularrak ezin zituenez ordaindu, kontserbatorioan sartzeko ahalegina egin zuen, eta baita lortu ere. Silva irakaslearekin ikasi zuen, harik eta I. Mundu Gerraren ondorioz, kontserbatorioa itxi zen arte. Berara itzuli behar izan zuen 1917an. “Basamortua” iruditu zitzaion jaioterria. Giro hartan, urte batzuk lehenxeago Berara bizitzera etorritako Baroja familia ezagutu zuen, eta Ricardorekin harremana egin zuen. Honek Iruñera joateko gomendioa egin zion, Diputazioari beka bat eskatzeko. Halaxe egin zuen. Beka eman zioten, eta Madrilera joan zen kantu-ikasketekin segitzera. Luis Iribarnerekin aritu zen ikasten, eta 1921ean, 27 urte zituela, Sanson y Dalilarekin debutatu zuen kantari profesional bezala. 16 urteko ibilbide oparo baten hasiera zen.
[segituko du]

Sigrfid Wagner (konpositorearen semea), Isidoro Fagoaga, Delman irakaslea eta E. Faltis (Wagnerren idazkaria), Bayreuth-en (Alemania).





