Ibilbide honetan, hainbat motatako defentsa militarrak aurkitzen dira: metrailladore habiak, artilleriako kasamatak, bunkerrak, hegazkinen aurkako defentsak. Postu hauek eraiki zituzten militarrak preso izan zituzten barrakoiak ere ikusi daitezke.

Bera eta Frantzia lotzen zituen errepide zaharraren inguruko ibilbideak hiru ordu eskas irauten du.

Itzeatik, Barojatarren Altzate auzoko etxetik abiatuz, Xantel errekarantz goaz. Norabide horretan, eskuinetara, harrobira doan pista utziko dugu, eta asfaltatutako pistatik jarraituko dugu, “Limiteko bide gurutzea”-rantz. Bertan, hiru bunker ikus daitezke. Igoera hau lasai hartuko dugu, zeharo aldapatsua baita.

Pistan jarraitu eta “Usategieta” bidegurutzera iritsiko gara. Han, artilleriako kasamata bat dago, eta handik abiatzen da Frantziara doan galtzada zaharra, “Napoleon galtzada” izenekoa. Bertatik, “Landagaita” norabidea hartuko dugu Larun mendirantz. Pista honetan 6 metrailadore habi aurkitzen ditugu bidearen ertzean eta inguruetan. Era berean, bidegurutzetik ehun bat metrora dagoen lehen habia igaro ondoren, eskuinetara bi muinoen artean dagoen pista hartuz gero, bi defentsa antiaereo aurkituko ditugu “Mindegia” izeneko tokian.

Azken metrailadore habia ikusi ondoren, “Usategieta” aldera bueltatuko gara, Ibardinerako norabidean. Ehiztarien babeslekutik eskuinetara dagoen bide balizatua hartuko dugu, “Okalarre” izeneko lekura iristeko. Okalarre bentara iritsi aurretik, pistaren eskuinaldean beste metrailadore habi bat aurkituko dugu, baita bentatik pixka bat gorago dagoen belardian beste bat. Inguru horretan, Peña Rata edo Gartzin izeneko tontorrean, haitz osoa zeharkatzen duen bunker bat dago. Bunkerrak hainbat tiro-posizio ditu, eta berrogeita hamar metro inguruko luzera. Bisita interesgarria da, baina honetarako linternak beharrezkoak dira.

Jarraian, asfaltatutako errepidetik joango gara, hogei metro inguruko bunkerra ikusteko. Goialdean, ezkerretara, metrailadore habia dago. Ibardinerako bidetik zenbait metro aurrera jarraituz, ezkerretara defentsa militarrekin batera soldadu langileek egin zuten pista hartzen dugu. Norabide horretan, “Eltzaurdia” aldera joko dugu eta handik abiapuntura.

Norabide horretan soldadu langileen batailoiak zeuden barrakoiak ikus ditzakegu eta zelai baten erdian dagoen artilleriako kasamata bat ere , gaur egun abereen babesleku bihurtua.