Nafarroako Memoriaren Institutoak Claudio Doroteo Diéguez Lozaren gorpuzkiak itzuli dizkio bere familiari, 1936ko irailaren 13an Altsasun atxilotu eta hil egin eta 84 urtera. Haren gorpuzkiak Otsoportilloko leizeatik atera zituzten 2016an eta 2017an, eta haren alabak, Concha Diéguezek, Nafarroako Gobernuaren DNA banku publikoan utzitako lagin bati esker identifikatu ahal izan zituzten. Hipotesi hori, hasiera batean, ez zen kontuan hartu, lekuko guztien arabera, udalerria zeharkatzen duen N-1 errepide zaharraren azpian lurperatuta egon zitekeelako. Ekitaldian, Claudioren alaba Concha Diéguezek parte hartu du zeinek erakundeen eta memorialisten elkarteen babesarekin, bere aita bilatzeko lan egin du. Bertan, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak gogorarazi du Claudio Diéguez, “Nafarroan errepresio frankistaren biktima gehienak bezala, bere ideia politikoengatik eta bere jarduera sindikalagatik soilik hil zutela”. “Gobernuak berretsi egin nahi du memoriaren, gorpuak hobitik ateratzeko eta identifikatzeko politika publikoekin duen konpromisoa eta etenik gabe jarraituko dugu lan horretan”, gaineratu du. Kotseilariak Claudioren senideei eskerrak emanez amaitu du hitzaldia: “Claudio berreskuratzeko zuen poza pertsona askok partekatzen dute, batez ere desagertutako pertsona bat berreskuratzen eta bere familia entregatzen ikusten duten bakoitzean beraietako batekin daudela sentitzen duten familiek”. Claudio Dieguez 1900eko urriaren 30ean jaio zen San Asension (Errioxa) eta Etxarri-Aranatzen bizi zen, bere emazte eta lau seme-alabekin. Trenbidean lan egiten zuen, sutegi gisa, eta CNTrekin lotuta zegoen. 1936ko irailaren 13an, Miranda de Ebron lanean ari zela, atxilotu eta Altsasura bidali zuten. Gau horretan bertan, familiak jakinarazi zuenez, Sorozarreta inguruan hil eta bertan lurperatu zuten. Lekukotasun batzuen arabera, 50eko hamarkadaren amaieran, errepidean obrak egiten ari zirela, giza arrasto batzuk agertu ziren. Zenbait hipotesi zeuden horren inguruan: bertan edo handik gertu utzi zirela edo hilerriren batera eraman zirela. Hala ere, Nasertic enpresa publikoaren laborategi genetikoak Otsoportilloko leizean 2016 eta 2017ko hilobitik ateratako gorpuzkien artean identifikatzea lortu zuen.