MAIDER IANTZI. GARA 2018-08-03

Berako «ahantziek» bota zuten atzo bestetako altxaferoa, plaza herritarrez betea zela, baita udaletxea ere. Bertan ziren Carmen eta Genoveva Aldazabal ahizpak, 1936ko errepresaliatuak, 92 eta 90 urtekoak, eta Francisco Perez Lusarreta nazien kontra borrokatu zen gudaria, 96 urtekoa. Hainbat senide ere bildu zen; fusilatuenak, duela 82 urte gaurko egunez herritik bota zituztenenak, askatasunaren alde dena eman zutenenak, oraindik desagertuak daudenenak. Batzuek orduan ezagutu zuten elkar eta azaroaren 18rako gelditu ziren, omenaldiak segida izanen baitu orduan.
«Beran bizirik mantenduko da zapalduen memoria» bukaera zuen bertsoa oparitu zien Udalak, krabelin eta zapi gorri batekin, bakearen eta bizikidetzaren alde egindako ekitaldian. Udalaren ekimena izan da, baina herritarrengandik ateratakoa. Lusarretak, Meliton Manzanasek torturatu zuenak, piztu zuen suziria, hatzekin garaipenaren ikurra marraztuz. «Memoriaren etsaia ez da denbora; isiltasuna da», dio berak. Eta hori puskatu zuten «gora askatasuna!» oihuarekin.
«Nireganako zapalketa guztien ondotik, gaur arte biziari eusteko zortea izan dut eta ezin gusturago nago», erran zigun gudariak. Senideak ere hunkitu ziren. Eskerrak eman zizkieten familiei, «beren borroka, zintzotasun eta duintasunarengatik».