1942ko urriaren 12an inauguratu zuten Berako frontoia.

‘El León navarro’ bezala ezagun zen Irigoyen Berako erremontistak egin zuen ohorezko sakea eta lehen pilotak, frontisean jo ondotik, gibeleko errebotearen hormaren gainetik pasatu omen zen. Lehen partida erremontean jokatu zuten herriko lau pilotarik: Irigoyen I eta IV.a, Elizalde eta Marich-en kontra. Ondotik, “bi frantziar, bi espainiarren kontra” aritu omen ziren.

Garai hartako 90.000 pezeta kosta zen frontoia egitea eta 12.000 metro kubiko lur mugitu behar izan zituzten. Inaugurazioaren bezperan, bizkar besta ospatu zuten Charlot-en (gaur egungo Euskalduna) afaria eginez: Jose Artieda, Apezaborda, Xixari, Alkaiagako Batista, Vicente Fagoaga, Andueza, Patxiku Retegi, Genaro Iturbide, Berasain, Bordaberri, Fernando Elgorriaga, Esteban Errandonea, Dionisio eta Jose Chantre (hauek kontratistak ziren). Ricardo Barojak lanean aritu zirenen izen-abizenak paper batean idatzi zituen txukun-txukun, botila batean sartu zuen papera, eta erreboteko txokoko harri batean sartu zuten. 1942 urte hartan pilota partida bat jokatu omen zen baserritarren (Egiluzea, Maletenea eta Premosa) eta herritarren artean (Campanero, Dorronsoro eta Arrosko).

Orduz geroztik, hainbat pilota partidaren lekuko izan da Eztegara. 1968an teilatua eman zitzaion; 2001ean moldaketa lanak egin ziren frontisean eta zolan eta iaz emergentzia irteerak egokitzeko lanak hasi zituzten, aurtengo bestetan inauguratu direnak. Honela, bigarren solairua ere erabil daiteke orain segurtasun-arauak betez eta 650 lagunentzako tokia du.

Urteurrena ospatzeko EPELen eskuz binakako pilota txapelketa nagusiko lehen partida, Eztegara pilotalekuan jokatu zuten 2017ko azaroaren 24ean. Aimar Olaizola goizuetarrak eta Imazek 22-13 irabazi zieten Ezkurdia eta Zabaletari. Lehendabiziko partidan, bi beratar izan ziren aurrez aurre. Ander Errandonea eta Tolosak 22-19 irabazi zieten Retegi Bi eta Iñigo Martinezi. Partida nagusia hasi aitzinetik, ohorezko aurreskua dantzatu zuten Gure Txokoako dantzariek eta Eztegarako pilotalekuko obretan lanean aritu zirenen artean bizi den bakarrak, Bixente Fagoagak, bota zuen hasierako sakea erabakitzeko txapa.

Testua eta argazkiak: ERRAN.EUS