NAFARROA, GIPUZKOA, BIZKAIA ETA ARABAKO ERREPUBLIKARRAK KONZENTRAZIO-ESPARRU NAZIETAN: AHAZTUAK
Francisca Romana Halzuet Alzate, “FRANTXIA”
Iluntasunetik ateratako istorio interesgarri eta zoragarri bat Francisca Romana Halzuet Alzate emakume nafarrarena da, “Frantxia” ezizenaz ezaguna. Zenbait dokumentututan Francisca Usandizaga, bere senarraren abizenarekin agertu ohi da ere.
Orain dela bost urte izan nuen bere berri Donostiako Nazioarteko Zinemaldian. Bertan Iurre Telleria eta Enara Goikoetxea zuzendarien “El último paso” , Red Comète izeneko erakunde klandestinoari buruzko dokumentala ikusi ahal izan nuen. Erakundearen helburua galdutako hegazkin aliatuak berreskuratzea zen, hauen pilotuak alemaniarrek gatibu egin ez zitzaten eta beraien herrialdeetara bueltatzen laguntzeko. Istorio honek sorturiko interesak gehiago jakitera eta azkenenan lan hau idaztera eraman zidan.
Francisca, Urrugne-ko Michel Halzuet-en, eta Berako Juana Vicenta Alzate Marticorenaren alaba, Beran jaio zen 1908ko Abuztuaren 29an. 1930eko Maiatzaren 7an, Joseph Maria Usandizaga y Alzate eta Jeane Marie Durritzague-ren seme zen Joseph Maria Philippe Usandizaga urrugnarrarekin ezkondu zen. Harekin hiru seme-alaba izan zituen, 1939ko abuztuan alargun geratu aurretik, gerrak ekarritako zailtasun ekonomikoei aurre egiteko bakarrik geratuz.
Herriko lanik gogorrenak burutzeko, Hernanin erbesteraturiko Juan Manuel Larburu Odriozola kontratatu zuen. Honen arreba José María, Florentino Goikoetxearen anaiarekin ezkondua zegoen, azken hau Red Comète-eko gidarietako bat izanik. Urrugnan kokatutako emakume ausart honen Bidegain Berri baserria Pirinioetara abiatu aurretik Red Comète-ren azken babeslekua bilakatu zen. Bertara iristen ziren errefuxiatuei aterpea, atsedena, janaria, “esne katilu bat, alpargatak, mendietarako makilak eta Bruselako lanerako sargazko jantziak” eskaintzen zitzaizkien.
Bere alaba Mariak dioenez, “Frantxiak” bere izaera xumearekin aktiboki parte hartu zuen 1942ko Uztailetik aurrera Le Réseau Cométe-en, sei hilabete beranduago, 1943ko urtarrilaren 15ean alemaniarrek bizilagun baten traizioari esker Bidegain Berrin atxilotu arte. Berekin batera Royal Air Force-eko hiru pilotu (Stan Hope, William Greaves eta Percy Ross), Juan Manuel Larburu eta Andrée de Jongh, Dedée, belgikako erizain, erresistentzia belgikarraren kide eta beranduago Red Cométe-ren sortzailea atxilotu zituzten.
Atxiloketatik ihes egin zuen pertsona bakarra Hernani Florentino Goikoetxea mugalaria eta Red Comète-ren gidaria izan zen. Bere eginkizuna hegazkin pilotu ingelesei muga gainditzen laguntzea zen, Bidegain Berri-tik Oiartzun arte zuzenduz.
Sei atxilotuetatik guztiak atera ziren gerratik bizirik, Juan Manuel eta Francisca izan ezik.
Francisca Romainville-eko gotorlekuan espetxeratu zuten Parisetik 1943ko Abuztuaren 29an Ravensbrück esparrura mugitu arte: abeltzaintzako garraiatzeko bagoietan sartuta trenez egindako bidaia luzeak lau egun iraun zuen. Ravensbrück-etik bizirik ateratako Simone Chrisostome Vilalta-ren testigantzaren arabera, iristean SS-ko emakume talde batek “ongi etorria” eman zien presoak kolpatuz eta txakurrekin mehatxatuz. Ilea moztu ondoren, dutxa zeharkatu eta “marradun pijama” eman zieten.
Francisca 22463. zenbakian erregistratu zuten eta handik gutxira eremu honi atxikitako lan-eremuetako batean esleitu zuten, Neubrandenburgeko hegazkineritza fabrika batera hain zuzen ere. Bertan 36 urterekin hil zen Liberazioa baino hilabete bat lehenago, 1945-eko Apirilaren 12an.
JUAN MANUEL LARBURU ODRIOZOLA Hernanin jaio zen 1912ko Abuztuaren 20an, Berakorta baserrian. 1943ko Ekainaren 3an, Fresneseko kartzelan espetxaratua izan zen eta hortik Compiègne-ko kartzelera lekualdatua 1944ko Urtarrilaren 7an. Handik aste batera, Urtarrilaren 19an, Buchenwaldeko kontzentrazio esparrura deportatu zuten, 40644 zenbakiarekin erregistratua. Azkenean Flossenbürg-eko kontzentrazio esparrura bidali zuten, 6558 zenbakiaz eta han 32 urte zituela hil zen 1944ko Apirilaren 5ean.
Bien bizitzak ez ziren alferrik galdu. Red Comète-rekin lankidetzan aritu ziren garaian, ia ehun pilotu aliatu salbatu zituztela zenbatesten da.
Iruzkin berriak