![]()
Hogeita hamargarren hamarkadan Bera merkataritza eta industria jarduera garrantzitsua zuen herria zen. Tren geltokia, metalurgia lantegiak, egur-industria eta kontrabandoa, herriko ardatz ekonomikoak ziren. 1923an komunikabide guztietan albiste izan zen Bera, Guardia Zibila eta anarkista batzuen arteko borroka bategatik. Anarkistek iparraldetik muga zeharkatu eta Primo de Riveraren diktadura jaio berriaren kontra egiteko asmoa zuten. Madrid eta Bartzelonako altxamentuak babestea zuten helburu.
Fundiciones de Vera herriko lantegi handiena zen eta ondorioz langile antolatuen erdigunea. Hasieran sindikatu katoliko baten inguruan antolatu ziren langileak, baina gerora metalurgia arloko UGT izan zen nagusi. Eloy Aldazabal, Faustino Martinez, Juan Usandizaga, Anadon anaiak, Eleuterio Gainza eta Jose Maria Iriarte izan ziren sindikatu sozialistaren bultzatzaile nagusiak. Matxiarena etxearen atzekaldean biltzen ziren. Etxe horretan lehenengo solairuan zuen egoitza Berako Unión Republicana-k ere (hasiera batean Unión Veratarra). Juan Oroz eta Bautista Oroz ziren lehendakaria eta idazkaria hurrenez hurren.
Berako Herriko Etxean sozialistak bi ordezkari izatera iritsi ziren eta hiru ziren soilik eskuineko zinegotziak.
Uztailaren 19an herria lasai zegoen, inongo alderdiak ez zuen iniziatibarik hartu. Biharamunean 20an, galdategian normaltasunez lan egin zen, eta Irunetik milizianoak iritsi arte ez zen produkzioa eten. Goiz horretan Jose Arcos karabineroen tenientea, Molak aldarrikatutako gerrako bandoa aplikatzen saiatu zen, baina bere menpekoek ez zuten bat egin. Guadia Zibilek zuhur jokatuz, ez zuten ez aldeko ez kontrako jarrerarik erakutsi. Arratsaldean herriko karriketan barna errepublikaren aldeko miliziano, langile eta karabineroak ibili ziren.
Uztailaren 21ean Iruñeatik etorritako tropa matxinoak Beran sartu ziren, milizianoak eta bizilagun batzuk Endarlatsara erretiratu ondoren. Endarlatsako zubiaren leherketak Molaren armadak Gipuzkoa aldera, errepidez zuzenean aurrera egitea eragotzi zuen. Ondorioz segituan atxilotu zituzten herritar batzuek legezko Gobernua laguntzea leporatuz. Hamar atxilotu Iruñeara bidaliak izan ziren. Hurrengo egunetan atxiloketa gehiago izan ziren: Esteban Pikabea Satorra, Dionisio Lopez maixua eta Vicente Unzalo eta Jose Otxoteko medikuak.
Gobernu errepublikarraren aldeko lurraldera pasa zirenen familiak, herritik kanporatuak izan ziren, gehienbat Andaluziako eta Extremadurako etorkinak, karabineroen senideak.
Berako harrobian pertsona asko fusilatu zituzten, aunitz gipuzkoarrak eta nafarroa hegoaldekoak, eta tartean apaiz abertzale batzuk ere bai.
Juan Etxenike beratarra, Villabonako kanpai-jolea, harrobi horretan fusilatu zuten, indar faxistak pasatzerakoan kanpairik jo ez zuelako. Hori da behintzat herrian aipatzen zena.
Errepublikaren alde jarraitu zuten hainbat karabinero, fusilatuak izan ziren Gipuzkoan preso erori ondoren. Ezequiel Gomez karabinero baten aita, bere semearekin elkartzeko momentuan atxilotu zuten eta segituan fusilatu.
Urrian Luciano Alday Pistolo erail zuten bertze Astigarragako bi mutilekin batera, espetxetik atera eta Irunera eraman ondoren.
Abenduaren 10ean hiru beratar erail zituzten Iruñean Vuelta del Castillon. Biren izenak iritsi zaizkigu: Cesareo Seminario eta Faustino Martinez Urtiaga. Herri epaitegian gertatu zen azken hilketa bortitza, Francisco Arocenaren heriotza alegia.
Hainbat beratar errepublikar indarrekin borrokatu ziren faxismoaren aurka, eta batzuk gerrako frentean galdu zuten bizitza: Enrique Berasain, Santiago Anadon, Luis Aranburu, Ramon Balza, eta Jose Larraburuk adibidez.
Ignacia Egia eta Felicidad Martinez irakasleak, soldatarik gabe eta destino aldaketaz zigortuak izan ziren.
Bera herrian errepresioaren arduradunetako batzuk Manuel Pombar reketea, galiziarra karabinero baten semea, eta aurrerago aipatutako Jose Arcos izan ziren. Azken hau frentean hil zen.
Iturria: 1936 Guerra Civil en Euskal Herria. Aise Liburuak.
Iruzkin berriak