
Berako herriaz gain, Lesaka eta Etxalar izan ziren Bortzirietan mugimendu errepublikar eta sozialista gehien izan zuten herriak. Etxalarren apirilaren 12ko hauteskundeak indar errepublikarrak irabazi zituzten eta maiatzean “Centro Republicano”-a sortu zen. Ramon Suescun izan zen bertako buru 1934 arte. Urte honetan Modesto Irisarrik ordezkatu zuen. 1933ko hauteskundeetan EAJ izan zen boto kopuru handiena izan zuen alderdia, Eskubiko Blokea (Bloque de Derechas) izan zen bigarren indarra, eta sozialista eta erradikalak ondoren.
Lesakan jada 1894. urtean antolatua zen “El Obrero” Laguntza Elkartea, eta 1929. urtera arte iraun zuen. 1931an sortu zen “Centro Republicano”-a. Fundatzaileen artean izen hauek aurkitzen ditugu: Bartolome Mayo, Serapio Arueto, Santos Alzugaray eta Vicente Lanz. Hauetariko batzuk izan ziren 1934ean herriko “Izquierda Republicana” alderdia sortu zutenak. 1933an PRR-ak ere bazuen bere biltokia Lesakan, Juan Fagoaga eta Juan Etxebeste buru zirelarik. EAJko abertzaleak ere indar garrantzitsua ziren Bortzirietan.
Uztailaren 19an herri hauetako abertzale eta errepublika zaleak, Gipuzkoa aldera eta Iparraldera jo zuten mugaren hurbiltasuna probestuz. Errepresalien beldur ziren. Ejerzito eta errekete sublebatuekin ez zuten derrigorrez bat egin nahi.
Uztailaren 22an Vicente Rodriguez guardia zibilaren aginduz, Etxalarko herriko etxea guztiz aldatu zen. Francisco Iparragirre, Francisco Elizalde, Celedonio Etxeberria eta Modesto Irisarri zinegotziak kanporatuak izan ziren. Abuztuan hainbat bizilagun kanporatu zituzten herritik, Adela Etxeberria, Teodoro Arburua apeza eta Bayona medikua bertze batzuen artean. Angel Sarobe ere atxilotuko zuten espioitza leporatuz.
Etxalarko lau karabinero eremu errepublikarrera pasa ziren: Angel Perez, Felipe Aillon, Joaquin Davesa eta Francisco Gonzalez. Gerra bukatu ondoren San Cristobalen egon ziren preso. Hasierako heriotz zigorrak konmutatu ondoren, kartzela zigor luzeetara konmutatuak izan ziren. Badakigu ihesi zihoazen Sunbillako bi karabinero, atxilotuak izan ondoren Etxalarren fusilatuak izan zirela, nahiz eta beraien izenak ez ezagutu. Etxalarren guztira 18 lagun atxilotu zituzten, beraien semeen deserzioen laguntzaile izateaz akusatuak.
Lesakan Martin Elizalde eta Silverio Rodriguez zinegotziak kanporatu zituzten herriko etxetik. Herriko “Junta Carlista”-ko kide esanguratsuak izan ziren Angel Garin, urte batzuetan alkate izan zen Ramos Sarobe eta Ramon Petxorena. Falangek ere bazuen indarra herrian, Luis Pellejero, Federico Telletxea eta Miguel Etxaniz-en partaidetzarekin. Eladio Esparzak, Lesakako kazetari eta idazleak, Diario de Navarrako artikulu idazle ohikoak, beti izan zituen harreman estuak herrian boterean zeudenekin.
Ihes egindako pertsonen senideen atxiloketa, ohiko jarduera errepresiboa izan zen Lesakan; horrela gertatu zen Vicente Lanz, Luis Mitxelena, eta Bartolome Mayo-ren emazteekin. Alzugaray anaien ama ere atxilo hartu zuten. Hainbat herritarrei ondasun guztiak lapurtu zizkieten, hala nola, Teofilo Lekaroz, Jose Lekaroz, Martin Elizalde eta Victor Lekarozi. Aurrerago aipaturiko Vicente Lanz-en familiak limosna eskatzen ibiltzea bertze aukerarik ez zuen izan.
Kartzela eta deserria izan ziren Lesakako ezkertiarrek pairatu zituzten ekintza errepresiboak.
Errepresioaren ondorioz lau hildako zenbatu dira: Jose Telleria Etxalarko gaztea 1936ko abenduan Guardia Zibilak eraila ihes egiten saiatu zenean, Esteban Irazabal eta Gregorio Francisco Garbisu ere Guardia Zibilak erailak eta azkenik Doroteo Serrano jornaleroa 1941. urtean.
Iruzkin berriak