Azkenaldian memoria historikoaz aunitz solasten da. Historiak gure egunerokotasunean eta etorkizunean garrantzi handia du. Bera herriak historiako pasarte garrantzitsu aunitz bizi izan ditu. Nik nire izeba Genitoren pasartea kontatu nahi dizuet Berako historiaren zati ttiki baino latza delako eta memoria historikoaren parte delako. Hurrengoak izebaren hitzak dira:

“1936ko Berako bestak. Nere izena Genoveva Aldazabal Gorria da. Amak igandeko arropa jarri eta Berako plazara abiatu ginen. Ni hagitz kontent nengoen, igandeko arropakin ikaragarri dotore nengoen. Plazara ailegatu ginenean, bestarik ez zegola konturatu nintzen, hantxe Berako 100 familia eta soldaduak zeuden, beldurra sentitu nuen. Bat batean guardia zibil bat mahai baten gainean jarri eta ondorengoa erran zuen: “¡A Francia, a Gipuzkoa o a fusilar!”. Denak iparraldera joan nahi genuen baino ez zen horrela izan. Gure familiak zortea izan zuen. Nere izebak hango soldadu bat ezagutzen zuenez, honek etxeko kotxean goitzeko baimena eman zigun eta Ibardinera abiatu ginen. Hala ere, bertze familiak kamioietan goitu eta engainatuta Irun aldera eraman zituzten. Animaliak balira tratatu zituzten, zaku patatak balira kamioietan goitu zituzten.

Ibardinera joan ginen gure atta non zegoen jakin gabe. Amona atta Irunen zegoela jakin eta segiduan Ibardinera berria ematera etorri zen. Egun batzuetan dena pasako zela pentsatuz, ama eta anai-arrebak Irunera attarengana joan ziren gero nere bila etortzeko asmoarekin eta amonak ni eurekin gelditzea proposatu zion amari eta halaxe izan zen. Hurrengo egunean Iparraldera pasatzea debekatu zuten eta denbora luzez, ez nuen nere anai-arreba eta gurasoez deus ere jakin. Momentu honetatik aintzinera gure bizitza erabat aldatu zen.

Doroteo osabaren etxean hiru egun logela batean sarturik pasa nituen, oraindik ederki gogoratzen dut pasa nuen beldurra. Egoera larria ikusirik, eta erailak izatearen beldurrez Alejandro osaba nere bila etorri zen eta arratsean izebaren baserrira eraman ninduten, han gorde ninduten. Nik 8 urte nituen eta ez nuen gehiegi ulertzen baino ikaragarrizko beldurra nuen, ezin ninduela inork ikusi argi nuen. Arratsero bi soldadu baserrira lotara etortzen ziren eta ni ixil-ixilik egoten nintzen sukaldean egokitutako logela batean gorderik. Noiz behinka arratsetan zakurrarekin bueltaxka bat ematen nuen, haize pixkot hartzeko.

Egun batean serorak ikusi ninduen, serorak ez zituen nere izeba-osabak salatu. Beldurra eta segurtasun eza nagusi ziren baserrian. Urtebetez baserrian gorderik egon nintzen. Honen ondorioz, ezagun baten bitartez, osabak segituan neretzako paperak egin zituen, Frantziatik nentorren paperak hain zuzen ere.

Paperak lortuta, amonaren etxera joan nintzen. Hasieran, ez nintzen jendea begiratzera ausartzen ere, ikaragarrizko beldurra nuen. Eskolan hasi nintzen eta andereñoa, señorita Gloria, ezkertiarra zenez hagitz ongi tratatzen ninduen.

“Toque de queda” delako ezarri zuten eta Berako toki batzuetara joateko “salvoconducto” delakoa eraman behar zenuen. Bera soldaduz beterik zegoen. Arratsetan argi guztiak itzaliak egon behar zuten. Amonaren etxea harrobitik hurbil zegoenez, gauero tiroak aditzen genituen, harrobian jendea hiltzen zuten. Gorpuak kanposantura eramaten zituzten baina oraindik ere ez dakigu zein dagoen kanposantuko hilobi erraldoi horretan. Edozein hiltzen zuten. Beran beldurra nagusitu zen. Erailketak, salaketak…etengabeak ziren.

Gerra bukatu zenean, oraindik ere, monjak gaizki tratatzen gintuzten. Eskolan ginela, doktrina hartu behar genuen eta monjengana joan behar izaten genuen eta mauka motza nuenez, gela batean sartu eta irainka hasi zitzaizkidan, “gorrien” alaba nitzelako. Ni haurra nintzen baina argi nuen nere familiak ez zuela deus ere egin, nere atta Errepublika garaian zinegotzia zen eta fabrikan sindikalista baino argi nuen ez zuela deus ere egin eta “roja” deitzea berdin zitzaidan. Hala ere, izeba Maria Teresak Don Damiani monjena kontatu eta ordutik aintzinera eskolara doktrina ematera Don Damian apaiza etortzen zen.

1941-1942 inguruan, nere familia bueltatu zen eta nere atta urte t´erdiz kartzelan sartu zuten.

100 familia Beratik bota zituzten eta 3 bakarrik bueltatu ginen. Gure bizitza erabat izorratu zuten eta oraindik inork ere ez digu barkamenik eskatu, hala ere, nik ez dut euren barkamen eskaerarik nahi”.

Gure etxeko gazteei betidanik zaharrenek euren historia ezagutarazi digute, baina ematen du gure herrian ez zela holakorik bizitu, gehienak bueltatu ez zirelako, bueltatu zirenek eta bertze hainbertzek beldurra zutelako eta bertze batzuk sarraskiaren partaide izan zirelako.

Jende guzti hau zaharra da eta bizitza urte gutti izanen dutenez (azken urteotan aunitz hil dira, Rufino Prieto adibidez), idatzi hau probextu nahi dut merezi duten omenaldia eskaintzeko eta askatasunaren alde borrokatzeagatik eskertzeko.

GORA GAZTEXTEBAN! GORA ASKATASUNA!

Nahia Senper Mazizior.