JULIO CARO BAROJA GOGOAN
Jaio eta ehun urteren buruan
2014an, Julio Caro Baroja jaio zela 100 urte bete zirenean, antropologo eta etnografoaren lana eta bizitza gogora ekartzeko ekitaldi sorta antolatu zuten hura hurbiletik ezagutu zuten hainbat herritarrek, Berako Udalarekin batera, “Don Julioren arrastoa” izenburupean.
Argazkia: Rosa Mari Errandonea
Madrilen jaio arren, bere lana eta ikerketa, nagusiki, Beran garatu zuen, familiak duen Itzea etxean, eta hortik, bere lanetan, Bera, Bidasoako bailara, eta oro har, Euskal Herria etengabe errepikatzen diren lan-lerroak izatea. Joxe Migel Barandiaranekin batera, XX. mendeko euskal etnograforik garrantzitsuena izan zen, eta bere ikerketa-lanetan ohikoak izan ziren Euskal Herriko bizitza-ohiturak, sorginkeria eta mitologia, errituak, edota ordurako galbidean sartutako baserriaren ingurukoak.
Erakusketak, hitzaldiak, kontzertuak, antzerkia, omenaldi-ekitaldiak, argitalpenak… egin ziren Julio Caro Barojaren omenez, eta baita Berako Udalak sustatuta, EHUko udako ikastaroetako bat ere.