82 urte beranduago agurtu dute Miguel Bergara Bereau Aranztarra. 36ko gerra hasi eta guttira, tirokatu eta Otsaportilloko lezera bota zuten. 2017an hantxe aurkitu zituzten bere gorpuzkiak. Honela kontatu du Ttipi-Ttapa aldizkariak 2018ko uztailaren 12ko alean.

“Erail zutenetik 82 urtera, baina azkenean agur duina jaso du Miguel Bergara Bereauk. 1906an Atanborda baserrian sortua, 18 urterekin Olatzagutira joan zen lanera, bere bertze senide batzuk bezala. Han ezkondu zen, baina gazterik erail zuten: 30 urterekin, 1936ko abuztuaren 28an.

UGTko kidea zen. 1936ko gerra hasi zenean, bere senideek Olatzagutitik ihes egitea erabaki zuten, baina Miguel bertan gelditu zen. Matxinoek, ordea, hil egin zuten eta Otsaportilloko lezera bota. 2017ko azaroan, hantxe aurkitu zituzten bere gorpuzkiak Aranzadi Zientzia Elkartekoek. Hezur guztiak berreskuratu zituzten, baita kaskezurra ere, tiroaren zuloarekin.

Hori gogoan, ekainaren 30ean agur berezia egin zioten Olatzagutian. Memoriaren Parkean omenaldia egin ondotik, hilerrian bildu ziren, eta han lurperatu zituzten bere gorpuzkiak. Jende andana bildu zen eta tartean ziren Arantzatik joandako senitartekoak eta Arantzako udal ordezkariak”.