
Gaur egun oraindik, “koba” izena ematen zaio 1944 eta 1945 urteetatik aurrera diziplina-batailoietako eta ordezkapen-batailoietako soldaduek egindako bunker edo behaketa-postu honi, Ibardinen Okalarre izeneko eremuan dagoen eta Gartzin edo Peña Rata deituriko arkaitzean. Bisitari gehienek bere eraikuntzaren historia ez dute ezagutzen, ibilbide osoa egin ez dutelako batez ere. Postuaren eginkizun nagusiak, zegozkion defentsa-ekintzak behatzea eta zuzentzea eta, aldi berean, aginte-postu modura erabiltzea zirela uste da.

Ehun metro luze da bunkerra eta bere lurzorutik iragazketetako urak biltzeko ubide bat igarotzen da. Honi esker, barruan ur putzu eta gainezkatzeak ekiditen dira. Hiru kanoi-zulo eta bi sarrera ditu eta bertatik mugaren ikuspegi osoa eta ia 360º-ko ikuspegi panoramikoa dago. Zulo batetik ederki ikusten dira Ibardingo lepoa eta Bentak.
Behaketa gune hau, Frantziako mugatik gertu dagoen gune estrategiko batetik kilometro-erdi eskasera dago kokaturik. Dinamita erabiliz zulatu zen harkaitza. Bere inguruan, lau metrailadore habik babesten dute basea. Bigarren Mundu Gerra amaitzean egon zitezkeen aliatuen edo erbestean zeuden errepublikarren inbasioek sorturiko beldurragaitik Frantziarekiko mugan zehar defentsak nabarmen areagotu ziren. Berako lurretan soilik, mota guztietako gutxienez 140 gotorleku militar aurkitzen dira. Metrailadore habiak, mortero eta metrailadore antiaereentzako postuak, artilleria-kasamatak, bunkerrak, behaketa-postuak, etab. Guztien artean, bere neurri eta hura eraikitzeko behar izan zen lanagaitik, Okalarreko bunker edo behaketa-postu hau nabarmentzen da.
Aurelio Gutiérrez (moldatua)
Iruzkin berriak