2015. urtean Berako Udalak ondorengo mozioa onartu zuen: “Bigarren Mundu Gerran deportatuak, baztertuak, atxilotuak eta erailak izan ziren euskaldunen omenez eta batez ere errepresioa jasan zuten Berako herritarren oroimenez”. Desagertuen zerrendan Jose Rubio Delgado aipatzen zen.

2016Ko udan historian doktore den Xavier Tornafoch Udalarekin harremanetan jarri zen eta Jose Rubio Delgado ezagutu eta elkarrizketatzeko ohorea izan zuela erran zigun. Modu honetan hasiera batean desagertutzat ematen genuen gizon baten patua argitu ahal izan da.

Aipatu elkarrizketa 1988ko abenduan argitaratu zen “EL VILATA” aldizkariko 66. alean.  Xabier Tornafoch-ek Berako Udalari jakinarazten dio  Jose Rubio Delgado ez zela desagertu, baizik eta bigarren mundu gerran borrokatu ondoren eta presondegi ankerrei gailendu ondoren, Katalunian bizi izan zela urte luzez.

Ondoren datorrena EL VILATA aldizkarian argitaratu zen elkarrizketaren itzulpena da:

JOSE RUBIO DELGADO: ERREPUBLIKAKO KARABINERO BAT  MATHAUSEN-EN.

Jose Rubio A Coruñan jaio eta Bartzelona probintziako Gironella herrian bizi izan zen. Bere aita eta biak Errepublikaren aldeko karabineroak izan ziren. Josek konzentrazio-esparru nazien izugarrikeri eta ankerkeriak jasan zituen, baina aurretik espainiako gerra zibilean borrokatu zuen.

Jose Rubio Delgado 1917ko apirilaren 28an jaio zen A Coruñan, kasualitatez berak dioen bezala, bere familia Granadakoa baitzen. “Nire aita mugazaina edo karabineroa zen, gaur egun desagertua dagoen ordena publikoko talde honek beste gauza batzuen artean, aduanen kontroleko zereginak egiten zituen. Aita A Coruñan destinatua zegoenez han jaio nintzen ni”. Hasiera hasieratik bizitza zaila izan zuen. Lau urte zituela umezurtz gelditu zen. Gurasoak koleraz hil zitzaizkion A Coruñatik Malagako bidean. Aita hiri honetara destinatua zuten. Josek uste du Europan zehar edatu zen kolera izurritea Lehen Mundu Gerraren ondorio zuzena izan  zela.

HAURTZARO GOGOR BAT:

Zer egin zenuen umezurtz gelditu zinenean?

“Izeba batekin, Granadako La Herradura deitzen den herri batera joan nintzen bizitzera. Batzuetan eskolara joaten nintzen, baina gehienetan artzain lanetan aritu beharra izaten nuen. Nire herriaren pobrezia gogoratzen dut; mundu guztia orgaz zihoan. Autobusa Granadara joateko zegoen soilik. 10 urte nituela, hala ere, Mugazain-Karabinero Eskolara eraman ninduten, Escorialera. Han eskola bat bazen mugazainen umezurtzentzat. Oinarrizko ikasketak bertan bukatu nituen”.

“Oinarrizko ikasketak amaitu nituenean, mugazain izateko ikasi nuen, eta 1935eko maiatzaren 1ean, 18 urte bete berritan Berara destinatu ninduten Errepublikaren mugazain bezala, Irundik hurbil dagoen Nafarroako mugako herri batera alegia”.

GERRA ZIBILA:

Gerra Zibilaren hasierak Beran harrapatu zuen Jose Rubio. Nafarroa Mola jeneralari esker matxinoen menpe gelditu zen berehala.

Zer egin zenuen Gerra Zibila hasi zenean?

“Nafarroa matxinoen esku erori zenez Irunera joan ginen ihesi Errepublika defendatzera. Irunen borrokatu ginen 1936ko irailaren 4a arte.

Frantziatik Bartzelona aldera joan ginen karabineroen konpainia bat antolatu baitzen.

Konpainia berri honetan partaide nintzela, Cartagenara abiatu ginen Errepublikaren alde borrokatzera.Handik Guadarramara joan ginen Galan kapitainaren agindupean. Honen anaia Jacan fusilatu zuten 1930ean Errepublikaren alde konspiratzeagatik. Guadarramatik Ciudad Real aldera joan ginen. Han Francoren aurka borrokatu nahi zuten miliziano eta boluntarioak trebatu genituen. Ni garai hartan karabineroen teniente nintzen. Ciudad Realen Karabineroen 3. Brigada Mixtoa sortu zuten eta borrokara bueltatu ginen.”

3. Bigrada Mixtoarekin, Jose Rubio penitsulako zati handi batean zehar borrokan aritu zen.1936an Pozuelo de Alarcon-en zen. Handik Cordobara eta Pozoblancora. 1937an Madrid-era itzultzen da, “nazionalen” erasoari aurre egitera. Jose Rubiok ongi gogoratzen ditu Madrideko borroken baldintzak nolakoak ziren. “Gu fusil batekin borrokatzen ginen, eta Francoren armadak alemanen hegazkinak zituen (Junker) eta italiarrak ere (Fiat), gure lerroetan  hildako aunitz eragiten zituztenak.”

Gerra garaian bi aldiz izan zen Katalunian: 1937ko maiatzean Bartzelonan, komunisten eta anarkisten arteko enfrentamenduak geldi arazten, eta 1938an Segreko frentean.

1938an errepublikar gudarosteen atzerakada hasi ondoren, Jose Rubio Katalunia osoan barrena ibili zen, 1939ko otsailaren 16an Puerto Boun muga zeharkatu zuelarik.

GERRA ZIBILAREN ONDOREN:

“Saint-Cyprien konzentrazio-esparruan bukatu genuen. Ezin genuen handik alde egin eta hondartzan paseatzen ematen genuen eguna”.

2. Mundu Gerrra hastean Jose Rubiok Frantziako Atzerritar Boluntarioen XI. Erregimentuan eman zuen izena.

“Erregimentu hau segituan suntsitu zuten. Gu Maginot lerrotik aurrera borrokatzen ginen tropak ginen, eta honen ondorioz gure taldean hildako ugari izan zen. 200 lagunetik 20 gelditu ginen bizirik. Geroago  Frantziako Atzerritar Boluntarioen XD. Erregimentuan eman nuen izena. Verdun-en borrokatu ginen, 1940ko ekainaren 9an alemanen atzaparretan erori ginen arte”.

Alemanek preso hartu ondoren, Jose Rubio lan pelotoi batean jarri zuten. 30 laguneko taldea zen, hauetatik 9 espainiarrak zirelarik. Alemanentzako garia biltzen aritu ziren Belgika inguruan eta geroago  STALARG IX A  konzentrazio-esparrura eraman zituzten. “Han egun guztian futbolean aritzen ginen, bertze ezer egin gabe”. 1941an hasiko da Jose Rubioren erromesaldia Alemaniako espetxeetan, Mathausen-en bukatuko duelarik.

MATHAUSEN:.

Mathausen-era iritsi aurretik Jose, Frankfurt, Nuremberg eta Munich-eko espetxeetatik pasa zen. 1941eko apirilaren 28an, Danubion zehar iritsiko da  Mathausen-eko konzertrazio-esparrura bertze 28 espainiarrekin batera.

Zein zirrara eragin zizun Mathausen-ek?

“Hara iristean moralki lur jota geunden. Han zeuden espainiar batzuk infernura iritsi ginela erran ziguten . Oroitzen naiz sarreran hizkuntza desberdinetan idatzitako lelo bat zegoela: Hemendik hobekien aterako dena, burua besapean duela aterako da. Iritsiaz batera,  zorriak kendu, tutu malgu batekin dutxatu eta marradun jantzi bat eman ziguten. Jantziak ez zigun gehiegi babesten Alpeen ondoan ginela kontuan hartuz”.

Zein herrialdetako jendea zegoen  Mathausen-en?

“Ni nengoen barrakoian denetarik zegoen (alemanak, espainolak, poloniarrak, eta abar.) 200 espainiar inguru izango ginen guztira. Judutarrak aparte zeuden bertze barrakoi batzuetan kontzen zituzten”.

Erresistentzia talderik ba al zen?

“Mathausen-en ez zen erresistentzia talderik, ahal genuen bezala bizi ginen. Indartsuenaren legea zen. Denok jasotzen genuen egurra. Jipoi batek bertze mundura eraman ahal zintuen aisa.”

 Nola zen eguneroko bizitza Mathausen-en?

 “Hagitz gogorra. Goizeko 6tan ernatzen ginen eta harrobian lan egiten genuen eguerdi arte. Batzuetan harriak zamatzen genituen Danubio ibaian txalupetara. Goizetan altxatzean kafe pixkat gosaltzen genuen, kafea baino gehiago ur zikina zen hura”.

 “Eguerdiko 12:00tan  eltzekaria ematen ziguten, eta gaua arte lan egiten genuen. Orduan zerrenda pasatzen zuten. Kafe pixkot eta 300 gramo ogi banatzen zuten bortz pertsonako. Gaueko 10etan oheratzen ginen. Lurrean lo egiten genuen eta manta bakarra genuen bi pertsonentzat”.

Eta soldadu zaintzaileak zer moduzkoak ziren?

“Konzentrazio-esparruan SS-etako komandante bat zegoen.Ofizial eta soldadu guztiak ere (batzuk 15 urte ere ez zituzten) SS-etakoak ziren. Soldadu gazte haiek judutarren barrakoietan sartzen ziren eta burnizko barrekin jipoitzen zituzten. Judutarren oihuak entzuten genituen gure barrakoietatik. Ikatuak geunden, ez baigenekin guregana etorriko ziren ala ez.

 Presondegitik kanpoko norbaitekin komunikaziorik ba al zenuten?

“Ez. Kanpoan gertatzen zenaz ez genekien deus. Guztiz inkomunikatuak geunden.”

Handik bizirik aterako zinela uste zenuen?

“Ziur nintzen infernu hartan hilko nintzela. Oroitzen naiz norbaitek ihes egiten zuenean egun osoz jan gabe lan egitera zigortzen gintuztela, eta gau osoa plazan lerrokatu edo formatuak pasa behar izaten genuela lorik egin gabe. Iheslariak harrapatzen bazituzten denen aurrean urkatuak izaten ziren. Konzentrazio-esparruaren erdi erdian bi labe zeuden eta egun guztian ke beltza ateratzen zen tximinietatik”.

DACHAU.

Jose Rubio Mathausenetik atera zenean arma fabrika batean lan egiten egon zen, handik Dachauko konzentrazio-esparrura eraman zutelarik. “Toki hartan ez genuen deus egiten eta baldintzak Mathausen-en baino hobeak ziren. SS-koekin futbolean aritzen ginen egun osoz”. Dachau-n 1945eko hasiera arte egon zen eta handik Buchenwald-era eraman zuten.

BUCHENWALD.

“Buchenwald-eko konzentrazio-esparruan 1945ko urte hasieran sartu ninduten. Harrobi batean egin nuen lan. Toki honetan, antolatutako erresistentzia zegoen. Armak ezkutatzen aritu ziren eta nik ere talde hartako partaide egin nintzen. Nahiago nuen borrokan hil, preso gisa baino.”

Hain zuzen ere, Joseren askatzea  Buchenwald-en gertatu zen.

Nola izan zen?

“Egun batzuk lehenago amerikarrak tokia bonbardatzen hasiak ziren. Barrakoietatik ikusten genuen nola alemanek presoak kanpora atera eta fusilatzen zituzten. Ni nengoen barrakoitik ere atera gintuzten, baina ezkutatu egin nintzen eta bertze barrakoi batera joatea lortu nuen. Horrela eutsi nion bizitzari.”

Alemanek 1945eko apirilaren 1ean utzi zuten konzentrazio-esparrua. Presoek armak hartu eta ihesean zihoazen alemaniarren aurka borrokatu ziren, tropa amerikarrak iritsi arte.

“Amerikarrek armak itzultzera behartu gintuzten, eta hor bukatu zen dena. Oroitzen naiz amerikarren artean mexikar eta italiar dexente bazirela eta laster egin ginen beraien lagun.”

Konzentrazio-esparruak eta gero zer?

Askatasuna lortu ondoren Jose Rubio Frantziara itzuli zen, eta han egon zen bi hilabetez deus egin gabe. Gerrillari Taldean eman zuen izena (makiak), baina ez zen beraiekin borrokatu.

“Saint Laurent de la Salanque-n kokatu ninduten, Frantzia hegoaldeko herri nekazari baten, han bizi izan nintzen mahats-biltzaile bezala lan eginez. Frantziar estatuak nazionalitatea eskaini zidan baina ez nuen onartu, nahiz eta legearen aurrean frantsesa nintzen. 1000 franko ere eman zizkidaten frantziar armadako beterano gisa.”

GIRONELLA-RA ITZULERA:

“Gironella-ra 1958ko azaroan itzuli nintzen, orain nire emaztea den Dolores Riosekin ezkondu nintzelako, bera bertakoa baitzen. Frantzian ezagutu nuen  Saint Laurent herrian.”

Josek Quim de las Eras-en lan egin zuen habeak egiten, eta ondoren urte luzez aritu zen Gironellako Cal de Metron ehungitzan. Orain erretiratua dago. Ez zen inoiz Mathausen edo preso egondu zen bertze konzentrazio-esparruetara itzuli. Bartzelonako Amical Mathausen-eko kide da, eta Frantziak luzaturiko deportatu agiriaren jabe da. Josek dio Gironellan dagoenetik ez duela konzentrazio-esparruetan ezagututako kiderik berriro ikusi.

Jose Rubiok garai bateko zorigaitz, eta giza izugarrikeriaren biktima izan zenak, desio bat adierazten du patxada harrigarri batekin:

“Bakean bizi nahi dut. Ez dut inoiz ahaztuko bizi eta gertatu izan zaidana. Baina urte aunitz pasatu dira eta gertakari haietako protagonistak bertze belaunaldi batekoak dira.

Aurelio Gutierrez Martin—Bidasoa Ikerketa Zentroa