Tenore baten etxeko atarian hasi zen dena

Tenore baten etxeko atarian hasi zen dena

Gazte-gaztetandik agertu omen zuen kanturako zaletasuna Isidoro Fagoagak. 12-13 urte zituela elizako korurako frogak egitera joan zen bere ikaskideekin batera. Baztertu egin zuten, eta ezin izan zuen koruan kantatu. Gerora berak argitu zuenez, nerabezaroan ahotsa aldatzen ari zitzaiolako, ahots “mutua” omen zuen sasoi hartan, eta ezin zuen behar bezala kantatu. Handik gutira, 14 urterekin Argentinara joan zen, eta Buenos Airesko burdindegi batean hasi zen lanean. Lanean zegoen bitartean, bere kabuz kantatzen ikasten hasi zen. Burdindegiko lankideek irakasle batengana joatera animatu zuen, eta horrela, Romanini opera-kantari ohiarekin hasi zen. Colon Antzokiko operetara joaten hasi zen. Arrakasta handia zuen garai hartan Florencio Constantino tenore bilbotarrak. Bere etxeko atarian esperoan egon zen, agertu arte. Han hasi omen zen dena, tenorearen esperoan egoten jakin izan zuelako. Titta Ruffo kantari ospetsuarekin batera ailegatu zen Constantino. Bere burua aurkeztu zuen Fagoagak, eta etxera gonbidatu zuten. Constantino pianora eseri zen, eta Fagoaga kantuan hasi ordurako txunditu zituen Constantino eta Ruffo. Gomendio-gutunak eman zizkioten, eta Italiara kantura joan zedin animatu. 19 urte bertzerik ez zituen, eta Argentina utzi eta Italiara joan zen, kantuan ikasteko asmotan.

Milanen hasi zen kantu-eskolak hartzen, eta han zela, Parmako kontserbatorioan hutsune bat zegoela eta, han sartzeko frogak egin zituen. Irakasle partikularrak ezin zituenez ordaindu, kontserbatorioan sartzeko ahalegina egin zuen, eta baita lortu ere. Silva irakaslearekin ikasi zuen, harik eta I. Mundu Gerraren ondorioz, kontserbatorioa itxi zen arte. Berara itzuli behar izan zuen 1917an. “Basamortua” iruditu zitzaion jaioterria. Giro hartan, urte batzuk lehenxeago Berara bizitzera etorritako Baroja familia ezagutu zuen, eta Ricardorekin harremana egin zuen. Honek Iruñera joateko gomendioa egin zion, Diputazioari beka bat eskatzeko. Halaxe egin zuen. Beka eman zioten, eta Madrilera joan zen kantu-ikasketekin segitzera. Luis Iribarnerekin aritu zen ikasten, eta 1921ean, 27 urte zituela, Sanson y Dalilarekin debutatu zuen kantari profesional bezala. 16 urteko ibilbide oparo baten hasiera zen.

 

[segituko du]

Sigrfid Wagner (konpositorearen semea), Isidoro Fagoaga, Delman irakaslea eta E. Faltis (Wagnerren idazkaria), Bayreuth-en (Alemania).